Atzoko (maiatzak 16) irakurle klubean Ingeborg Bachmannen Aldibereko kontakizun-bilduma izan genuen berbagai eta Joannes Jauregik Berrian argitaratutako kritikaz gain, Idoia Santamaria Urkaregik maisuki burututako liburuaren itzulpenaren xehetasunak azaltzen zituen artikulua Senez aldizkarian aipatu zen.
Hauetaz gain, egilearekin zerikusia zuten beste hainbat liburu mahaigaineratu ziren. Hona zerrenda antzeko bat:
Ingeborg Bachmann (Munduko poesia kaierak; 10), Nagore Tolosa itz.
Alemaniako gerraondoko idazle gehienek egoera muturreko bati egin behar izan zioten aurre. Ez soilik materialki herrialde suntsitu bat berreraiki behar izan zutelako, baizik eta kulturalki, nazismoaren ondoren, idazteari esanahai berri bat aurkitu behar izan ziotelako. (Beñat Sarasola hitzaurrean). Liburua osorik Susaren webgunean.
Paul Celan (Munduko poesia kaierak; 15), Xabier Montoia itz.
XX. mendeko bigarren erdiko poeta europar garrantzitsuena da Paul Celan zenbait kritikariren ustez. Bigarren Mundu Gerra piztu eta 1941ean naziak Errumanian sartzearekin, lehenengo ghetto batean atxiki zuten, eta geroago kontzentrazio esparru batera eraman. Urtebete eta zenbait hilabete han igaro ostean, Armada Gorriak esparrua liberatu zuen 1944ko hastapenetan eta Celan libre geratu zen. Luze gabe Vienara joan zen bizitzera eta han ezagutu zuen beste poeta handi bat, Ingeborg Bachmann. (Beñat Sarasola hitzaurrean). Liburua osorik Susaren webgunean.
Tratatu logiko-filosofikoa : filosofia-azterketak, Ludwig Wittgenstein; Ibon Uribarri Zenekorta itz.
Sinbolismoaren printzipioetatik eta edozein hizkuntzatan hitzen eta gauzen arteko beharrezko erlazioetatik abiatuz, ikerketa honen emaitza filosofia tradizionalaren hainbat adarretan aplikatzen du, kasu bakoitzean erakutsiz nola filosofia tradizionala eta irtenbide tradizionalak sinbolismoaren printzipioen ezjakintasunetik eta hizkuntzaren erabilera okerretik datozen.
Törless ikaslearen nahasmenduak, Robert Musil; Koldo Morales Belda itz.
"Ezaugarririk gabeko gizona"ren egileak eskola militar baten giro itogarri eta hermetikoa deskribatzen du, une historiko eta sozial batean, armada eta gorputz martziala harrotzeko arrazoi nagusia izateaz gain, adierazpen patriotiko gorena ere baziren garai hartan.
Epailea eta haren borreroa, Friedrich Dürrenmatt; Idoia Santamaría Urkaregi itz.
Epailea eta haren borreroa, nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari, hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua, beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala. Dürrenmatten lanetan, izan ere, beti agertzen da ustekabeak arrazoimenaren logika hausteko duen indarra, eta nobela honetan, zehazki, ustekabe batek dakar lehen planora liburuko istorio nagusia. Liburu hau irakurle klubean jorratu genuen orain dela urte batzuk, hemen erabilitako gidoia)
Alferrikaldua, Thomas Bernhard; Ibon Uribarri Zenekorta itz.
Hiru musikariren arteko harremanek osatzen dute eleberriaren mamia. Salzburg-en ezagutu dute elkar Horowitz maisuak Mozarteum eskolan emango duen ikastaro berezi batean parte hartzeko. Berehala gertakizun erabakigarri bat: musikari horietako batek, gero Glenn Gould piano-jotzaile ospetsua izango denak, Bachen Goldberg bariazioak jotzen ditu maisuki. Hori heriotza-kolpea izango da beste bientzat: piano-jotzaile oso onak diren arren, inoiz ez dira izango Glenn Gould bezain onak.
Bizian argitaratuak, Franz Kafka; Naroa Zubillaga itz.
Metamorfosiaz gain, Kafkak ere beste hainbat istorio idatzi zituen. Hona bizi zela argitara eman zituen 39 kontakizun bere literaturaren adierazle paregabeak direlarik.
Atezainaren larria penalti-jaurtiketan, Peter Handke; Joxe Mari Berasategi Zurutza itz.
Josef Bloch, ez lanik ez lagunik ez inongo euskarririk ez duela, galduta ibiliko da, hirian lehenik, mugaldeko landa-herrixka batean gero; tartean gertatuko zaizkio hainbat abentura eta gorabehera, baita ezaxolaz bezala kontatutako krimen bat ere, guztia xeheki kontatua, zehatzaren zehatzez azkenean zentzugabea emateraino.
Proleterka, Fleur Jaeggy; Miren Iriarte eta Fernando Rey itz.
Proleterka nobela labur eta bitxi honetan, kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean, berrogeita hamar urte beteta hain zuzen. Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Liburu hau ere iaz irakurri genuen.
Homo faber, Max Frisch; Joxe Austin Arrieta itz.
Walter Faber, Unescorentzat lan egiten duen ingeniaria, pentsamolde pragmatikoko eta zalantza existentzialik gabeko pertsonaia da. Probabilitateen legea nagusi den mundu batean, Faber teknologia baten zerbitzura bizi da, zeinaren arabera ukigarria, kalkula daitekeena, existitzen den. Aereo istripu batek, aspaldiko erru bat dakarren maitasun harreman batek eta ustekabeko beste gertakari batzuek Faberren pentsamoldea minaren zentzuan sartzen dute.
0 comentarios: to “ Ingeborg Bachmanen Aldibereko liburuaren harira irakurketak ”
Post a Comment