2010-08-24

Liburu usikadak -- Mordiscos de libro




Bada laurogeita hamarreko hamarkadari izaera iraultzailea izaten lagundu zion hirugarren faktore bat, eta "iraultzaile" adjektiboa are arrazoi gehiagoz erabiltzea justifikatzen duena: Internet jendartean hedatzea.

Interneten teknologia hirurogeiko hamarkadaz geroztik abian baldin bazen ere -posta elektronikorako eta berriketagune edo txatetarako-, oso jende gutxik erabili zuen beste hogeita hamar urte igaro arte. World Wide Web bera ere ez zen 1991 arte jaio. Baina erabiltzaileek epe harrigarri laburrean egin zuten bere teknologia hura, eta baita aditu bilakatu ere; eta teknologia haren hizkuntza arras ezberdina egokitu eta hedatu egin zuten.

Hasieran, uste zen bultzatzaile sutsuek erabilitako argota eta jargoia zela hizkuntza-berritasun nagusia, eta, halaber, ohiko puntuazio eta ortografia arauei jaramonik ez egiteko joera. Hizkuntzalariak txundituta geratu, ziren, batez ere hizkuntza-berritasunak munduan zehar zeinen azkar heda zitezkeen ikusita.

Dena dela, pixkanaka, nabarituz joan zen Internetek hizkuntzaren estilistika-aldaera berri bat baino gehiago zekarrela; izan ere giza komunikazioa errazten duen beste hautabide bat da. Aukera hori hain berria denez gero, ez du oraindik denek onartutako izenik hartu (ordenagailu bidezko komunikazioa OBK aipatzen da, eta baita komunikazio elektronikoa ere), eta erabiltzen duen hizkuntza mota izendatzeko ere ez dago hitz bateraturik (nik Netspeaka erabiltzen dut). Baina esparru teknikoan eta sozialean Internet agertzea gertaera iraultzailea izan den moduan badira arrazoiak hizkuntzaren esparruan ere beste horietan bezain iraultzailetzat jotzeko.




Hizkuntzaren iraultza, David Crystal