2015-10-21

Back to Leizarraga irakurle klubean



Gorago esan dugu purismoak XX. mendean troka sakona zabaldu zuela aurreko mendeetako tradizioarekiko. Ez dut uste mesedegarria izan denik prosa-eredurako; areago, uste dut damututa egon beharko ginatekeela norabide-aldaketa makur horrengatik.


Back to Leizarraga, Kepa Altonaga

(liburuaren erreseinarako, neurri batean Liburutegi Zerbitzuaren blogen plataformarako bidalitakoa berrerabili egin da. Jatorrizkoa)


Pasadan urteko neguan, desagertutzat ematen zen altxorra aurkitu zuen Aziti Bihia hizkuntzalari eta filologoen elkarteak Copenhageko Royal Libraryn. 1.617. urtean lehenengoz argitaratu zen Doctrina Christianaren ale bat (Elkartearen webgunean eskuragarri). Deigarria gertatzen zaigu igarotako mende eta euskalkiaren gainetik zein ulerterraza suertatzen den Esteve Materrak bertan idatzitakoa.

Lapurdin, hamazazpigarren mendean eman zen euskara idatzizko loraldiaren erakusle izan diren egileetariko bat izan zen Materra eta Kepa Altonagak, loraldi honi buruz Beñat Oihartzabalek ematen duen azalpena jasotzen du; denbora hartan bazegoela latinez edo frantzesez eskas defendatzen zen irakurlego euskaldun zabal bat eta hari zuzentzen zitzaiola euskaraz idatzitako liburu-ekoizpena. Latina erlijio eta goi mailako asuntuentzat baino erabiltzen ez zelarik eta frantzesa oraindik hain hedaturik ez zegoen denbora haietan (Frantziako Iraultzak guztiz irauliko zuen egoera) tradizio grekolatinotik eratorritako maileguak inolako konplexu barik erabili ziren ordura arte idatzizko tradizio handiegirik ez zuen hizkuntzara ekarpenak egiteko.

XX. mendean garatu zen garbizalekeriak Europan erabiltzen den teknolektotik zenbat aldendu gaituen erakusten digu egileak eta gure idazle klasikoen idazteko erari bueltatu gaitezen proposatzen du (zeina lotzen baitzen inguruko hizkuntzen ereduarekin, Joxe Aranzabalen Faroan)

Kepa Altonagak bere egiten du Xabier Amurizak adierazitako eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren 20.000 hitzen faltaren inguruko gogoeta («hizkuntza guztia deskojonatuta daukagu») eta berak ondo ezagutzen duen hizkuntza zientifikoaren esparru teknikora darama. Bide biak erabiltzea zilegi den bitartean, jakin egin behar garbizalekeriaren antzutasuna eta mailegu akritikoaren neokolonialismoaren arteko erdigunea aurkitzen eta Altonagak proposatzen digunaren arabera hamazazpigarren mendeko loraldi horren europear tradizio kulturalarekin jarraitu beharko genuke, Vilasantek adierazitako asmoen ildoan (Axularrek esandako «Zein burdina [da hobea], zokoan datzana ala erabiltzen dena?» esaldia jasotzen duen Euskararen auziaz liburuan (pdf).

Hala ere, erdibide baten beharra eskatzen duten ahotsak ere badira (esaterako, Garbiñe Ubedaren zalantzak) edo zuzenean ikuspegi horren kontra lerrokatzen diren lagunak (Juan Luis Zabalak auzi honi buruz irekitako mezuaren lehenengo erantzunean). Zer uste duzue zuek?



Zuen eritziaren zai geratuko gara gaur, urriak 21, arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30) liburutegiko hemerotekan izango den bilerara heltzen zaretenera arte.