2023-10-20

Eider Rodriguezen Eraikuntzareko materialak liburuaren harira irakurketak

 


Asteartean bildu ginen irakurle klubaren kurtso honetako lehenengo saiorako.

Eider Rodriguezen liburu hain pertsonalaren harira, Lesakako liburutegitik iradoki zuten aita-alaben harremanak gaitzat dituzten eleberriak proposatu genituen bileran eta hona dakartzagu bertan botatako batzuk:

 

Bere aitaren alaba, Anne Berest

Hiru ahizpa dira eleberri honetan protagonista. Bizitzak banatu egin ditu, baina gaur aitaren etxean bildu dira urtebetetze bazkari baten kariaz. Oroitzapenak sortzen dira haurtzaroko beren etxera itzuli direnean. Keinu urduriak, mingainean trabatzen diren hitzak, mahaiaren inguruan esertzera lehiatzen diren haserreak... Postre garaian, berriz, luze ernemuindutako bonba lehertu da: komentario zaurigarri baten ondoren, familiako sekretu bat agerian geratzen da, eta hiru ahizpen bizitza ez da aurrerantzean bera izango.

 

Amaren heriotzak libreago egin ninduen, Mari Luz Esteban

Ausardia xehez, Mari Luz Estebanek bizitza berrizendatzeko prest dauden emakumeen egia idazten du, inoren alaba, ama edo bikote ez direnean.

 

La familia, Sara Mesa

«Familia honetan ez dago sekreturik!», aldarrikatzen du liburuaren hasieran Damian, familiako aitak, ideia eta ideal finkodun gizona, zuzentasunarekin eta pedagogiarekin obsesionatua. Baina sekreturik gabeko etxe hori pitzaduraz beteta dago, eta hormen artean arnasten den zapalkuntzak ihesbideak, kode klandestinoak, ezkutaketak, itxurakeriak eta gezurrak sortuko ditu.

 

Nola banandu nintzen neure alaba eta neure ia-semearengandik, Lydia Flem (Joxan Elosegi itz.)

Hilabete batzuk lehenagotik nerabilen ideia hura gogoan. Etxea utzi beharra zuen gure alabak, bere hegoez hegaldatzen ikasiko bazuen. Mundu zabala ezagutzeko garaia zuen dagoeneko Sophiek, etxetik urrun, guregandik urrun. Eztiki maite izan genuen ordura arte, maiteegi beharbada. Zergatik ez gure alaba atzerrira igorri, beste hizkuntza bat, beste kultura bat, ikastera, beste bizimodu, beste pentsamolde batzuen ezagutza egitera? Zergatik ez aukera eman desberdintasunen, urruntzeen, aldentzeen bidez, bakarrik moldatzeko, bere lekua betetzeko, beretzat ona dena hautatzeko, bere erreferentziak, bere intuizioak, bere nahiak sendotzeko?

 

Vengo de ese miedo, Miguel Ángel Oeste

Aitaren ondoan egoteko beldurrak geldiarazi egiten du liburuaren egilea. Bisitatzeko gai ez denez, bere familiari buruz idaztea erabakitzen du aita horren testigantza kontuan hartu gabe. Ama, hogei urte baino gutxiagoko emakume ederra, liluratu egin zuen aitak, adiskideen artean xarma handia zuen gizona, eta oso eskuzabala bere ingurukoekin, baina etxean tratu txarrak ematen zituen egozentriko hutsa.

 

Fun home, Alison Bechdel

Alisonen aita ingeleseko irakaslea da eta antigualeko gauzak biltzen eta zaharberritzen ditu hobby gisa. Gauzak horrela, bere hobbya erabiltzen du familiaren etxe biktoriarra zaharberritzeko. Aita urruna da eta ez du inoiz bere sexu-joera, homosexuala argi eta garbi, publiko egin. Aldi berean komikoa eta atsekabegarria den narratiba bisual baten bitartez, Alisonek bere konplexuetara hurbilduko gaitu, bere lekua aurkitzeko borrokara. Amaia Alvarezek proposatu zuen antzekotasun hau bere kritikan.

 

Adiós fantasmas, Nadia Terranova

Ida Messinara itzuliko da, salgai jarri aurretik, hazi zen etxea ordenatzen laguntzeko amari. Objektuz eta oroitzapenez inguratuta, bere iraganaren zein zati gordeko duen eta zein utziko duen joaten erabaki beharko du. Bien bitartean, aitaren bat-batean desagerpena eta etxeko mamu bihurtu izan dena, geletan barrena dabilela dirudi, eta pitzadura bakoitzean, hormetako hezetasunean eta amaren eta alabaren arteko elkarrizketa eta isilune guztietan agertuko da.

 

Si no amaneciera, Ayanta Barilli

Aita bat. Alaba bat. Aurrez aurre. Begiradari eusteko jolasean dabiltza. Begi-ninien kristala zeharkatzen dute, iraganaren amildegian eroriz, pelikula bateko fotogramen kliska aurkituko dute. Beraien bizitzarena.

 

La mariposa negra, Barbara Vine (Ruth Rendell)

Gerald Candless nobelagile ospetsua bat-batean hil da. Bere alargun Ursularentzat, oroitzapen nahasgarri eta misteriotsuekin kontuak egiteko unea da; bere editorearentzat, nobelagile zenaren alabari bere aitari buruzko obra bat proposatzeko aukera.

 

La hija del Este, Clara Usón

Ana gazte argia da, irritsua eta sentibera, eta harreman maitagarria du aitarekin. Bere istorioa tragedia bihurtzen da beste ikasle batzuekin batera Moskura joan eta han bere aita maitearen aurpegi ezkutua ezagutzen duenean, izaki krudel eta gupidagabea. Belgradeko etxera itzultzean, ezer ez da izango lehen bezala.

 

Demonios familiares, Ana María Matute

1936ko uztaila. Eva familiaren etxera itzultzen da nobizia modura zegoen komentua erre ondoren. Bere aita, koronela, gizon kontserbadore eta autoritarioa, alaba beti maitasun urrunez tratatu duena, paralitikoa da aspaldidanik, eta bere etxaldea gurpil-aulkitik zuzentzen du, Yagoren laguntzarekin, sekretu handiko pertsonaia iluna.

 

Heredarás la tierra, Jane Smiley

Lau belaunaldiz familiakoak izan diren mila akreak bere hiru alaben artean banatzea erabaki du Larry Crookek. Denak jarraituko zuen berdin Larry Cook zaharra, bat-batean, halako zahartzaroko dementzia batean, paisaian barrena kamionetan ibiltzen hasiko ez bazen. Sarriago mozkortzen  hasi da eta ohi baino bortitzago agertuko da. Ahizpak ikaratu egingo dira eta ezingo dute eutsi aita higuingarri huts bezala ikusteari.