Edorta Jimenez Sabino Aranaren argazki mitikoari falta zaion erdia erakusten (Yurre Ugarte atzeko planoan) |
Badaude saioak lastima eragiten dutenak. Etorri ezin zutenenganako lastima, hain zuzen. Atzo, martxoak 15, Edorta Jimenez izan genuen liburutegian bere Nikole bijotzekua liburu berriaz berba egitera eta esan beharra dago Mundakako Tusitalak momentu magikoa eskaini zigula bera entzutera bertaratutakoei.
Edortak argitu zigunez, absentzia handi baten istorioa da Nikolasa Atxikallenderena. Hain absentzia handia non haren gorpuzkia oraindik izenbako hilarri baten azpian datzan. Ez zaigunez Nikolasak berak idatzitako eskutitzik heldu, lehenengo senarra izan zuen Sabino Aranaren erantzunek utzitako zirrikituetatik iragazi behar izan du Edortak bere figura argizari galduaren teknikarekin sorturiko figura bailitzan. Hain izan da handia Nikolasaren hutsunea non gezur handi batek bete duen zegokion tokia. Hots, Sabinoren alarguna karabineroren edo guardiazibilaren bategaz ezkondu zela eta abertzaletasun ideiekin gogaiturik lehenengo senarrarekin ezin izandako ume partida bat izan zituela bigarrenarekin.
Oso une latz batean heldu zitzaion Edortari zurrumurru hau eta kontu horren atzetik zer egi, zer istorio egon zitekeen jakinguraren txinparta piztu zion 'txakur andaluzari'. Usnaka eta ikerketan ibiltzearen zorioneko emaitza dugu liburua.
Hainbat gai jorratu ziran atzokoan; gizon eta emakumeen arteko erlazioak, abertzaletasunaren hastapenak, mitoen haragizkotasuna... baita Nikolasaren oroimena zelan heldu zaigun argitzearena. Esanguratsua da bere memoria familiako emakumezkoen bitartez (haren andrazko iloba eta biloben bitartez) izan dela.
Ikerketaren nondik norakoak azaltzerakoan, hainbat arrasto utzi zituen gaian sakondu nahi duenarentzat. Batetik, covid-19aren itxialdian idatzi eta liburuaren iturri bihurtu den bloga (Mundakaolatua). Bestetik, hain lagungarri bihurtu zaien Sabinoren eskutitzak batzen dituen Joseba Agirreazkuenagaren liburua (Barne-muinetako Sabin Arana Goiri, pdf). Eta azkenik, Sabino Aranaren eskutitzak eurak.
Eskerrik asko, Edorta, bertaratu ginenoi, oraindik gehiago luzatu nahiko genukeen saio gogoangarria eskaini zenigun.
Irakurle klubaren hurrengo bilerak.
0 comentarios: to “ Nikole bijotzekua, Edorta Jimenez liburutegian ”
Post a Comment