«Euskaraz publikatzen duten aldizkari eta argitaletxeek ere merezi duten protagonismoa izatea nahi dugu» diote hainbat komikizale eta komikigileek eta Euskal Komiki Eguna deialdia luzatu dute irailaren 29rako (info+ Komikipedian).
Antza denez, 1977ko irailaren 29an argitaratu zen Zakilixuten lehenengo tira eta egun hori hartu gura da munarritzat aurten lehenengoz baina hurrengo urteetarako ere zabaldu nahi den ospakizun honetarako. Lehenengo urte haietako komikiaz eta komikilariez gehiago jakiteko: Ipurbeltz: 1977-2002 eta Habeko Mik: (1982-1991).
Euskaraz argitaratu diren komikien informazio zehatza lehen aipatutako Komikipedian aurkituko duzu, baina oso interesgarriak gerta litzaizkizuke baita ere Donostiko liburutegiko komiki irakurle kluba dinamizatzen duen Igor Leturiaren bloga (e-gorblog), liburuzain lanetan dugun Mikel Begoñaren bloga (Komikeri) edo Eneko eta Mirai mangazaleek komiki mota honi buruz aurrera daramaten bloga (Mangaberri).
Liburutegitik, oraintsu heldu diren eta euskaraz sortutako komiki batzuk proposatzen dizkizugu (itzulpenen bat edo bi ere, agian. Oso gauza interesgarriak euskaratu baitira azkenaldian). Hona 3. solairuko erakusmahaian aurki ditzakezun komiki batzuk:
Maurizia: biziminaren hotsa, Garbiñe Ubeda eta Garluk.
Izena oraintsu aldatutako Ikastolen Elkarteak (Juul sarien erakusketan erabilitako logoa aldatu beharko dugu) argitaratzen duen Xabiroi aldizkarian atalka ateratako komikia. Lehenago argitaratutako Elgetan bezala, oraingoan ere trikitilari baten bizitzan ardazten da. Eta a zer-nolako trikitilaria! Begira, adibidez, zer erantzun zion errainari Aupa Maurizia liburuan jasotzen den bezala: «— Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “Aupa, Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun. — Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean…eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?»
Elgeta, 1937: emakumeen memoria, 3izkai.
Ez nahastu aurrean aipatutako Sasi artean Elgeta trikitilariaren komiki biografikoagaz. Kasu honetan, Aiert Zubigarai, 3izkai (Bizkai ipini diogu fitxan, katalogatzerakoan ez gaitezen zorotu) elorriotar egileak Gerra Zibilaren ikuspegia eskaini nahi izan digu emakumeen begiradatik abiatuta. Intxortatik Artxandara eramango gaitun bidaiaren lehenengo pausua dugu hau. Urtero ale bat argitaratzeko asmoa du (info+ Berrian).
Aldaxka pozoituak, Aritz Ibarra Agirrezabal.
36eko Gerra aurretik izan bazen beste gerrarik ere Euskal Herrian. Aritz Ibarrak Eneko Bidegain eta Ibai Telletxea hartu ditu bidaide Lehen Mundu Gerrak Iparralden izan zituen ondorio latzak aurkezteko (Gaiari buruz Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak ere oso gomendagarria)
Gora euskal herrientsak, Asisko eta Dom Campistron.
Iparraldetik gertu, Asiskorekin ikasi dugu errientsak eskola-maistrei dagokien izena dela (jaun errient eta andre errientsak). Berak sortutako saiakera grafiko honetan bost irakasle garrantzitsuri egiten die omenaldia (bai, Paya eta Gallegoren komikian (Nori) «ze euskera batu irabiatu eta ze txinera irabiatu» dioen Elbira Zipitria ere beraien artean). Dom Campistronek (Bekatorosak) lagundu du libura apaintzen.
Erbestearen memoriak: 37ko euskal haurrak, Begoña Garrido eta Oskar Gorroño.
Erbestearen eta lehen frankismoaren ikerketa lanetan, Begoña Garridok 30 elkarrizketa baino gehiago burutu zituen Bizkaiko hainbat tokitan. Elkarrizketotan haurren erbestealdiaren gaia behin eta berriro agertu zen, eta esperientzia horrek euskal gizartearen zati handi batentzat izan zuen garrantziaz eta zein erabakigarria izan zen oharturik, Oskar Gorroñorekin elkartu eta komiki hau autoargitaratu du euskaraz eta gaztelaniaz. Info+ Begoña Garridoren webgunean.
Ihes plana, Agustín Ferrer Casas (Miel A. Elustondo itz.)
Ez ziren umeak bakarrik izan gerra zela eta ihes egin behar izan zutenek. Kasu honetan Agustín Ferrer Casasek Pradoko museoan zeuden artelanen lekualdatzea Valentziara azaltzen digu. Lau urte hartu dizkion (arazo pertsonalek luzatuta La Batidoran argitaratutako elkarrizketa honetan [gazt.] azaltzen duenez) proiektu honek Miel A. Elustondoren eskua aurkitu du euskarara etortzeko (bai, itzulitatako komikia dugu hau). Adi Elustondori azkenaldian jo ta su baitabil komikiak itzultzen (Lehoi ogroa eta Mugako dragoien serieak edo Ekoline).
Ahanzturaren leizea, Paco Roca eta Rodrigo Terrasa (Bego Montorio itz.)
Beste itzulpen bat, oraingoan Bego Montoriok ekarri digu egile ezinbestekoa bihurtu den Paco Rocaren memoria historikoa jorratzen duen azken lana. Historikoaz aparte, memoriarekin erlazio intimoa duen egilea dugu Roca, horra adibidez oso gomendagarria den Zimurrak alzheimerrari buruz edo famili harremanak denbora zehar erakusten duen Etxea. Bi biak Begok euskaratuta. Azkenaldian Bego Montoriok euskaratutako beste komiki batzuk: Álvaro Ortizen Iratxo txikia edo Romain Pujol eta Vincent Cauten Bigaren serie arrakastatsua.
Herriak du gehien agintzen, Raquel Varela eta Robson Vilalba (Eskarne Mujika Gallastegi itz.)
Portugalgo diktadura irauli zuen krabelinen matxinadak berrogeita hamar urte bete zituen iazko apirilean eta Raquel Varelak eta Robson Vilalbak erreboltan izan zuen zeresan erabakigarria islatu nahi izan zuten lan honetan. Eskarne Mujikak itzuli du Europako azken iraultza arrakastatsu honen testigantza grafikoa.
Paralinpikoak, Susanna Zu Martin
Javi Conde atleta basauriarrak antolatutako Meeting paralinpikoaren harira sortutako komiki biografikoa non Zu Martinek (Black is Beltza Ainhoa) zazpi atleten bizitzak eta lorpenak aletzen dituen. El Langiren hitzaurrea duen komiki hau online irakurtzeko aukera ere badago (pdf) Basauriko Merkatarien Elkarteari esker.
Saltsa Nostra: Sergio Ortiz de Zarateren errezeta komikia. Doane Joanesen erraietan, Sergio Ortiz de Zarate eta Iker Bildosola Fernando San Vicenteren marrazkiekin
Zarate jatetxe ezagunaren Sergio Ortiz de Zárateren errezetak ekintza eta espioitza argumentu batekin nahasten diran thriller gastronomikoa. Sukaldaritza arimarik gabeko produktu bihurtu nahi duten frankizien kontra lehiatuko dira komiki segida (anbiziotsu, hamahiru liburuki sortu nahi dituzte) honen protagonistak.
Girl's last tour, Tsukumizu (Iker Alvarez itz.)
Chito eta Yuuri munduko azken izaki bizidunen artean daude. Zibilizazioaren hondakinak arakatzen dituzte ibilgailu militar zahar batean eta oso gutxitan topatzen dituzte beste gizaki batzuk. Chitok pixka bat irakurri eta idatzi dezake, eta askotan ozen galdetzen dio inguratzen dituzten egitura arraroei buruz. Yuuri xaloa da, batzuetan arriskutsua, eta axolagabea. Kabe deitzen da Harriet argitaletxearen manga argitaratzeko zigilua eta beste hainbat serie ateratzen ari da, sarritan Iker Alvarezek berak itzulita (adibidez Change the World edo Dinosaurs Sanctuary (Dinosan)).
Itsaso gaziaren balada bat, Hugo Pratt (Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itz.)
Komikiak eman duen pertsonaia ezagunetariko baten sortze-istorioa. Lehen Mundu Gerra lehertzear dela, Rasputin pirataren katamaranak naufrago bat jasotzen du, bestela ezinbestez hilko zena: baten batek hankak eta eskuak lotu dizkio baltsa bati, eta jitoan dabil Ozeano Bareko olatuetan. Gizon horrek mito bihurtzeko moduko izena du: Corto Maltese. Hau ere, oraintsu itzultzen dabiltzan komiki klasikoen multzora sailkatuko dugu.
Goizero, Javier de Isusi (Nekane Gonzalez Gerriko itz.)
Behinola Leioako auzotar izan genuen Javier de Isusik sortutako lanik berriena. Bertan, Ana eta Laiaren erlazioan sakondu egingo dugu. Ana eta Laia lagunak dira. Ana ezkonduta dago, alabak dauzka eta ez du inoiz hitz itsusirik esaten; Laia, berriz, guztiz kontrakoa da. Goizean, arratsaldean eta gauean egin beharreko lanbidea daukate. Eguneko 24 orduetan. Asteko 7 egunetan. Komiki hau Kultura ministeriotik bultzatu zen martxoko Komikiaren egunean ere irten zen erakusmahaira dantzan azkenaldian loratu diren itzulpen oso interesgarriekin biribilketa alaian; Danele Sarriugartek itzuli duen Alison Bechdelen Fun Home autobiografiko ezinbestekoarekin edo Julen Gabiriak euskaratutako Gerra Gazan oihu grafikoarekin batera (azken honi buruz, badirudi argitaratzear dagoela Joe Saccoren Palestinari buruzko trilogia osotuko zukeen Gazako oin-oharrak).
Niretzat bedi zu hildakoan, Zerocalcare (Koldo Izagirre itz.)
Edabeak, pozoinak eta ukenduak administratzen duen Farmazia Beltzak lan ikaragarri ona egiten dabil Zerocalcare eta Koldo Izagirre uztartuz. Italiarraren hizkera bizia berdelkeriz betetzen da euskarazko edizioetan eta hizkuntz bizi-bizia erakusten digu. Azken ale honetan egileak bere aitarekin duen erlazioan sakontzen du inkomunikazioaren isla ferpektoa erakusten digularik. Egilearen aurreko lanak ere liburutegian eskuragarri daude.
Botere handi batek, Iban Zaldua eta Julen Ribas
Iban Zalduak superheroiak eta euskal 'gauza' txirikordatuko ditu «14 urteko atsoek eta agureek eta 80 urteko neska-mutilek» irakurtzeko moduan Marvel estilora bildurik. Ez antzik bilatu Garth Ennisen The Boys komikiaren munduarekin edo, parajeago etorrita, Patxi Gallegoren Xabinaitor lizunarekin. Beste estilo eta gaia lantzen dute Ibanek eta Ribasek. Bidebatez, Iban Zaldua Kultur Leioan izango dugu azaroaren 4ean gaztelaniazko irakurle klubaren harira eta Julen Ribasek euskarazko irakurle kluba dinamizatzen duen Yurre Ugarteren Iris XXII komikiari arkatzak eta koloreak jarri dizkio baita ere.
Chillidaren mapa, David Marto (Leire Arano itz.)
Eleberri grafiko honetan, David Marto marrazkilariak Chillidaren obra ezagutzera gonbidatzen gaitu, euskal eskultore handiaren obrarekin maiteminduta dagoen ikasle gazte baten begietatik. Istorioaren protagonistak, Martak, bere aitonari Espainia osoan zehar banatuta dauden Eduardo Chillidaren monumentu nagusiak bisitatzera laguntzea amestu du. Aitona hiltzean, Martak omenaldi bat egitea erabakiko du, bere ametsa betez. Eduardo Chillidari eta bere lanari buruzko 24 orrialdeko txostena du komikiak bere barruan.
Egun bat Beti Berdin tabernan, Gastón
Pandemia garaitik gure bihoztxua irabazi zuen Asier Iturralde 'Gastón'ek (bera arduratu baitzen jarraitu beharreko gomendioen alde grafikoaz eta) Beti Berdin tabernaren gorabeherak aletuko dizkigu obra honetan. Tabernaren pandemia garaiko abenturak oraindik eskuragarri daude online bere webgunean.
Mikroipuinak, Idoia Torregarai eta Zaldieroa
Eta amaitzeko, beste umore dosi bat Zaldieroak Idoia Torregarai 'Bootxo'rekin batera sortutako mikroipuinekin. Baten batek zioenez, 140 karaktere nahikoak ziren pertsonaren kategoria ikusarazteko. Idoiari ere nahikoak zitzaizkion karaktereok Twitterren orain bihurtu den putzu sakon eta ilunaren aurretik. Patxi Huartek irudimenari 'irudi' partea jarri eta horra burmuina zirikatzen dituzten istorio, kontu eta pentsamendu hauek.
Oraindik ez bazaude aukeraketa honekin ase, Euskal Herria Irratiak hainbat gomendio luzatu zituen eta asteburuan ospatutako Getxoko Komiki Azokan (ekitaldiko kartela Laura Pérezek egin zuen. Programa pdf formatuan) Skolastikako Josune Muñoz omendu zuten. Hirukan oso elkarrizketa mamitsua irakur dezakezu euskal komikiaren bere ikuspuntua ezagutzeko.
Euskal komiki egunak Instagram kontua ireki zuen eta hainbat liburutegik ere, egunaren harira egindako erakusketak partekatu zituzten bertan (Bilbokoak, Hernanikoa edo Arbizukoa adibidez).
Ea ekimena errotu egiten den eta gehiagotan gozatzeko aukera dugun.




















Blog honetara harpidetu 

0 comentarios: to “ Euskal komikiaren eguna ”
Post a Comment