2013-01-21

Literatura birrintzeko metodo bat

Unai Elorriagaren 'Londres kartoizkoa da'


Datorren eguaztenean (urtarrilak 23an) Unai Elorriaga izango dugu "Literatura birrintzeko metodo bat" azaltzen Kultur Leioan.

Literatur solasaldiak ospatzen diren laugarren solairuko hitzaldi aretoan izango da, arratsaldeko seietan (18:00).

Doako sarrera (aretoa betetu arte, behintzat) Anima zaitez literatura birrintzen ezagutzera!


Irudia: cc-by Egizu Getxo



Eguneraketa (2013-01-27)


Oso hurbilekoa izan genuen Unai Elorriagak (hurbilekoa zentzu guztietan, ba al zenekien Algortakoa zela?) literatura birrintzeko hainbat modu erakutsi zigun lehegunean. Printzipalena, edo berak gehien erabilitakoa, behintzat, honako osagai hauek lituzke:
 

  • Betiko (eta betidanik) kontakizunetan erabiltzen diren aurkezpena, korapiloa eta amaiera.
  • Eleberri bat, edo bi, edo hiru... hainbat.
  • Dena-azaldu-behar-ez-zaien irakurle eskutakada bat (azken osagai hau lortzeko zaila badirudi ere, irakurleak tontotzat ez hartzearekin nahikoa izaten da).

Hartu aurkezpena, korapiloa eta amaiera eta mehe-mehe xehatu, bakoitzaren ezaugarriak ez bereizteko moduraino. Ondo nahastu eta eleberriak urdaiztatu lortutako masarekin. Eleberriak bata bestearen barruan joan litezke labera ala hutsean egosi. Behar duzun beste denbora hartu (Faulknerren As I lay dyingek hiru aste baino ez ei zituen behar) eta irakurleei aurkeztu, era soil-soilean, edozein interpretaziorako prest, ala literatur kritikarien ozpinarekin nahasirik.

Esan zigunez, prestatzeko metodo honekin aritu da Unai SPrako tranbia eleberria idatzi zuenetik eta irakurtzeko gomendatu zigun Mikel Zarateren Haurgintza minetan. Hemeretzigarren mendean nagusitu zen eleberriak eratzeko modua (errusiar literatur klasikotik Agatha Christiera) ez du bizitza errealean ematen den diskurtso moztua behar bezala islatzen eta horregatik suertatzen dela beharrezkoa irakurleak bere modura interpretatuko duen azalpen gehiegibako bizipena.

Aipatutako Faulkner, Zarate eta Christiez aparte, Alfonso Zapicoren Dublinés ere gomendatu zigun. Baina hemendik, liburutegi sarean dauden bere lanak gomendatu nahi genizkizueke:



  • Van´t Hoffen ilea. Esan zigunez, agian bere obrarik ulergaitzena. Bere lanaren zioa zertan datzan argi geratzen ez den ministerioko funtzionario bat du protagonistatzat.

  • Vredaman. Metodoan aipatutako hainbat eleberri batzearen prozedurarekin sortutako obra. Bertan, kapituluen amaieragatik erdi-erditik ebagitako esaldirik ere bada.

  • Londres kartoizkoa da. Oraindik ehungarren orrialdetik idazten dabilen obra argitaratu arte, helduentzako aurkeztu duen azkenengo eleberria. Abenduko literatur solasaldietarako aukeratu zena, hain zuzen ere.

Haur eta gazteentzako ere hainbat aukera duzu Elorriaga ezagutzeko: Matxinsaltoen belarriak, musikaz blai duzun Erramunen soinua edo berri-berria den Zizili.

Eskerrik asko bisitagatik Unai! (baita euskaltegitik etorri zinetenoi) 



Unai Elorriaga Kultur Leioan