2022-05-12

Hamar (eta bat) poema Liburuaren egunerako

Liburulab ekimena 2022an Herrigunerekin

 

Apirilak 28 zituenean, Liburuaren Eguna ospatzeko gonbidapena jaso genuen Herrigune Leioa ikas-hezkuntza komunitate proiektutik. 2022ko #LiburuLab ekimena liburutegiaren ondoko plazan ospatuko zen eta, beste jardueren artean, poesia errezitaldia ere egongo zen.

Liburutegiko Google Drivean duzue errezital poetikorako aukeratutako hamar (eta bat) poesiak eta egileak batzen dituen liburutegiko proposamena.

Hona bertan aurki dezakezuenaren lagin bat:


1932. urtean argitaratu zuen Xabier Lizardik Bihotz-begietan, euskal poesiaren liburu inportanteenetako bat (Leire Lopez Susa argitaletxeko kidearen esanetan). Euskara goitik behera berritu zuen liburuaren 125. mendeurrena ospatzearren, egungo hizkuntzara egokituta dagoen edizio berria plazaratu dute Susakoek Zarauzko udaletxearekin batera (jatorrizkoa, ondare bibliografikoa biltzen duen Liburuklik plataforman eskura dezakezu).

 

V. ETORKIZUNA (Asaba zaharren baratza)

Ordun eguzkiz jantzi zan
asaba zaharren baratza
ordun, zuhaitzak igaliz
ordun baratza leheneratu zan
mugak berriro zabaliz.

(poema osoa Basque Poetry atarian)


Liburu klasikoen egokitzapenaren gaiari helduta, euskal poesia gogor astindu zuen beste egile bat Gabriel Aresti dugu. Poesia mailu bat zela zioen poetak eta bere izenaren (eta izanaren) ardura erakusten digu poema ezagun honetan (Rafa Ruedak musikaturik entzuteko aukera ere badago liburutegian).

 

NIRE IZENA

Hiltzen naizenean egonen da
nire lauzaren gainean eskribu hau:
Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego.
Pérez y López. Marmolistas. Derio.

(poema osoa Susaren orrian)


Poesia eta hitza ulertzeko hainbat era daude. Agian ez da zertan mailu bat izan behar. Agian nahikoa da piztien mintzoa erabiltzea barruan duguna zabaltzeko eta uler gaitzaten. Antzeko zerbait diosku Castillo Suarezek bere hurrengo poema honetan:

 

PIZTIEN HIZKUNTZAN

Piztien hizkuntzan mintzo nintzen.
Lainopean ezkutatzen den behorra bezala,
egunak ematen nituen desagertuta.

(poema osoa Castillo Suarez beraren Iparraldeko neska blogean)


Basapiztiek zelan berba egiten duten, zelan pentsatzen duten duten oso modu hunkigarrian landu zuen Bernardo Atxagak. Kirikolatzaren azalean eta burmuinean jartzen gaitu oso ezaguna den poeman honetan (kasu honetan Jabier Muguruzak musikatua)

 

TRIKUARENA

Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,
eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;
gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.

(poema osoa Basque Poetry atarian)


Baina ez da bakarrik lengoaia kontua. Joseba Sarrionandiak zioen «Idazleek badute ia denek obsesio bat lengoaiari buruz. Politikan batez ere ikaragarria da zelan usteltzen den hizkera […] Politikan eta gure gizarteko gainerako espektakuluan ezartzen den lengoaia hori pentsamendu interesatuaren maltzurkeriatik sortzen da, baina oratoria horrek pentsamendua usteltzen du azkenerako.» Pentsamendua ere bada eta oso ondo islatu zuen kartzelatik pasatu denaren gogoa poema ezagun honetan (bertsio musikatua ere badago Mikel Markezen eskutik)

 

PRESO EGON DENAREN GOGOA

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da

(poema osoa Susaren orrian)


Eta gogamenetik «agian gorputzaz gehien idatzi duen euskal idazlea»rengana (Eider Rodriguezen esanetan). Miren Agur Meabek modu askotara agertzen du gorputza bere testuetan; «Identitatearen bilaketari lotuta, desira esplizitatzeko, heriotzari buruz hausnartzeko, eta kode alternatibo bat aldarrikatzeko erreminta modura». Gorputzarekin batera, haurtzaroko gomutapenak landu ditu sarritan iaz Espainiako Poesia Saria irabazi zuen liburuaren poema honetan bezala:

 

KORRUA

Eskutik oratuta ibiltzen ginen bueltaka,
abestiari lagunduz imintzio eta txaloekin.

(poema osoa Susaren orrian)


Itsasoko aparrez zipriztinduta datorkigu baita ere Leire Bilbao. Aurreko poeman haurtzaroa agertu bazaigu ere, oraingoan jaiotzeraino helduko gara. Amatasunak zeharkaturiko poeta honek  zera argitaratu zuen aurreko poema batean:

 

TERRA NOVA

Berandu jaio zinen
esaten zidan amak.
Bi astez berandutu nintzen
munduari beldurrez.

(poema osoa Susaren orrian)


Ezin dugu aukeratu noiz jaiotzen garen, ezta historia noiz hasten den. Edo bai? Xabier Montoia abeslari, idazle eta poeta ezagunak argi dauka:

 

[IZENIK GABE]

Batzuentzat
Jesukristo gurutzera
(lapurren artean)
igo zenean,
hasten da historia.

(poema osoa Basque Poetry atarian)


Azken finean, bakoitzak erabakitzen du nor maitatu, zer maitatu. Euskal letretan hain garrantzitsua izan den Joxean Artzek argi zeukan (Txoriak txori abesti ezagunaz aparte, poema hau ere abesti bihurtu zuen Mikel Laboak)

 

[IZENIK GABE]

Maite ditut
maite
geure bazterrak
lanbroak
izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten
uzten
orduan hasten bainaiz
izkutukoa...
nere barruan bizten diren
bazter miresgarriak
ikusten.


Eta ondo ezagutzen ditugun bazterrotatik, Aintzane Galardik proposatzen dizkigun paisaia iradokigarrietara. Munduko leku eta pertsona ezkutuak aurkezten digun liburu honekin Bilboko Blas de Otero Poesia saria lortu zuen orain dela urte batzuk.

 

APIRILA ZEN

Mundu berria paseatzen zen ziztuan
jeeparen bi hemisferioetan.
hareazko itsasoak hegaldatu genituen,
oasietako palmondoetan
poltsikoak datilez bete.
Lehiatila zabalduetatik
apirilaren urdinak ferekatzen gintuen.
Orduan, Tubkal zuria desizoztu zuten
zure begi beltzek eta
udaberria isuri zitzaigun ezpainetara.
Estrata ondoko maragurien zaporea zuen.


Azkenik, eta munduan hamar poema baino hamaika irakurtzeko gaudelako, auzokide dugun Ana Moralesek itzulitako Edna St. Vincent Millayren aholkua bizitzaz eta amodioaz gozatzeko:

 

SEKULA EZ DA ADARRETIK HARTU BEHAR FRUTA

Sekula, sekula ez da adarretik hartu behar fruta
Eta upeletan batu.
Amodiorik jan nahi duenak zintzilik dagoen lekuan jan beza.
Adarrak ihiak legez okertu arren,
Fruitu umotuak belartzan lehertu edo arbolan zimurtu arren,
Amodiorik jan nahi duenak eroan dezake berekin
Sabelean eutsi ahal duena, ez besterik,
Ezer ez mantalean,
Ezer ez sakeletan.
Sekula, sekula ez da adarretik batu behar fruta
Eta upeletan gorde.
Amodioaren negua upa hutsez beteriko soto bat da
Ustelak bigundutako baratze batean.

Harpweaver, 1923 (Egilearen poemak Ana Moralesek euskaraturik Susaren orrian)