Behin, munduan ziren sentimentu, dohain, bekatu eta akatsak herriko plazan elkartu ziren. Ez zekiten zer egin. Astia bazuten zernahitarako, baina ez zuten gustuko eginkizunik aurkitzen. Halako batean, injenioari zera otu zitzaion:
- Ezkutaketan hasiko al gara?
Eta 'bai', 'bai' erantzun zioten gainerako sentimendu, dohain, bekatu eta akatsek. Bazen arazo bat, ordea. Nork geratu behar zuen kontatzen? [...] Eromena geratu zen azkenean begiak itxi eta plazako arbola bati begira batetik milarainokoak kontatzen.
[...]
Eromenak atxilotu zituen jada ziren eta ez ziren sentimentu, dohain, bekatu eta akatsak. Lotsa, pereza, zurrumurrua, izua, zalantza, sexu-grina, zeloak, ahanztura, zentzuna, mendekua, asperra, plazerra, malenkonia, ohorea... Zirenak eta ez zirenak. Ustez denak. Herriko plazan elkartu ziren bete jolasen batean hasteko prest. Baina halako batean, ardura konturatu zen maitasuna falta zela, ez zela maitasuna inondik ageri. [...] gogora ekarri zuen maitasuna lore-arantzekin parekatzen zuen esaera zaharra. Hura hala bazen... arrosadia batean behar zuen maitasunak!
Aurkitu zuen arrosadia. Bazekien haren barrenean ezkutatu zela maitasuna. Ezin zuen ordea barrurantz egin. Hain ziren sarriak arantzak! [...] Zuhaitz adaska berezi bati luzatu zion eskua. Adar-mutur bi zituen, txardango. Arrosadia zast! eta zast! miatzen hasi zen. Han bazegoen irtengo zen, txardango eztenek akuilaturik [...] Eta halako batean ai! ai!, ai! ai! entzun zuen maitasunaren kexu-hotsa. [..] Txardango adar gaiztoek bi begiak odol-putzu bihurtu zizkioten. Odol-errio bana zerion bi matrailetan behera. Eromena ia erotu zen maitasunari zenbateko oinazeak eragin zizkion ikustean. Kupitu egin zen maitasunaz. Ez zion minik eman nahi izan. Eta besoa eskaini zion euskarri. Halaxe azaldu ziren herriko plazan. Ordudanik jakina da maitasuna itsua dela, eta beti-beti eromenaren eskutik dabilela.
Pausoa noiz luzatu, Andoni Egaña (también en castellano: Cuándo alargar el paso)
0 comentarios: to “ Liburu usikadak - Mordiscos de libro ”
Post a Comment