2022-09-24

Euskara irakurle kluba 2022-2023

Eguneraketa (2023-01-09): Irakurri eta iruzkinduko diren 2023ko liburuen izenak eta datak gehitu ditugu zerrendara.




Aurten ere aurrera egingo dugu Yurre Ugartek dinamizatzen duen irakurle klubarekin.

Hilabetero bilduko gara hirugarren asteartean arratsaldeko sei eta erdietan Kultur Leioako laugarren solairuan dagoen prentsa-aretoan eta aurretik proposatuko liburuen inguruan berriketan emango dugu hurrengo ordu eta erdia.

Irakurketak partekatzeko gogorik izanez gero, eman izena liburutegiaren webguneko formularioan eta zurekin jarriko gara harremanetan proposatuko liburuen aleak eskaintzeko.


Hauek dituzu aurtengo proposamenak:

 

Urriak 18

Karena, Alaine Agirre (eLiburutegian).

Amatasunarekin loturiko hainbat gai, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak agerira dakartza Alaine Agirrek, intentsitatez eta hunkiduraz idatziriko eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak…

 

Azaroak 15

Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde (eLiburutegian).

Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala.

 

Abenduak 20

Maitalea, Marguerite Duras (Mikel Garmendia, itz.) (eLiburutegian).

Bere lehen gaztarora jotzen du Marguerite Durasek Maitalea sortzeko, gogoratuz nola, hamabost urteko ikaslea zela, Mekong ibaian itsasontzian zihoala, merkatari txinatar aberats eta helduago bat hurbildu zitzaion, eta nola haren amorantea bihurtu zen gero. Eleberriaren abiapuntua baizik ez da pasadizo hori, dena dela, Durasek bere estilo berezia ontzeko eta bere gai kutunak lantzeko: kadentzia dotorez jositako esaldiak, obsesiboki errepikatzen diren irudi eta pasarteak, desira eta denboraren gaineko gogoetak, familia mindu baten zaurietan arakatze gupidagabea…

 

Urtarrilak 17

Azukrea belazeetan, Inazio Mujika Iraola (eLiburutegian).

80ko hamarkadako narraziogintzaren ikur bihurtu den lan honbek hiru ezaugarri garrantzitsu biltzen ditu: batetik, euskal literatura eta mendebaldeko literatura elkarrizketan jartzeko gogoa; bigarrenik, errealismo magikoaren zantzuak eta, hirugarrenik, narrazioek unibertso literario bakar bati egiten diotela erreferentzia (Iratxe Retolaza).

 

Otsailak 21

Erabili goldea hilen hezurren gainetik, Olga Tokarczuk (Amaia Apalauza Ollo, Sonia Kolaczek itz.).

Janina Duszejko basoalde bakarti batean bizi den emakume adintsua da, zubi-ingeniari erretiratua eta umeei ingeles-eskolak ematen dizkiena; William Blakeren poemak, Astrologia eta izaki bizidun guztiak maite ditu, eta animaliak hiltzen dituzten ehiztariak gorroto. Eta hain zuzen, ehiztari zenbait hilik hasi dira agertzen alderdi menditsu horretan.

 

Martxoak 21

Mandamentu hipermodernoak, Iñigo Martinez Peña.

Zerk egiten du gure gizartea den bezalakoa?. Zertan eta zergatik gara aurreko belaunaldietatik desberdinak?. Gure aroaa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Iñigo Martinezek, eta, horretarako, inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasun-konpromisorik, izan zoriontsu, bilatu berriena..Horrela 19 mandamentuko zerrenda osatu arte.

 

Apirilak 18

Berriz zentauro, Katixa Agirre (eLiburutegian).

XXI. mendearen erditsuan gaude. Guk ezagutzen dugun mundua aldatu egin da, baina ez asko. Edo bai. Paula Pagaldaik proiektu pedagogikoak sortzen ditu, errealitate birtualaren laguntzaz. Halako baterako inspirazio eta datu bila etorri da Parisera, gaur egun turismoa ia desagerturik dagoen arren. Lehenengo feministatzat hartu ohi den Mary Wollstonecraft idazlearen bizitza eta Frantziako Iraultza ikertzea du helburu. Katixa Agirre bera izango dugu gurekin saio honetan!

 

Maiatzak 16

Aldibereko, Ingeborg Bachmann (Idoia Santamaria Urkaregi itz.) (eLiburutegian).

Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen. Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean. Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra bihurtzen direlarik.

 

Ekainak 13

Pekineko kea, Beatriz Chivite.

Egileak Pekinen emandako ikasturtean ondutako poemategia, modu inpresionistan, baina barne-inpresioak, sentipenak, egoerak, trebeki lotuz kanpo-inpresioekin, ikusitakoarekin edota gertatutakoarekin. Modu erraz, zuzen eta freskoan. Elipsiren erabilerak ekialdeko poesiaren aire bat ematen dio, sintonian darabilen gaiarekin. Surrealista ukitu bat ere bai. Kanpo -eta barne- paisaiaren uztarketan ondutako lehen poesia-lana.


Informazio gehiago eta izena emateko aukera liburutegiaren webgunean.