Hasieratik argi izan genuen gure semeak Leioako Betiko ikastolara joango zirela. Bagenekien publifikazio garaian asko sufritu zuen ikastoletako bat izan zela, izan ere, judizializatuta egon zen ikastoletako bat zen eta hausturaren ondoren ikasle kopuru txiki atekin geratu zen. […] Ez zitzaigun axola izan, bagenekien Leioan euskararen eta euskal kulturaren aldeko apusturik argiena zela, eta jende askok adierazi zidan bezala, Euskal Eskola Nazionala lortzeko borrokan militante asko aurkitu genituen.
Ostegun honetan, azaroak 7 dituenean, Koldo Tellitu izango dugu Kultur Leioan ikastolen historiari buruz idatzi duen Ni ikastola: XXI. mendeko ikastolen historia sozial bat liburua aurkezten (hitzorduari buruzko informazio gehiago liburutegiko webgunean).
Azkenengo 25 urteetan ikastolen mugimendua zertan datzan azaltzen duen liburu honek bi arrazoiekaitik (besteak beste) erakar gaitzake; batetik, oraintsura arte Ikastolen Elkarteko lehendakaria izanik gertu-gertutik ezagutu dituelako bertan azaltzen dituen kontu asko eta bere esperientzia propiotik deskribatzen dituelako, bere egunean gertatu ziren modura. Eta bestetik, Leioako historian ere txertatuta dagoen Betiko ikastolaren nondik norakoak azaltzen dituelako herrikoen jakin-mina asetu nahirik.
Liburuari buruz gehiago jakiteko: Koldo Tellituri eginiko elkarrizketa Hiruka aldizkarian.
Ikastolen mugimenduari buruz gehiago jakiteko:
Oroimenaren hitza: ikastolen historia : 1960-1975, Idoia Fernandez.
«Hona zeintzuk ziren gure orduko planeteamenduaren terminoak: · Ikastola etxetik atera eta eskolara eramatea · Eskola euskaraz burutzea · Eskola ona gauzatzea · Eskola "nazionala" egitea» (Jazinto F. Setien liburuaren hitzaurrean). Liburu hau sortu zuen Idoiaren tesia ere online eskuragarri dago (pdf) («90. hamarkadaren hastapenean ikastolen historiari buruzko tesi bat egitea gure gurasoen eta akaso aitita-amamen belaunaldiarekin izandako zor bat kitatzea bezalakoa zen»)
Ikastola mugimendua, dabilen herria: ikastola eredua 1960-2010, Iban Iza (egile nagusia).
«Bertan ikastolek euskal gizartean azkeneko belaunaldietan izan duten ibilbidearen eta eraginaren berri emateaz gainera, egungo proiektuan oinarritzen den egitasmoa ere azaltzen zaigu» (Andres Iñigo liburuaren hitzaurrean). Online ere eskuragarri Euskaltzaindiaren gunean (pdf).
Beraz, interesik baduzue badakizue hitzordua: Azaroak 7, arratsaldeko 18:00etan Kultur Leioako prentsa aretoan (4. solairuan).
0 comentarios: to “ Ni ikastola, Koldo Tellituren liburuaren aurkezpena ”
Post a Comment