2023-04-18

Berriz zentauroren irakurketak

Katixa Agirre Leioako liburutegian 2023ko apirilaren 18an

Gaur, apirilak 18, Katixa Agirre (@katixagirre) izango dugu liburutegian Berriz zentauro bere eleberriaz berba egiteko (info gehiago liburutegiko webgunean).

Iñigo Martinezen liburuarekin gertatu zen moduan, Katixa Agirreren eleberriarekin hainbat irakurketen atea zabaldu zaigu ere. Hona horietako batzuk (ezelango ordena berezi barik).

 

Jon Miranderen gutunak (1948-1972), Jon Mirande; (Patri Urkizu ed.)

«Paulak berak ere irakurri gabe zeukan gutun hura, gutun gehienak egia esanda, XX. mendearen amaieran Susa argitaletxeak plazaratutako konpilazioaren iraulketa hutsa egin baitzuten modulua osatzeko»

 

Haur besoetakoa, Jon Mirande

«Kantzelazioaren urteak igaroak ziren, orain hezkuntza eta literatura sistemak ados zeuden: Jon Miranderen lana berreskuratu beharra zegoen, maisulanak baitzeuden hor ezkutatuta, euskal literaturaren historia mehe eta pobreak ezin zion bere buruari horrelako luma nabarmena galtzeko baimena eman.»

 

Minotauro, Txomin Peillen

«Paula ez zegoen hain ziur. Bere garaian ez zen eskolan [Jon Mirande] ikasten, eta ez zuen faltan bota izan. Hozkirri antzeko bat sentitzen zuen aurpegi arrunt horri begira, erresuminez bereiko hitz horiek irakurriz. Antipatikoa zitzaion oso.» Eleberri 'moral' honetan, hamaika urteko neska baten bortxaketa kontatzen da, baina, bereziki, eraso lazgarriaren ondoren neskatoak bere burua berreraikitzeko ibili beharko duen bideaz eta bide horretan bi neska lagunen adiskidantzak izango duen garrantziaz egiten da berba. Mirandek pedofiliaren xarma erakutsi nahi zuen, eta nik, kontrakoa, baina neskaren ikuspuntutik zioen Peillenek Berrian argitararatuko elkarrizketa honetan.

 

Vindicación de los derechos de la mujer, Mary Wollstonecraft

Paula Parisera joan da Mary Wollstonecraften pausuen atzetik berari buruzko hezkuntza-modulu bat sortzeko asmoarekin. Ezingo litzateke Wollstonecraften obrarik eraginkorrenetarikoa alde batera utzi. Lan hau teoria feminista garaikidearen funtsezko zutabeetako bat da. 1792an idatzia, emakumea Ilustrazioaren printzipio unibertsaletan sartzeari ekin zion, baita berdintasun-printzipioa, hezkuntza eta aurreiritzien emantzipazioa aplikatzeari ere.

 

Frankenstein: edo Prometeo modernoa, Mary Shelley; Iñigo Errasti Aranbarri (itz.)

«Zer egin iluntasunetik bueltan ekartzen zaituztenean, zeure borondatearen kontra, eta munduak mundu izaten jarraitzen duela eta zuk abandonatuta jarraitzen duzula ikusten duzunean? Antzeko galdera egingo zion bere buruari Mary Shelleyk Frankenstein idazteko bulkada sentitu zuenean. Amarengandik jaso zuen, herentzia isilean, garraztasun hori bera.» Hemezortzi urte zituen Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuenean. Hor sortu zuen azken mito modernoetako bat, etorkizun bikaina izango zuena, eta zinemari esker gaur egun ere ondo bizirik dirauena. Gaurko ikuspegitik, dena dela, garbi dago munstro bat sortu zuen doktore burubero samar baten istorioa baino gehixeago dela. Izango ote zen ama erretzeko gogoaren isla?

 

El muro, John Lanchester

«Medioek erakusten zuten panorama ez zen oso tentagarria, gainera. Isolamendua, istiluak, beti kanpokoak pagaburu bihurtzea. Joera bera zen Europa osoan, baina Paulak inpresioa zeukan, irla bat izanda, eta itsasoan barrena bidaiatzeko zailtasunekin, dena anplifikatzen zela han.» Liburu honen erlazioa apur bat ileetatik oratuta dator baina interesgarria iruditu zait Lanchesterrek irudikatutako Bretainia Handiko panoramaren antzekotasuna liburuan agertzen denarekin.

 

Alguien camina sobre tu tumba: mis viajes a cementerios, Mariana Enriquez

«Egiatan, proiektu bati bueltaka dabil aspaldi, garai bateko nekroturismoaren moda itzularaziko duena, baina hobetuta: kontua ez da izango ospetsuak lurperatuta dauden hilerriak bisitatzea, baizik eta haien heriotzaren tokia eta zirkunstantziak bertatik bertara ikustea, eta are akzioaren parte bihurtzea ere» Beste liburu honen aipamena ere besapeko ileen puntetatik tiratuta dator baina Paularen modulua argiratzen den bitartean zer hobe nekroturismoaren klasiko hau baino.

 

Creep, Philipp Winkler

Eleberri honetako protagonistetako batek etxean erabiltzeko zaintza-kamerak eskaintzen dituen enpresa teknologiko batean egiten du lan. Bestea ia hikikomori bat da, bere logelatik irteten ez den japoniar gazte horietako bat, kasu honetan aitaren heriotzak traumatizatua. Autoreak hipermodernismo digitalak errealitatea eta bizitza nola desitxuratzen dituen eta bakoitzaren barruan dagoen iluntasunetik ihes egiteko edozer egiteko nola gai garen erakusten digu.

 

Persianas metálicas bajan de golpe, Marta Sanz

Eleberri honek Land in Blue (Rapsodia) deituriko etorkizuneko munduan kokatzen gaitu. Bertan, emakume heldu bat Flor Azulekin bizi da. Dron bat zeinerekin aktore baten ahotsa den bere lagun Bibirekin hitz egiten duen. Emakumea, bakartia eta oroimenik gabea, bere alabengandik bananduta bizi da, Oihana eta Tina, bakoitza dron banagatik ere babestuta eta zainduta: Obsolescencia dron zahar eta desliluratua eta Cucú dron nerabea. Eleberri gehiago, non harreman digitalak eta haragizkoa ere Katixaren eleberriaren antzekoen modura nahasten diren.

 

Taksim, Juan Sardá

Pertsonaiak traumatikoki erlazionatzeko izango duten joera aurreikusten duen beste eleberri bat. Oraingoan, 2080an gaude, eta III. Mundu Gerraren ondoren, unibertso ultralehiakor bat ezarri da, non gizakiak elkarrengandik hain beldurtuta daudenez, nahiago dute harremanak robotekin izatea. Testuinguru horretan, protagonistak beste gizon batekin ezkondu izana iruzurra izan dela onartzen ikasi beharko du, eta bere erru-zentzuari aurre egin beharko dio. Ez naiz liburua irakurtzera ausartu Cyberdarken kritika suntsigarri honen ondoren, baina ezin da ukatu deskribatzen diren harreman motak Katixaren eleberrian planteatzen den areto gorrietako harremanen ikuspegiarekin nolabaiteko antza ere badutela («Ez bustitzea da zatirik onena»).

 

Valle inquietante, Anna Wiener

«Teorilari batzuek uncanny kontzeptua erabiltzen dute, gauzak errealistegiak suertatzen direnean sortzen den durduza eta desorientazioa deskribatzeko.» Liburu honen jatorrizko izenburuak estetikaren hipotesi honen izena hartzen du (Uncanny Valley) eta teknologi-enpresa ezagunenak egoitza duten Silicon Valleyn suertatzen den alde iluna aurkezten digu. Oso liburu gomendagarria enpresa teknologikoetan behar egiten dutenen beste eleberri batzuekin ere bateratu daitekeena: klasikoagoak diren Max Barryren La corporación, Neal Stephensonen Snowcrash edo Richard Morganen Leyes de mercado, edo berriagoak diren Dave Eggersen El círculo eta jarraitzen dion El todo eta Marc-Uwe Klingen QualityLandak.

 

Walkaway, Cory Doctorow

Hubert Vernon Rudolph Clayton… (lagunentzat Hubert Etc) zaharregia zen festa komunista hartan egoteko. Baina gizarte modernoaren hondamena ikusi ondoren, ez zaio beste lekurik geratzen, festa-gaua pasatzen duten eta goizean ikusten dituzten ardiak mespretxatzen dituzten pozik ez dauden gazte-saldo haren artean izan ezik. Igeltsu meategiko jaiaren irudia bat dator eleberri honen hasierako eszenarekin. Zientzia-fikzioaren atalean katalogatuta eduki arren, egia bihurtzeko aukera asko dituzten joera birtualak eta sozialak bereizten dakien autorea dugu Doctorow eta eleberri honetan geroari buruzko itxaropen-printza bat eskeintzen jakin izan du.

 

Aire, Geoff Ryman

Hona beste liburu itxaropentsu bat. Maeren herria da sarera konektatzen azkena. Baina orain zerbait berria dago, konexiorik edo ordenagailurik behar ez duena: airea. Komunikazio-teknologia berri bat Interneten onurak guztion eskura jartzen dituena, nahi ala ez. Ezerk ezin du gelditu. Rymanek teknologia berrien erabilerari buruzko ikuspegi itxaropentsua lortu du eleberri honekin eta emakume bat eta bere kultura ahalduntzea zelan lortzen duten erakutsiko dizkigu. Geroari buruzko hainbeste ikuspegi distopikoren artean baikortasunerako izpia.

 

Contra el futuro: resistencia ciudadana frente al feudalismo climático, Marta Peirano

Munduan zehar arrakastatsu suertatu diren herritarren ekintza-estrategiei buruz dihardu Martak liburu honetan. Hau ere kontakizun antiapokaliptikoa dugu, etorkizun itxaropentsu bat eraikitzeko asmoarekin argitaratua. Ezen Berriz zentauro liburuaren inguruko elkarrizketa-bideo honen amaieran Katixak berak dioen moduan; Etorkizuna pentsatzerako orduan imajinazioa, ezin dugu etsi, ezin dugu pentsatu etorkizuna okerragoa izango dela.