Atzo Jon Gerediaga izan genuen liburutegian bisitan eta bere Zeru-lurren liburua lan sarituaz egin zigun berba urtean zehar aurrera daramagun irakurle klubaren ekimenaren baitan (beno, liburuaz eta poltsikoan zeramatzan poemei buruz baina hori beste kontu bat da).
Lehenik Irun Hiria saria eta iaz Euskadi Saria lortu zuen poesia bilduma hau bere aurreko obra emankorraren beste pausu bat baino ez da (batez ere, denbora-lerroan justu aurretik kokatzen diren Zentauro hankak, Argia, lurra, zuhaitza, zerua eta Natura berriak). Liburu horietako poemaren bat hartuz gero erraz pentsatuko genuke Zeru-lurren liburuari dagokiola. Detaile bategatik ez balitz; azken liburu honetan poema guztiek hamar lerroko luzera dute. Taldeko kide batek zehaztu zuen modura, poema hauek destilatuagoak dira aurrekoak baino, lan gehiago darie hitz poetikoaren xerkan. Eta 'hitz poetiko' kontzeptu horretan ardaztu genuen atzoko bilera, hori baita liburua osoan gurutzatzen duen guraria; natura eta inguratzen gaituen guztiaren (zeru-lurraren) anabasa ulertzen edo/eta mugarritzen lagunduko gaituen hitz poetikoaren topatzea, giza bihotza natura ulertu/naturan urtu daiten miresmenez blaiturik.
Liburua atal bitan banaturik aurkezten digu Jonek. Lehenengoan, Zoéren izenak (Zoé izen grekoa bizitza etengabea adieraziz tarte jakin batzuetan kokatzen den bios ideiari kontrajarriz) natura agertzen da bukolikotasunetik ihesiz eta sinbolismoak baztertuz («poeman ereinotza agertzen bada begien aurrean ereinotza dudalako da») eta bigarren zatian, Olerkarien liburua, gizakia kokatzen du natura horretan, ikusten eta sentitzen duena azaldu nahian, inguratzen duen gau luze hori besatu guran. Yurrek ere arreta gidatu zigun abisatuz zelan atal bakoitza pintore ezagunen aipu batekin irekitzen duen, artistaren begirada zurrundu eta naturan txertatzeko nahiaren adierazle.
Eskerrik asko, Jon, unibertsoa borobiltzeko egin duzun ahalegina hain modu ulergarri eta hurbilean azaltzeagatik Leioan. Esfortzu etengabe horretan baretasuna topa dezazula opa dizugu.
Zeru-lurren liburuaz gehiago jakiteko:
- 2025ko Euskadi Literatura Sariaren epaimahaia (pdf)
- Liburuaren aurkezpena Donostiako Kutxa Fundazioan (YouTube)
- Ilaski Serranorekin elkarrizketa Artefaktua programan (EITB)
- Maite López Las Herasen elkarrizketa Euskal Idazleen Elkarterako (EIE)
- Liburuaren kritikak Armiarma webgunean.
Irakurle klubaren hurrengo bilera maiatzaren 22an izango da. Paul Austerrek idatzi eta Oscar Aranak itzuli zuen Sunset Park liburua izango dugu berbagai (info + liburutegiko webgunean). Interesaturik bazeunde, pasatu liburutegiko erakusmahaitik eta eskatu liburuaren aleren bat.



Blog honetara harpidetu 

0 comentarios: to “ Jon Gerediaga Leioan ”
Post a Comment