2024-09-12

Euskara irakurle kluba 2024-2025

Eguneraketa (2024-12-27): Liburu batzuen datak trukatu ditugu ezinezkoa baitzen alerik lortzea proposatutako egunetarako. 2025eko daten kartela gehitu diogu mezuari hurrenkera berriarekin. 

Eguneraketa (2024-11-19): Hurrengo urteko (2025) datak eta liburuak gehitu ditugu!


2025eko datak eta liburuak Leioako liburutegiko irakurle kluberako

 

Aurten ere aurrera egingo dugu Yurre Ugartek dinamizatzen duen irakurle klubarekin.

Hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean bilduko gara arratsaldeko sei eta erdietan Kultur Leioako bosgarren solairuan dagoen bosgarren tailerrean arratsaldeko sei eta erdietan aurretik proposatuko liburuen inguruan berriketan emateko hurrengo ordu eta erdia.

Irakurketak partekatzeko gogorik izanez gero, eman izena liburutegiaren webguneko formularioan eta zurekin jarriko gara harremanetan proposatuko liburuen aleak eskaintzeko.


Hauek dituzue aurtengo proposamenak eta datak:

 

Urriak 23

Euskalia, Mikel Alvarez Sarriegi

XXIII. mendean euskaldunek gidatzen dituzte unibertsoko hamaika galaxiak, ehunka merindade eta milaka planetak, eta inoiz, inon ezagutu gabeko zorion eta ongizarte maila gozatzen dute bertako biztanleek oro.

 

Azaroak 20

Barkamena existituko balitz bezala, Mariana Travacio (Fernando Rey itz.)

Gorroto trinkotuei eta haiekin loturiko mendekuei buruzko istorio bat da, western paisaien unibertso batean gertatzen dena, lur mortuetan aditzen diren pauso-hotsak inguruan. Kontakizunaren tramak mantso egiten du aurrera eta gauza askotarako denbora uzten du: lurraz gozatzeko, eguzki kiskalgarriaren pean ipar-haizearen bultzada eta izerdi-tanten jarioa sentitzeko. Kontakizunaren hasieratik susmatzen dugu tragedia hurbil dela, nahiz eta ezin dugun jakin nolakoa, zenbaterainokoa. Eta aurrera goaz, dena lehertzen den arte.

 

Abenduak 18

Erradikalak, Ane Labaka Mayoz eta Beatriz Egizabal Ollokiegi

Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da.

 

Urtarrilak 23 (*data mantentzen da baina liburua martxora igaro dugu)

Gerezi-denbora, Montserrat Roig (Amaia Apalauza Ollo itz.)

Natàlia Miralpeix, liburu honetako protagonista, bere hirira itzuli da, 1974ko Bartzelonara, Frantzian eta Ingalaterran hamabi urtez bizi eta gero. Astebete besterik ez da igaroko istorioa hasi eta bukatzen den arte, eta, tarte horretan, Natàliak aurrez aurre izanen ditu bere familiaren iragana eta oraina, borborka ari den hiri batean, iraultza sexual eta politiko bete-betean, Francoren heriotza hur-hurrean dela. Familia-kronika bat, emakumeen ahotsak gidari, aldatzen ari den gizarte baten iraganaz, orainaz eta geroaz gogoeta egiteko gonbita eginez.

 

Otsailak 27 (*data mantentzen da baina liburua urtarrilera igaro dugu)

Oso latza izan da, Xabier Mendiguren

Joxe Arregiri, hil ostean, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraikitzen du nobela labur honek, han protagonista izan ziren hiru lagunen bizitzak aletzen: Joxe Arregi bera, Bixente Ameztoi pintorea eta Juan Kruz Unzurrunzaga ekintzaile eta arte promotorea.

 

Martxoak 27 (*data mantentzen da baina liburua otsailera igaro dugu)

Ez dakit zertaz ari zaren, Ana Malagon

Pertsonen inguru hurbilean kokatzen ditu egileak tragedia izatera iristen ez diren drama txiki hauek, ironia erabiliz urruntze modura eta garraztasuna defentsarako babes gisa. Trikuaren arantza horien azpian, baina, giza haragia suma daiteke dardarka, gozotasun apur baten eske. Gaurko eta hemengo gizartearen ispilu baldin bada ipuin-bilduma hau, ezin esan oso eder agerrarazten gaituela.

 

Apirilak 24

Zeru-lurren liburua, Jon Gerediaga (Egilea dator)

Poesia liburu ugari ditu egileak eta, bere azkenekoetan bezala, honetan ere, aurrekoen bidetik, natura, gizakia eta haien arteko harremana dira ardatz nagusiak. Egileak naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa egin du liburu honetan, non gizakia bere minari aurrez aurre jartzen zaion, naturan, mezuak eta irakaspenak jasotzeari emana.

 

Maiatzak 22

Sunset Park, Paul Auster (Oskar Arana itz.)

Sunset Park, New Yorkeko auzo pobre baten izena da. Badago han, Green-Woods hilerriaren ondoan, etxe bitxi bat, etxe bakarra, AEBetako mendebaldeko larre eta ordokietatik hartu eta New Yorken txertatua ematen duena, zurezkoa. Lau squatter gazte bizi dira bertan. Bizitzan eta gizartean bidea ireki nahian ari dira gazteak.

 

Ekainak 19

Erreka haizea, Sonia Gonzalez

Egunerokotasuneko bizipenetatik abiatu da Sonia González liburu honetan, munduaren gaineko ikuspegi kritikoa emateko. Bizitzaren arrakalak disekzionatu ditu, eta zirrikituetan ezkutatzen diren sakoneko desberdintasunak, minak, ezin esanak azaleratu. Baina baita indarra ere, isiltasun behartuari hitzarekin erantzuteak ematen duen indarra.

 

 

Informazio gehiago liburutegiko webgunean.

Beste urteetako deialdiak.