Eguneraketa (2024-05-23): Ekaineko bileraren data astebetez aurreratu egin behar izan dugu eta Ekainaren 11an ospatuko da kurtsoko azken bilera.
Eguneraketa (20233-12-05): Datorren urtean izango ditugun liburuekin eta hitzorduekin eguneratu dugu mezua.
Beste urte batez ere aurrera egingo dugu Yurre Ugartek dinamizatzen duen irakurle klubarekin.
Hilabetero, hirugarren asteartean bilduko gara arratsaldeko sei eta erdietan Kultur Leioako bosgarren solairuan dagoen bosgarren tailerrean eta aurretik proposatuko liburuen inguruan berriketan emango dugu hurrengo ordu eta erdia.
Irakurketak partekatzeko gogorik izanez gero, eman izena liburutegiaren webguneko formularioan eta zurekin jarriko gara harremanetan proposatuko liburuen aleak eskaintzeko.
Hauek dituzue aurtengo proposamenak:
Urriak 17
Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.
Azaroak 21
Zoriontsuak izatea erabaki genuen, Mikel Ayllon
Anjak lana, familia eta sorterria utziko ditu, ezagutu duen maitearen atzetik joatearren Marcok haurtzaroko mendietako mamuak ahaztu nahiko ditu itsas lainoen artean Rosalía beretik eman eta eman ariko da, ordainetan deus gutxi eskatu gabe Amaiak ez du bere institutuko lagunen moduan amaitu nahi Izaskunek badaki beste pertsonei nola lagundu, bere buruarekin asmatzea falta. Zoriontsu izan nahi dute istorio hauetako protagonistek, baina badakite zoriona ez dela iragarkietako zelofanetan bildutako opari hori are, susmatzen dute, ahaleginduagatik ere, ez zaiela trukean etorriko betiereko paradisurik. Baina ezin bertan goxo geratu, ezin etsi. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi du Mikel Ayllonek ipuin-bilduma eder honi esker, non hitzek edertasuna bilatzen duten, non edertasuna istorio baten zerbitzura dagoen, eta non istorio horrek gogoeta eginaraziko digun bizitzaren zentzuaz, eta baita geure bizimoduaz ere.
Abenduak 19
Hain gutun luzea, Mariama Bâ (Jokin Otaegi itz.)
Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat da Hain gutun luzea. Nobela hau irakurtzeak, Afrikako tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Ramatulayeren begiradari eta ahotsari esker, irakurleak poligamiaren esperientzia hurbiletik biziko du, baita Senegalgo errealitatearen beste ertz zenbait ere: kolonizazioa eta deskolonizazioa, familia eta emakumeen eskubideak, hezkuntza eta eguneroko bizimodua… Nitik gurantz edo, alderantziz, orokorretik partikularrerantz abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu.
Urtarrilak 23
Haragizko erreformak, Mari Luz Esteban
Mari Luz Estebanek poema-bilduma guztietan harreman-sareetan arakatu du, gutasunak zein nitasunak gorpuztean elkarrekiko harremanek, afektuek eta pentsamenduek zer-nolako eragina duten poetikoki adieraziz. Bilduma honetan, genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan zein linguistikoetan arakatu du, askotariko adarkatzeez osaturiko genealogia afektibo eta politikoak poetikoki gorpuzteko.
Otsailak 20
Dalloway andrea, Virginia Woolf (Itziar Diez de Ultzurrun itz.)
Eleberri honetan Clarissaren bizitzaren egun bat kontatzen da. Goi mailako dama, diputatu kontserbadore batekin ezkondua eta nerabe baten ama, 1923ko goiz eguzkitsu batean jai festa bat antolatzen du Dallowaytarren etxean. Gonbidatuak erretiratzen hasten direnera arte lagunduko dugu Dalloway andrea. Liburu honetan, gainera, Woolfen beraren "Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea" hitzaldiaren itzulpena ere badago gure herrikidea den Ana I. Moralesek emana.
Martxoak 19
Itzalen distira, Arrate Egaña (egilea dator)
Oroitzapen gogaikarri bat atzean uzteko beharra duen preso ohia. Aitaren hileta-elizkizuna fede-krisi betean dagoen apaizaren esku utzi nahi duen andre ateoa. Leihotik ikusten duen neskatxa batenganako obsesioak jotako atsoa… Ipuinen protagonistek, harrapatuta dauzkaten egoera tragikomikoetatik abiatuta, aurre egin beharko diete obsesioari, ihes egiten dien denborari, heriotzari edota sakrifizioari. Arrotza zaiguna ulertzeko aukera emango digu Arrate Egañaren bilduma honek.
Apirilak 23
Desertuan behatxuloa, Anjel Lertxundi
Anjel Lertxundik baliabide literarioekin pentsatzen du, gizateriaz, munduaz, euskal giroaz, irakurketaz, pandemiaz, heziketaz, gaur-gaurko arazoez. Pentsamenduaren eta literaturaren tradizioa baliatzen du, aipuz aipu, txoko-miran. Gutxitan gonbidatzen gaitu idazle batek bere etxera, bere laneko mahaira, bere ohe eta ametsetara; gutxitan erakusten dizkigu idazle batek zuzen-zuzenean bere baitako labirintoak, bere bihotzeko txokoak. Liburu honek ostatu ematen dio irakurleari idazlearen etxean eta gogamenean.
Maiatzak 21
Pasio hutsa, Annie Ernaux (Joseba Urteaga itz.)
Emakume kultu, adimentsu, ekonomikoki independente, dibortziatu eta seme-alaba nagusiak ditu eta, hala ere, Ekialdeko herrialde bateko diplomatiko bategatik galduko du burua. Annie Ernauxen idazkera aseptiko eta biluziak, edozein emakumek — eta edozein gizonek? —, munduko edozein lekutan, gutxienez behin, bere bizitzan izan duen nahaste sukartsu, extasiatu eta suntsitzailean intsektu bat behatzen duen entomologo baten zehaztasunarekin lortzen du sartzea irakurlea.
Ekainak 18
Moio: godetzea ezinezkoa zen, Kattalin Miner
Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren Aimar Elosegi Ansa “Moio” hil zenean. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer geratu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erdietsi zituen kasua? Hipotesi horretatik abiatuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen digularik.
Irakurle klubaren inguruko informazio gehiago eta izena emateko aukera liburutegiko webgunean.
0 comentarios: to “ Euskara irakurle kluba 2023-2024 ”
Post a Comment