2025-09-17

Euskara irakurle kluba 2025-2026

 


Aurten ere aurrera egingo dugu Yurre Ugartek dinamizatzen duen irakurle klubarekin.

Hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean bilduko gara arratsaldeko sei eta erdietan Kultur Leioako laugarren solairuan dagoen prentsa-aretoan arratsaldeko sei eta erdietan aurretik proposatuko liburuen inguruan berriketan emateko hurrengo ordu eta erdia.

Irakurketak partekatzeko gogorik izanez gero, eman izena liburutegiaren webguneko formularioan eta zurekin jarriko gara harremanetan proposatuko liburuen aleak eskaintzeko.


Hauek dituzue aurtengo proposamenak eta datak:

 

Urriak 23

Mundu zitalaren kontra, Lizar Begoña

Kiosko bat Benidormen, hondartzako pasealekuaren aurrean, garai batean egunkariz eta bezeroz mukuru, gaur egun ahazturaren eta dekadentziaren ikur bihurtua. Eta bertan bi emakume lanean, goiz eta arratsaldeko txandetan: Pilar, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; eta neska gazte bizkaitar izenik gabeko bat, udan lantxo bat izateko hara joana, bere barruko lainoengandik ihesi akaso. Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotz bat egiten du egileak: identitate lausoak, harreman zehaztugabeak, helburu eta esperantza argirik gabe noraezean ibiltzea…

Lizar Begoñak begirada eta estilo propioak erakusten ditu egun hauetan denon ahotan dagoen Igartza sariari esker idatzitako bere lehenengo eleberri honetan. 

 

Azaroak 20

Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, David Foster Wallace (Danele Sarriugarte Mochales itz.)

Enkarguz idatzi zuen ale hau David Foster Wallacek, Harper's aldizkariak eskatuta: luxuzko itsas bidaldi baten kronika, zentzumenen postal erraldoia. Edonola den, Wallaceren fikzio-lanetako ohiko osagaiak aurki ditzakegu lan honetan ere, bere onenean: AEBko kontsumo- eta entretenimendu-kulturaren kritika zorrotza, aberastasun teknikoa, ñabardura txikienak xehe-xehe azaltzeko grina, hausnarketa filosofikoa eguneroko gertaeretatik abiatuta... eta umorea, ironia beltza barra-barra. Nola bestela bilaka liteke amesgaizto hasiera batean paradisu zirudiena?

 

Abenduak 18

Hetero, Uxue Alberdi

Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.

Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan.

 

Urtarrilak 22

Detaile xume bat, Adania Xibli (Aitor Blanco Leoz itz.)

1948ko arabiar-israeldar gerran zehar zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Hondamendi horri deitzen zaio Nakba edo palestinar exodoa. Handik urtebete pasatxora, 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua izan zen. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila.

 

Otsailak 19

Iturria, Unai Elorriaga

Pedro Iturriak obsesio bat dauka: ipuin itxurako testuak idazten ditu. Ez dakigu jatorriz zer hizkuntzatan idazten dituen, baina badakigu Txekian txekieraz argitaratzen duela, Hungarian hungarieraz. Soro Barturenen gaztetako laguna da Iturria, eta Sorori iruditzen zaio berari buruz ari dela ipuinotan, berari begira idazten dituela. Horregatik ari dira agian Soro eta Erroman Iturriaren bila Europan zehar: hegazkinak hartzen, hoteletan lo egiten, laster laurogei urte izango dituzten arren. Herrialderen batean Iturriaren ipuinen bat argitaratu dela dakiten bakoitzean hara abiatuko dira: itzultzaile bat lortu, ipuina irakurri, Iturria non bizi den ikasi... Baina ez dute hain erraz topatuko laguna.

 

Martxoak 26

Metamorfosia, Franz Kafka (Anton Garikano itz.)

“Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bat bihurturik aurkitu zuen ohean bere burua”. Zalantza izan zuen amesgaiztotik aske ote zen ala ez. Baina, bai, esna zegoen, eta egokitu behar izan zuen, minutuak eta orduak aurrera egin ahala, zomorroaren izaerara. Harrigarria egiten zaigu zein naturaltasunez, zein errealismo izugarriz dagoen kontatua pertsonaiari gertatzen ari zaiona. “Zergatik zara nire beldur?”. Aitaren begiratu eta autoritate moralaren aurrean kokilduta bere gelako bakardade errudunera erretiratuko da, bertako ezkutalekuetan babesteko.

Kontakizun eder honek hamaika interpretazio izan dezake, baita aitaren aurrean Kafkak berak sentitzen zuenaren transposizio literario moduan ere.

 

Apirilak 23

Amorante frantsesa, Miren Agur Meabe (egilearekin!)

Egunero etxerakoan bizkar gainera igotzen zaizkion itzalez inguratuta bizi da, basoan, kontakizun honetako protagonista, Agurtzane. 60 urte beteak, atezaina da ikastetxe batean eta bi egiteko nagusi ditu: osasun mental arazoak dituen ahizpaz arduratu eta berriz loratzeko sentitzen duen irrika asetu. Irati Beraza ikaslearen gorpua Artxandan agertu izanak, ordea, detektibe amateur bilakatuko du. Lagunak, txakur adoptatu bat, urtegia, iraganeko absentziak eta maitale berri bat gurutzatuko dira bere bizimoduan. Ezustekoz betetako bakardadea, basoko argi eta soinuekin nahastean.

Poema bidez idatzitako nobela da Miren Agur Meaberen lan hau, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea, thriller ukituekin.

 

Maiatzak 21

Jende normala, Sally Rooney (Irene Aldasoro itz.)

Elkarrenganako erakarmena pasioz eta liluraz bizi dute bi protagonistek, baina gaizki ulertuek oztopatzen diete, etengabe, biek nahi luketen elkartzea. Idazleak 27 urte zituen, mundu osoan arrakasta itzela lortu duen eleberri sendo bezain hunkigarri hau idatzi zuenean, eta garbi uzten du gertutik eta modu harrigarrian ezagutzen dituela darabiltzan giro eta istorioen osagarriak.

Amodiozko historia bat da Sally Rooneyk eskaintzen diguna, zalantzarik gabe, baina, funtsean, munduan –eta amodioan ere– leku bila dabiltzan bi gaztek bizitza propio eta erakargarri bat eraikitzeko egin behar duten borrokaz dihardu idazle irlandarrak.

 

Ekainak 18

Lurraz beste, Garazi Arrula

Zimendu anitz pitzatuak dituzte bilduma honetako pertsonaiek, edo pitzatzear, afektu-dardaraldi betean. Zimendu egonkortzat zituzten horiek zimendu hauskor eta urrakor bilakatu zaizkie, deserrotze-sentimendu kontraesankorrak zeharkatzeraino. Askotariko pitzaduretan arakatuz, helduleku afektiboetan, senidetasun-harremanetan, bizilekuetan, babes-espazioetan, lan-jardunetan gertaturiko pitzadurak irudikatzen dira, besteak beste. Aldaketa biziko gizarte-testuinguruetan, aurreikusgarri bezain aurreikusezinak dira deserrotzeak eta pitzatzeak, eta zimendu aldakorren tolesdura horietan zehar bidaiatzen dute pertsonaiek: behinolako errotzeek gorputzean utzitako arrastoez dihardute, eta, aldi berean, errotze horien galerek edo urratzeek sorturiko ezinegon zein arinduez. Heldulekuez beste egitearen sentsazioetan arakatzen duen inarrosaldi literarioa.

 

Irakurle klubari buruzko informazio gehiago liburutegiko webgunean.