2019-06-17

Hiltzailea nire baitan irakurle klubean

Hiltzailea nire baitan Leioako irakurle klubean


—Nahiago nian hori egin izan ez bahu, Johnnie. Oker egin huen ez esanda.

—Zer esan nahi duk, haserretu egingo direla? —purrust egin zuen—, pikutara horiek. Ez ditek ezer esan nahi niretzat, baina hi morroi legala haiz.

—Al nauk? Nola dakik hala naizela, Johnnie? Nola jakin lezake egundo ezer pertsona batek?

Mundu xelebrean bizi gaituk, umea, oso zibilizazio partikularrean. Poliziak krimenak egiten ari dituk, eta kriminalak polizien lanak. Politikariak predikatzaile dituk, eta predikatzaileak politikari. Zerga-biltzaileek beren poltsikorako biltzen ditek. Gaiztoek, guk diru gehiago edukitzea nahi ditek, eta zintzo eta on direnek, aldiz, kendu egin nahi zigutek. Hori guretzat ez duk ona, ulertzen zer esan nahi dudan? Jan nahi dugun dena eukiko bagenu denok, kaka pila galanta egingo genikek. Komuneko paperaren industriak inflazioa izango likek. Horrela ikusten diat nik. Horixe duk entzun ditudan argumentu askoren neurria.

Irribarre egin eta lurrera bota zuen zigarrokina.


Hiltzailea nire baitan, Jim Thompson. Itzultzailea Miel A. Elustondo.


Irakurle klubaren ikasturte honetako azken geralekuak Ipar Amerikako hegoan kokaturiko petrolio-hiri txiki eta hertsi batera garamatza. Itxurak gorde beharraren beharrarekin, oso sakon gordetako sekretudun pertsonaia 'lilurahiguingarria' aurkezten digu Jim Thompsonek oraingo honetan.

Hedoi Etxartek bere ohar pornoetan adierazten digun modura, geraleku bakanetakoa dugu Jim Thompson euskaraz irakurtzeko orduan (eskuragarri daude 1280 arima, Ihesa, Emakume demonioaAmorruaren ume eta Litxarreroak).  Raymond Chandlerekin eta Dashiell Hammettekin batera, eleberri beltza/poliziako klasikoaren urrezko hirukotea osatzen zuen egile honen estiloak, ospe gehiago ezagutu zuen Europan ezaguna egin zenean bere garaian baino.

Tira ba, ekainak 19 dituenean izango dugu liburu honen inguruko bilera, helduen solairuan arratsaldeko sei eta erdietan. Ea Pako Aristik zioen modura ezingo zenukeen ezetzik esan.

Liburuaren inguruko kritikak Armiarma webgunean.