(egin klik irudian handiago ikusteko) |
Aldaketa (2019-03-25): Apirileko bilera (Azken patriarka, Najat El Hachmi) Aste Santuko oporretatik oso gertu suertatzen denez, astebetez atzeratuko dugu topaketa eta apirilak 24ean ospatuko dugu. Ordua eta lekua mantendu egiten dira, helduen solairuan arratsaldeko sei eta erdietan (18:30).
Aldaketa (2018-11-5): Bileren ordua goizegi suertatzen zela iritzita, bileron hasiera ordu-erdiz atzeratu egingo da, hau da, liburuez berba egiteko bilerak sei t'erdietan (18:30) hasiko dira azaroko bileratik aurrera.
Aurten ere euskara irakurle kluba aterako dugu aurrera liburutegian. Bertako langile den Ibon Idoiagak dinamizaturik, programan proposatutako liburuak aitzakiatzat harturik hilabetero batuko gara liburutegian berbalditxoa egitera.
Irakurle klubaren bilerak hilabete bakoitzeko hirugarren eguaztenean ospatzen dira, liburutegiko bigarren solairuko erakusmahaiaren ondoan (euskarazko liburu berrien apalategien parean) arratsaldeko seietan.
Irakurle klubean parte hartu nahi izanez gero, eskatu informazioa liburutegiko edozein erakusmahaitan.
Hona hemen ikasturte honetako liburuak eta datak:
- URRIAK 17
33 ezkil, Miren Gorrotxategi. Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat topatu du lurperatuta; lasterka deituko dio kalean bizi den Nestor semeari, baita honek Berta andregai ohi arkeologoari ere; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hortik aurrera, berriz, hildako gehiago, eta misterioa gero eta ilunago. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote barruko konpondu ezinak, droga, jokoa… Liburu honek Agustin Zubikarai beka irabazi zuen 2015ean. Euskaraz idazten den thriller motako eleberrien erakusgarri ona izan daiteke.
- AZAROAK 21
Goza daiteke gehiago, Karmelo Ayesta. Aldaketa sakona da hizkuntz ohitura berria barneratzea. Batzuetan pentsatu izan da gaitasuna lantzea nahikoa dela euskararen erabilera sustatzeko, baina erabilerari buruzko datu estatistikoek agerian jarri dute bide berriak jorratu beharra dagoela. Liburu honek frogatu nahi du euskararen erabileraren marka erraz hobetu dezakegula euskal hiztunok. Liburu hau, Leioan ere ospatuko den Euskaraldiaren bezperatan jorratuko dugu eta bertan kokatu nahiko genuke. Bide batez, Euskaraldian parte hartzeko aukera oraindik zabalik dagoela gogorarazi nahi dizuegu.
- ABENDUAK 19
Hadji-Murat Lev Tolstoi (itz. Josu Zabaleta). Hadji-Murat, errusiar inperioa XIX. mendearen lehen erdian Kaukasoko mendietan gauzatzen ari den konkista eta asimilazio politikaren kontrako erresistentziako buruzagia, bi botere kontrajarriren artean harrapaturik dago : alde batetik Shamil, islamdar erresistentziako buruzagi nagusia, Hadji-Murat bere mendeko matxinatua hilik ala bizirik (hilik nahiago) harrapatzeko haren familia bahiturik daukana, eta bestetik errusiar gudarostea, Hadji-Murat itxuraz babestu, baina familia askatzeko egiazko laguntzarik ematen ez diona. Harold Bloomek (Mendebaldeko literatura canon hain goraipatu eta, era berean, laidotuaren egileak) idatzi den abenturazko elaberririk borobilena dela zioen. Baieztapen hori ez al da akuilu ederra liburua irakurtzeko?
- URTARRILAK 16
Gauaren sakonean, Haruki Murakami (itz. Ibon Uribarri Zenekorta). Tokioko gauerdian, lo egin ezinik, Denny's izeneko jatetxe batean neska gazte bat irakurtzen ari da. Halako batean, musikari bat eseriko zaio ondoan eta harekin partekatuko du mahaia une batez; Baxu-baxu, Percy Haith eta bere orkestraren Go away little girl pieza entzuten da. Klubeko partaide batek proposatutako japoniar literaturaren adibide bat. Kawabata ere izan zitekeen baina azkenik Murakami gailendu zen.
- OTSAILAK 20
Nomada, Aitziber Etxeberria. Sobietar Batasuneko enbaxadore berriaren etorrerak Nikolay Zaitseven bizimodu lasaia hankaz gora ipini du eta Txotxongilo Antzokiko bere mundu txikitik aterarazi. Hasiera batean pasaportea berritzeko errutinazkoa behar zuen solasaldia, ustekabean denboran luzatzen eta korapilatzen joan den itaunketa sakona bilakatu da, iraganeko heriotza bat argitu nahian. Hernaniko liburutegitik gomendatu zutenetik.
- MARTXOAK 20
Armand David: pandaren aita, Kepa Altonaga. Edonorentzat da ezagun panda eta pandaren inguruko hil ala biziko problematika, baina oso gutxik dakite animalia karismatiko hori euskal herritar batek aurkitu eta deskribatu zuenik; hain zuzen ere Armand David ezpeletar naturalista da pandaren aurkitzailea. Altonaga ezaguna dugu irakurle klubean, baina liburuan azaltzen zuenaren aplikazio praktikoa zuzenean ezagutu nahi izan dugu oraingo honetan.
- APIRILAK 17
Azken patriarka, Najat El Hachmi (itz. Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea). Azken patriarka eleberriak Marokotik Kataluniara emigratu duen Mimoun Driouchen istorioa kontatzen digu, bere alabaren begietatik. Haren eskutik aitaren izaera tormentatua ezagutuko dugu; bere izaera autoritario eta zaharkituak sortarazten dizkion talka etengabeak. Izan ere, pertsonaia gorrotagarria da Mimoun: matxista, liskarzalea, zurruteroa, bortitza, jeloskorra… Iban Zalduaren blogean agertutako artikulu batek ekarri digu liburua klubean komentatzeko gogoa dator
- MAIATZAK 15
Epailea eta haren borreroa, Friedrich Dürrenmatt (itz. Idoia Santamaria Urkaregi). Nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari –hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua– beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala. Klubean eleberri beltzaren zaletu ugari egonik, genero honi beste ikuspuntu bat eman zion Dürrenmatten eleberri bat aukeratzea goxoki bat izan da.
- EKAINAK 19
Hiltzailea nire baitan, Jim Thompson (itz. Miel A. Elustondo). Lou Ford sheriffa normala da, itxuraz. Baina halako batean prostituta batengana joan, eta bere barneko piztia esnatu zaio… Geroztik ez du ezeren aurrean atzera egingo. Egindako hilketa bakoitza beste batez estali beharko du, bakoitza odol hotz-hotzean prestatu eta gero. Eleberri beltzen klasiko bat. Aurreko liburuan esan bezala, genero jakin bateko zaletasunari dagokio aukera. Jim Thompson azken aldian hasi da ezagunagoa izaten baina bere momentuan ez ei zuen jaso bere maila adinako aitorpenik. Lehen eskutik ezagutu nahi izan dugu ea egia ote den maila hori.
Ba besterik ez. Zatoz lasai bileretara nahiz eta liburua irakurri ez eta dagokion hilabeteko liburuaren aleren bat nahi bazenu, eskatu liburutegiko edozein erakusmahaitan inolako eragozpenik gabe.
0 comentarios: to “ Euskara irakurle kluba 2018-2019 ”
Post a Comment