2026-10-14

Euskara irakurle kluba 2026-2027

 

 

Aurten ere aurrera egingo dugu irakurle klubarekin. Aurtengo kurtsoan Alaine Agirre idazle ezaguna izango dugu taldearen dinamizatzaile lanetan («Niretzako oso garrantzitsua da irakurketa irakurleengana bideratzea hauen gustuak eta interesak kontuan hartuta; egin ahala egingo dugu bidea, alegia») info gehiago liburutegiaren webgunean.

Hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean bilduko gara arratsaldeko sei eta erdietan Kultur Leioako laugarren solairuan dagoen prentsa-aretoan arratsaldeko sei eta erdietan aurretik proposatuko liburuen inguruan berriketan emateko hurrengo ordu eta erdia. Liburuen aleak eskuratzeko utzi gure kontu.

Irakurketak partekatzeko gogorik izanez gero, deituiguzu edo eman izena liburutegiaren webguneko formularioan eta zurekin jarriko gara harremanetan.

 

Hauek dituzue aurtengo proposamenak eta datak:

 

Urriak 22

Puntobobo, Itxaso Martin Zapirain

Ez da normala izango, esan zion medikuak haurrak urtebete zuenean. Jaio aurretik, ordea, Amak jakin bazekien barruan zeraman haurra ez zela besteak bezalakoa izango. Amak alaba etxean isolatu zuen, eta herritarren txutxu-mutxuak areagotu egin ziren. Hain zen estua bien arteko harremana, beste alaba baten jaiotzak ez baitzuen hori haustea lortu.

Etxe heze eta ilunean sustraituko dira hiru emakumeak, asinkronia batean; bizilagunen usteak inguratuta, sufrikario eta errezoen artean, patu ankerrari begira. Etxe horretan ez dira, inolaz ere, hain erraz ustelduko sekretuak.

 

Azaroak 19

Barne zerbitzuak, Katixa Agirre

1937-1943 urteetara garamatza Katixa Agirreren nobela berriak. Garai latzak. Espainiako gerra aurrena, eta horren segidan II. Mundu Gerra: ehunka mila gizon lubakietan, itsasoan nahiz airean elkar hiltzen, baina hau ez da gizonen gerra-kontakizun ohikoa, sasoi ilun hartan bere bizia jokatuz beste askorenak salbatu zituzten emakume ausart batzuei buruzkoa baizik.

Izan ere, Euskadin gerra galdua zelarik, kartzela eta kontzentrazio-esparruetan preso zeuzkaten senar eta nebei bisitan hasi ziren eleberri honetako protagonistak; espetxera mezu klandestinoak sartzen eta handik ateratzen segitu zuten gero, eta hortik abiatuta espioitza-sare zabal bat eratu zuten, erregimen frankistaren eta haren aliatu aleman eta italiarren xehetasunak ematen zizkiena alaitu frantses eta britainiarrei. Horra, Alava sarea zer izan zen.

 

Abenduak 17

Esker onak, Delphine De Vigan (Aiora Jaka Irizar itz.)

Michka, adineko emakume bat, hitzak galtzen hasten da, eta horrekin batera, sortzen zaizkionak ezin adieraziz gelditzen da. Bere ondoan, Mariek eta Jérômek bizitzaren esanahia berriz topatuko dute, esker onaren ahalmenean eta zaurgarritasunaren edertasunean. Michkaren auzoa da Marie: txikia zenean eta bere amak alde egiten zuenean, Michkak zaintzen zuen. Jérôme, berriz, geriatrikoko logopeda da, eta, afasia baten erruz galtzen ari den hizketa, partzialki bada ere, berreskuratu nahi dio Michkari.

Estilo neurritsu, apaindura gutxikoan idatzita, bi ahotsetara egindako narrazio honek oroimenaz, iraganaz, zahartzeaz, hitzez, ontasunaz hitz egiten digu, eta gure bizitzetan garrantzitsuak izan zirenekiko esker onaz. Hiru pertsonaia ahaztezin hauek testu hunkigarri eta samur honetan txirikordatuz elkartzen dira, eta irakurlea beren bizipenetan sakontzera gonbidatzen dituzte, galdetuz: norentzat gordetzen dituzu oraindik zure azken hitz esker onekoak?

Euskarazko bertsioa Aiora Jaka Irizarren eskutik heldu zaigu.

 

Informazio gehiago eta kurtsoko data guztiak liburutegiko webgunean.