2021-10-18

Euskara irakurle kluba 2021-2022

Eguneraketa (2021-01-12): 2022. urtean irakurriko ditugun liburuak gehitu ditugu zerrendara. Begira behealdean dataren arabera.


Leioako liburutegiko irakurle kluba 2021

 

Aurten ere euskara irakurle klubarekin aurrera goaz liburutegitik. 


Berrikuntza pare batekin gatoz, hala ere. Alde batetik, dinamizatzaile berriarekin estreinatuko dugu irakurle klubaren denboraldia. Oraingo honetan Yurre Ugartek dinamizatuko ditu hilabetean behin egingo ditugun solasaldiak. Idazle zein gidoilari profesionala den Yurrek eskarmentu handia du irakurle taldeak gidatzen eta liburutegikoan parte hartzeko gonbita luzatu genionean honako hau azaldu zigun:

Irakurle taldea tertulia (literarioa) da, solasa; guztiok hilean behin irakurtzen dugun liburu horretaz askatasunez aritzeko txokoa. Liburu bat hizpide, liburu bat abiapuntu. Liburuez ikuspuntu ezberdinak adierazteko, gurutzatzeko eta partekatzeko saioak dira. Irakurritakoa beste irakurleekin konpartitzeko gogoa besterik ez da behar […]

Egitaraua askotarikoa izatea dut gustuko, egun euskal literaturan aurki dezakegunaren lagin bat izatea: liburu klasikoak, azken urteetako uzta eta nobedadeak, poesia eta komikia (nobela grafikoa) ere. Bertako eta kanpoko egileen liburuak tartekatuz, itzulpen ederrak baititugu gaur egun. […]

Saioetatik nire irakurketa aberastuta ateratzen da, geruzak gehituta. Horregatik guztiagatik maite ditut irakurle taldeak. Luxu handia dira. Zaindu beharreko luxua.

Tira, irakurlerik zorrotzena ere asetzeko moduko erantzuna. Ea denok gustura irteten garen! 

Beste alde batetik, aukeratutako liburuaz gain, liburutegira heldutako liburuez eta literatur inguruko berriez jardungo duen berripaper bat argitaratuko dugu hilabetero. Irakurle taldearen asmoa irakurtzeko aukerak zabaltzea baino ez litzateke eta buletin berria hortaz doa, Irakurtzeko aukerak zabaltzeaz. Gustuko baduzue ideia, harpidetza-orrian eman dezakezue zuen helbidea berripapera hilabetero jasotzeko zuen postontzian.

Beno, ba esan beharrekoak esanda, hona aurtengorako aukeratu diren liburuak eta datak:


Otsailak 19

Hezurren erretura, Miren Agur Meabe (eLiburutegian)

Herenegun umea zena, neska izan zen atzo, eta helduaro betean da orain. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan...— bilatu ditu bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin. Horretan dihardu hogeita bat narrazio hauetako protagonistak ere, idazketaren bidez erretzen bizitzan pilatutako hezurrak

 

Azaroak 16

Poesia guztia, Safo (itz. Maite López Las Heras)

Pleiadeak ezkutatu dira,
baita ilargia ere,
gauerdia da, ordua aurrera doa,
eta ni bakarrik oheratu naiz.

Oso modu zatikatuan heldu den poesia itzuli du Maitek euskarara, argitaratuko ote zioten ziur jakin barik hartu zuen lan ikaragarrian (liburuaz mintzo da Alcalá de Henareseko unibertsitateko Mundos Antiguos aldizkarirako elkarrizketa honetan (gazt.)).

 

Abenduak 14

Han ez banengo bezala, Slavenka Drakuliç (itz. Amaia Apalauza Ollo)

Suediako erbestetik ari zaigu S. Bosniako gerraren bere bizipenen kronika egiten, gordin baina sotil, apaingarririk batere gabe. Nola atzeman zuten, nola atxiki zuten esparru batean beste emakume batzuekin batera, nola jasan zituen soldaduen sexu-abusuak... Eta harrigarriena, beharbada, nola ernatu zitzaion bizirik irauteko sena. Muturreko egoera batean, ongiaren eta gaizkiaren arteko mugaren zentzugabetasuna azaleratzen du Amaia Apaulazak liburu honen itzulpenaren inguruan egin zioten elkarrizketa honetan.

 

Urtarrilak 18

Neguko argiak, Irati Elorrieta

Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan. Egileak eraikitzen duen puzzle gisako horretan, pertsonaia bilakatzen dira leku batzuk: Paris, Uribe Kosta eta, batez ere, Berlin.

 

Otsailak 15

Intimitatea, Hanif Kureishi (itz. Harkaitz Cano)

Zergatik uzten diogu maitatzeari? Noiz da unea maletak prestatzeko, atetik irten eta inoiz ez itzultzeko? Liburu honetako protagonista trantze horretan dago. Azken gauean, etxetik bikotekidea eta seme-alabak utzita joan aurretik, zoritxarreko sentitzeko arrazoiak azaltzen ditu, eta une oro buruan izango ditu harremanaren, bizikidetzaren, ohituren, desilusioen... miseria txikiak, bikotearen intimitate biluzia.

 

Martxoak 15

Nikole bijotzekua, Edorta Jimenez

Nikolasa Atxikallende, Sabino Arana Goiriren alarguna, pertsonaia ahaztua, baztertua eta laidoztatua izan da, etsaiek ez ezik, baita hurbilekoek eta ahaideek ere. 2020ko itxialdian haren figura berreskuratu, laudatu, eta haren historia kontatzen jarri da egilea, poesiarik onenaren edertasun lirikoaz eta thriller bizkorrenaren intriga guztiaz. Liburuaren egilea, Edorta Jimenez, izango dugu gurekin martxoko bileran.

 

Apirilak 19

Bihurguneko nasa, Uxue Apaolaza

Hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean Juan, Josetxo, Fer eta Estebanekin elkartuko da Lur. Elkar barkatzen duen lagunarte bat, elkarbanatutakoaz nork bere kontakizuna gordeko duen arren. Zeru horrexek egiten die aterpe liburu hau osatzen duten bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa. 

 

Maiatzak 17

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak, Irene Solá (Joxan Elosegi, itz.)


Pirinioetan bizi –eta hiltzen, edo hilik bizi– dira eleberri honetan hitz egiten digutenak. Ekaitzeko hodeiak mintzo zaizkigu, eta oinaztarria, eta heriotzan murgilduko den nekazari poeta ere mintzo zaigu, guri eta lurrari. Eta mintzo zaigu, baita ere, orduz geroztik seme-alabak bakarrik hezi beharko dituen alargun gaztea. Eta sorgin deklaratu ondoren urkatu zituzten lau emakumeak mintzo zaizkigu. Liburu honekin Euskadi literatura itzulpena saria jaso du Joxan Elosegik aurten.

 

Ekainak 14

Proleterka, Fleur Jaeggy (Fernando Rey eta Miren Iriarte itz.)

Kontalariak oso dosi txikietan aletzen du nerabezaroan egindako itsas bidaia bat, oroimenak lausotzen hasteko aski denbora izan duenean. Nabarmena da liburuan, lehen lerrotik hasita, heriotzak, eta bereziki suizidioak, hartzen duten nagusitasuna. Bidaia iniziatiko baten narrazioa ere bada itsasontzian doan neskaren lehen sexu-esperientziak azalduko dizkigu eta. Ontzi zarpail samar bateko kamaroteko giro itogarrian eta modu bortitz samarrean gauzatuak. Eros eta Thanatos, beraz; eroen ontzia bere nora ezean daramaten bi arraunak.

 

Bilerak hilabete bakoitzeko hirugarren astearterako programaturik daude. Arratsaldeko sei eta erdietan (18:30) izango dira Kultur Leioaren laugarren solairuan dagoen prentsa-aretoan. Leioa zabalik utziko dugu eta parte hartzaileen arteko distantzia bermatuko da. Hala ere, musukoa jantzita eraman beharko da denbora osoan.

Irakurle taldean parte hartu nahi baduzue, eskatu informazioa edozein erakusmahaitan, deitu liburutegira (94 607 25 74) edo idatzi helbide elektronikora (liburutegia [abildua] leioa [puntu] net)


Aurreko urteetako irakurle klubei buruzko informazio gehiago.