2023-03-21

Mandamentu hipermodernoen irakurketak

Mandamentu hipermodernoak Leioako liburutegiko irakurle klubean

 

Gaur, martxoak 21, Iñigo Martinez Peñaren Mandamentu hipermodernoak  liburuaz berba egiteko elkartuko gara Irakurle Klubean (info gehiago liburutegiko webgunean).

Liburuan bertan agertzen den moduan, irakurketek beste irakurketetara eraman gaitzakete eta hemen aurkezten dizkizuegu liburuan aipatzen diren beste liburuen laburpenak.

Gaian sakontzeko gogorik piztu baldin bazaizue hona liburutegian aurki ditzakezuen liburu-zerrenda antzeko bat egilearen abizenaren arabera sailkaturik:

 

Filosofiarako sarrera bat, Agustin Arrieta Urtizberea

Testua unibertsitateko ikasleei begira dago prestatuta, baina pertsona gazteagoentzat eta helduagoentzat egokia izan daiteke, baita unibertsitate kanpoko jendearentzat ere. Kontua da auzi filosofikoak interesgarritzat hartzea.

 

Amor líquido, Zygmunt Bauman

Bauman, lotura hutsetatik harago doazen harreman iraunkorrak ezartzeko beldurraz ari zaigu; ari zaigu baita ere elkartasunaz, eta sortzen dituen onuren bere menpekotasunaz; hurkoarenganako maitasunaz, bizitza zibilizatuaren eta moralaren oinarrietako bat dena; eta hitzegiten digu baita ere errefuxiatuak, baztertuak eta pobreak «deshumanizatzeko» proiektuez eta hauei nola egin aurre.

 

La nueva edad oscura: la tecnología y el fin del futuro, James Bridle

Zenbat eta konplexuagoa izan mundu teknologikoa, orduan eta gutxiago ulertzen dugu errealitatea: egunero jasotzen dugun informazioa egiaztatu gabeko datuez, egia-ostekoez, konspirazio-teoriez... beteta dago. Horrek guztiak, gero eta gehiago, espekulazio-itsaso batean galdutako naufrago bihurtzen gaitu.

 

La tentación de la inocencia, Pascal Bruckner

Ez dago gauza zailagorik norberaren patuaren jabe, aske eta sortzaile izatea baino. Gure ekintzen ondorioetara bideratzen gaituen erantzukizuna baino gauza ikaragarriagorik ez dago. Nola gozatu independentziaz betebeharrak saihestuz? Brucknerrek, egungo garaiko gaixotasun bilakatu diren bi ihesbide proposatzen ditu: infantilismoa eta biktimizazioa.

 

Genero nahasmendua: feminismoa eta identitatearen subertsioa, Judith Butler; Ana Isabel Morales (itz.)

Saiakera honetan, Judith Butlerrek zer da sexua zer gorputza zer generoa zer desira eta nork eta nondik eraiki, ekoiztu eta arautzen dituen ikertu du. Feminismoaren baitatik bertatik jarrera kritiko eta eraikitzailez, identitatearen subertsioa proposatzen du bazter sexualetan bizi diren edo bizitzen saiatzen direnek aukera izan dezaten bizitza bizigarriak izateko. Herriko Ana Morales dugu lan mardul honen itzultzaile.

 

Sonríe o muere: la trampa del pensamiento positivo, Barbara Ehrenreich

Minbizia izan ondoren, Barbara Ehrenreich biologoa, immunologian aditua, bere gaixotasunari animoz eta esker onez erantzun behar zion psikologia positiboaren mundu horretara eraman zuten, bere amorrua edo frustrazioa naturalki adierazten utzi beharrean. Orduan aurkitu zituen krisi guztiak aukera gisa interpretatzera behartzen zaitu pentsamendu-eredu hori, milioiak mugitzen dituena. Eta bere kontraesanetan sakontzen hasi zen.

 

Egonezina kulturan, Sigmund Freud; Xabier Insausti Ugarriza eta Jesus Mari Intxauspe Arregi (itz.)

Atseginaren printzipioak garrantzi handia dauka gizakiaren bizitzan. Atsegina lortzerik ez dagoenean, gizakiak badu beste bide bat sufrimendua gainditzeko; sublimazioa (artearen, estetikaren, kirolaren, filosofiaren eta abarren bidez). Kulturak badu zerikusirik sublimazioarekin. Kulturak gizakia babesten du naturaren erasoetatik eta zuzenbideak gizakiaren askatasuna mugatzen du giza-taldeen bizikidetza babesteko.

 

La sociedad del rendimiento: cómo el neoliberalismo impregna nuestras vidas, Sebastian Friedrich ... [et al.]

Lanean, zein eskolan edo familian, terapian zein ile-apaindegian, tabernan edo diskotekan, gimnasioan edo ohean, bizitzako arlo guztietan nagusitu da errendimendua handitzeko agindua. Alde guztietatik optimizatu, alderatu eta ebaluatzen da, hobeto funtzionatzeko eta ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

 

Filosofia amaitu gabea, Marina Garcés

Beti amaitu gabe dagoen eginkizun baten izena da filosofia. Pentsatzen ikastea da pentsatzea; beharbada horixe da filosofiaren gakoa, ezagutzaren, balio-sistemen eta marko instituzional eta politikoen arrakala den neurrian. Zerbait nola pentsatu ez dakigun puntu horretan soilik hasten gara pentsatzen. Modernitate mendebaldarrak sortu zuen mundua, bere zibilizazio-proiektuaren antz eta irudira.

 

Andar: una filosofía, Frédéric Gros

Liburu hau ibilaldiaren ospakizuna da, eta presaka eta monotoniaz betetako garai honetan ahaztuta ditugun oinarrizko bertuteen aldarrikapena. Ibiltzeari buruz egindako erakusketa bibliografikoan ere agertu zen.

 

La sociedad del cansancio, Byung-Chul Han

Byung-Chul Han-ek, Alemanian azkenaldian sortu den ahots filosofiko berritzaileenetakoak, ezusteko best seller honetan baieztatzen du mendebaldeko gizartea paradigma aldaketa isil bat jasaten ari dela: gehiegizko positibotasunak nekearen gizarte batera garamatza.

 

Bai mundu berria, Aldous Huxley; Xabier Amuriza (itz.)

Izan ote liteke gizarte perfekturik? 1932an imajinatu zuen Huxleyk mundu berri hau, utopia moderno bat, non gosea, beharra eta zoritxarra betirako desagertzen diren. Dena dago ezin hobeki antolaturik, prestaturik, bakoitzak bere lekua hartzen du gizartean eta pozik bizi da. Hala ere, mundu bikain horretan gizakia ez da benetako gizaki: zoriona derrigorrezkoa baldin bada non da aukera, predestinazioak non uzten du askatasuna, grinarik gabe posible ote da artea?

 

Hau gizon bat bada: lekukotasuna, Primo Levi; Mikel Irurtia (itz. )

Iñigoren liburuan zehar ere agertzen da deuseztatze esparruek inoiz eman duten libururik ederrenari aipamena.ez dute liburu ederragorik inon. Literatur alderdia du eder Hau gizon bat bada liburuak, lekukotza alderdia ez ezik. Zaila da noski edertasunaz hitz egitea gizakiaren gauzaki bihurtze prozesuaren kronika lazgarriaz ari bagara, inoiz izan den krimenik handienaz ari bagara, baina Primo Levik lortu zuen bere lekukotza emateaz gain edo emanda ere literatur maisulan bat ontzea.

 

De la ligereza: hacia una civilización de lo ligero, Gilles Lipovetsky

Liburuaren amaierarantz agertzen den moduan, lehen modernitatea astuna, moralista eta zorrotza zen bizitza pertsonalaren eremuan. Denontzako bizigarria izan zitekeen gizarte baten itxaropenarekin, konpromisoak bilatzen zituen eta, aldi berean, betebeharrak ezartzen zituen. Azken modernitateak iraultza askatzailea eragin du, baina aurpegi bikoitza du. Alde batetik, norbanakoaren askatasuna, erosotasuna, axolagabetasuna, coola eta barne-erlaxazioa bilatzea eta lantzea ditu ezaugarri. Baina, bestetik, kontrapartida arriskutsuak ditu.

 

Pantailen garaipena, Iñigo Martinez Peña

Botereak erabat garden nahi gaitu, boterea bera sekula garden izango ez den arren; kaleak eta lanpostuak bideozaintzaz Beteta dauzkagu eta etengabe zelatatzen gaituzte; nahiago dugu GPSari itsatsita egin bidea, bila gabiltzana non dagoen ingurukoren bati galdetu baino; kaleak gehiegi argiztatzeak loaren kalitatean eragiten digu, besteak beste; paisaia edo leku berri batera iritsita, hura argazkietan jasotzen tematzen gara, momentua disfrutatzea ahaztuta.

 

Filosofiaren defentsak, Iñigo Martinez (koord.)

Filosofiaren defentsarako liburu hau, testu laburrez osatua, pentsamenduaren aldeko testuinguru aldarrikatzaile baten baitan kokatzen da: ikasketa plan berriek Filosofiaren Historiari egindako murrizpenen erantzun bezala. Ez da gutxiagorako: LOMCE eta honen intepretazioa den HEZIBERRI 2020k hezurretan utzi dute ikasgai hau.

 

La utilidad de lo inútil, Nuccio Ordine

Aurreko liburuan (Iñigok berak koordinatutakoa) Nucciok ikasketa humanistikoen defentsa gogoangarria aurkezten digu liburu(txo) honetan. Botere publikoek kultura-ondarearen kontserbazioan eta zabalkundean izan behar duten esku-hartzearen defentsa sutsua; alegatu antiliberal eta antiekonomizista, literaturatik, filosofiatik eta zientziatik abiatuta.

 

El enemigo conoce el sistema: manipulación de ideas, personas e influencias despúes de la economía de la atención, Marta Peirano

Sarea ez da askea, ez irekia, ez demokratikoa. Gero eta enpresa kopuru txikiagoak kontrolatzen dituen zerbitzari, kommutadore, satelite, antena, router eta zuntz optikozko kableen multzoa da (aurrerago agertzen den Amy Webben liburuan ezagutuko ditugun nagusienak). Makinek hitz egitea eragiten duten protokoloen hizkuntza eta burokrazia da, zirkulazioa gidatzen duten zirkulazio-arauak, eraginkortasuna definitzen duten mikroerabakiak.

 

Divertirse hasta morir: el discurso público en la era del "show business", Neil Postman

Huxleyren obratik abiatuta, Neil Postmanek bere buruari galdetzen dio "zeri egiten diogun barre eta zergatik utzi diogun pentsatzeari", eta bere erantzunak telebistari eta honek duen aurkezteko modu entretenigarriari zuzentzen dizkio; politika, hezkuntza, kazetaritza, zientzia eta erlijioa izugarri eraldatu baititu.

 

Atlas de los países en busca de la felicidad, Joan Tort (hitzaurrea)

Geografia, historia eta antropologian adituak diren 9 profesionalek ondutako lan honetan, zorionaren bilaketan oinarritutako giza abentura historikoa ulertzeko ahaleginduko gara. Aurrera egiteko eta aukera berriak aurkitzeko giza borondatea erakusle ere bada. Iñigok, zoriontsu izateko mandamentuan agertzen dituen paramatroak ezagutzeko balioko zaigu.

 

Los nueve gigantes: cómo las grandes tecnológicas amenazan el futuro de la humanidad, Amy Webb

Gure patua Estatu Batuetako eta Txinako bederatzi enpresa handiren esku dago. Alde batetik, Amazon, Google, Apple, IBM, Microsoft eta Facebook; ideia handiak dituzte gizateriaren erronkarik handienak konpontzeko moduari buruz, baina akziodunen aginduak betetzen dituzte. Bestetik, Baidu, Alibaba eta Tencent enpresak, zeinen akzioak Txinako alderdi komunistari lotuta baitaude. Eta erdian, gu. Peiranoren eta Zuboffen liburuekin batera, bizi garen momentuaren alde teknologikoa hobekien azaltzen duen liburuetariko bat dela iruditzen zait.

 

El fin de la privacidad: cómo la vigilancia total se está convirtiendo en realidad, Reg Whitaker

XIX. mendeko penalistek Panoptikon izeneko kartzela ideal bat teorizatu zuten, zaintza-sistema oso eta erabatekoa. Bada, liburu honek Panoptikon birtual batean zenbateraino bizi garen jakiteko tresna ederra bihurtu da.

 

El entusiasmo: precariedad y trabajo creativo en la era digital, Remedios Zafra

XX. mendearen amaieran jaio eta epikarik gabe baina itxaropenekin hazi zirenei buruzko belaunaldi-liburua da El entusiasmo. Krisiak egiturazkoa bihurtu den agertoki berri baten oinarriak erakusten dizkigu: prekarietatearen eta desilusioaren eszenatokia.

 

La era del capitalismo de la vigilancia: la lucha por un futuro humano frente a las nuevas fronteras del poder, Shoshana Zuboff

XXI. mendean, jokabidea aldatzeko arkitektura global batek giza izaera bera eraldatzeko mehatxua egiten du, kapitalismo industrialak XX. mendean mundu naturala desitxuratu zuen bezalaxe. Liburu mardula baina ezinbestekoa egungo egoera ulertzen saiatzeko.