2023-05-23

Juul sariak 2023

2023ko Juul irakurketa sustatzeko kanpainaren liburuen azalak

 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen duen irakurketa sustatzeko Juul kanpainak 25 urte betetzen ditu aurten (Gau eta egun, liburuak lagun!). 

Haur eta gazte liburutegiko sarrerako apalategian erakusketa antolatu dugu aurtengo saridunekin (zerrenda osoa Juul kanpainaren webgunean).

Hona 2023ko Juul kanpainan bozkatuenetako lanak eta egileak:

 

A kategoria

Basoan barna, Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi"

Gaztetan ehiztaria izan ondoren, zahartutakoan, argazkilari bihurtutako aitonaren eta bilobaren istorio da hau, xume bezain dotore kontatuta. Basoak eta bertako bizitzak erakarrita, aitonaren eskutik naturaren lilura ezagutuko du neskatxak.

 

Peru sagutxoa, Joe Todd-Stanton; Amets Santxez Munain itz.

Peru sagutxoa betidanik bizi da bere kasa, eta halaxe bizitzea gustatzen zaio. Baina ustekabeko gonbidatu bat afaritara etorri ondoren, betiko errutinara itzuliko al da?

 

Nirea da! (Xamuk esan du), Caryl Hart

Gaur, Xamuk zerbait aurkitu du... Bai biguna! Bai polita! Bai goxoa! Puntxi deituko dizut. Eta Puntxi beste norbaitena bada?

 

B kategoria

Galdu dena, azaldu dadila!, Garazi Kamio; Julen Ribas ir.

Hirian desagertu dira Olaiaren ama, Ekhiren aita, Lukaren amonak eta Miaren osaba. A zer despistatu-kuadrilla! Eta orain zer? Nondik hasi bila?

 

Opari ezberdin bat, Marta Azcona; Rosa Osuna ir.; Eva Linazasoro itz.

Tristanek gortinetatik soberan zuen oihal zati bat oparitu zion Martxelo lagunari. Azken honek nahiago zuen ziba bat oparitu izan balio, baina, azkenean oso eskerturik azalduko da oihal zati xume batek izan ditzakeen erabilera anitzak ikusi ondoren: garbitzeko, eguzkiarengandik babesteko, ibai bat zeharkatzeko, hotzik ez pasatzeko, arriskuetatik ihes egiteko…

 

Katta ilargirantz (Katta; 12), Miren Agur Meabe

Ilargiari bisita egin nahi diote Kattak eta lagunek galdera bat egiteko. Ilargiak berak irakatsiko die nola igo espaziora. Eta badoaz bilintx-balantx…

 

C Kategoria

Onin eta arimen gaua (Onin; 9), Ibon Martin; Emmanuel Montiel ir.; Aiora Jaka Irizar itz.

Madame Galette zital horrek urteko festarik beldurgarriena zapuztu nahi digu bere trikimailu madarikatuekin. Ikusi duzu inoiz intsektuz beteriko bizkotxorik? Eta herensuge-muki likatsuzko tranparik? Galdu zara inoiz labirinto sorgindu batean? Ba hori guztia eta askoz gehiago eskainiko digu abentura honek. Ireki liburua, eta ikusiko duzu zenbat gauza gerta daitezkeen gau misteriotsu honetan.

 

Kixkur eta Pinttoren arreba, Iñigo Astiz; Mikel Valverde ir.

Pinttok, abestiko Pintto famatu horrexek Pintto, Pintto, gure txakurra da ta, Pintto, Pintto bere izena du bazuen arreba txiki bat Kixkur izenekoa. Hau da bere istorioa.

 

Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk, Leire Bilbao; Maite Mutuberria (ir.)

Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, gure inguruan hamaika eta bat soinu daude. Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, musika sortzen etengabe. Esnatzen garenetik lokartzen garen arte, gurekin batera dantzatzen dute. Eta lo gaudenean ere…

 

D Kategoria

7G Udalekuak, Nerea Loiola

Arriskuak, dilemak, eta abenturak aurkituko dituzu. Erabakiak hartu beharko dituzu eta enigmak ebatzi. Zure gaitasunak eta adimena erabili beharko dituzu. Erabaki txar batek hondamendia eragin lezake… Istorio honetan zu zara protagonista eta gertatuko dena ZURE eskuetan dago.

 

Argixorgin, Estibaliz Vivanco, Josevisky ir.

Illarek zailtasunak ditu batzuetan zuzen ahoskatzeko; batez ere, jende aurrean irakurri behar duenean, eskolan esate baterako. Horregatik, alabari lagunduko dion logopeda bat etxera eramatea erabakiko dute gurasoek: Agate. Dena den, Agate etxera sartzen denetik, Illareri ez zaio parte onekoa iruditzen.

 

Asteburu bat eskiatzen (Go!azen; 4), Jasone Osoro; Alai Zubimendi Idarreta ir.

Lagun-taldea berriz elkartzeko irrikitan dago, baina Basakabi eta uda urrun geratzen dira oraindik. Horregatik, asteburu bat eskiatzen pasatzea erabaki dute. Batzuek primeran eskiatzen dute; beste batzuek, berriz, ideiarik ez. Hala ere, nor bere erara ongi pasatzen saiatuko da.

 

E Kategoria

Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.

 

Hormak, Oihana Iguaran

Institutuko sarrerako horman LEA PUTA idatzita aurkitu dute ikasleek, eta ikusi orduko, azpijanean hasi dira guztiak Leak halako mezua jasotzeko zein arrazoi ote dauden jakiteko. Pintadak, halere, ikaskideen artean dauden beste hamaika horma jarriko ditu agerian.

 

Beti Iparralderantz, Jon Arretxe

Senegaletik hurbil dagoen herri batean jaio zen Drissa. Han bizi izan da bere gurasoekin eta bi anai-arrebekin eta haurtzaroaren gomuta atseginak ditu, baina egun zoritxarreko batean aitak lanpostua galdu eta Europa aldera joan zen ogi bila. Hamahiru urte betetzean aitaren bila abiatuko da Drissa, milaka kilometroko bidaian.

 

F Kategoria

Bihurguneko nasa, Uxue Apaolaza

Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei.

 

Ilustratzaileak


Aurreko urteetako saridunak blogean:


0 comentarios: to “ Juul sariak 2023