—Orduan film hori dela eta aukeratuko zuen izena. Galdetuko diot nagusia topatzen dudanean. Zer esan nahi du Alphaville horrek?
—Etorkizuneko hiri asmatu baten izena da —dio Marik—. Esne-bidean dagoen hiria.
—Beraz, zientzia-fikzio filma, Star Wars bezala.
—Ez, ez da hori. Ez dauka efektu berezirik, ezta ekintzarik ere… Ongi argitu ezin dezakedan arren, film teorikoa da. Zuri-beltzean filmatua, ele eta mele egiten dute, arte eta saiakera aretoetan erakusten duten horietakoa.
—Film teorikoa?
—Bai, adibidez, Alphavillen malkoak isurtzen eta negar egiten duten pertsonak espetxeratzen dituzte, eta jendaurrean exekutatzen dituzte.
—Zer dela eta?
—Alphavillen ez dagoelako baimenduta sentimendu sakonik izatea.
Gauaren sakonean, Haruki Murakami. Itzultzailea, Ibon Uribarri Zenekorta.
Errusiar literaturatik Japonierara egiten dugu salto hilabete honetan irakurle klubeko bidaideok. Haruki Murakami idazle entzutetsua aukeratu dugu oraingoan bidaia horretarako eta euskaraz bera irakurtzeko dugun aukera bakarra (laginen bat kenduta) harrapatu dugu.
Izenburua Curtis Fullerren abesti batetik hartzen duen eta gau bakar batean laburbiltzen den istorio honek Murakamiren unibertsorako sarbide 'errazena' bezala aipatu izan da sarritan (David Tejera Expósitok, adibidez [gazt]). Gure kontu geratuko da, beraz, eleberri hau eskultura ala gehiegi aztertuz desegiten den elur-maluta ote den (Daniel Trillingek dioenez [ing]).
Irakurle klubaren bilerak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean ospatzen dira, liburutegiko helduen solairuko erakusmahaiaren ondoko besaulkietan arratsaldeko sei t'erdietan (18:30). Liburua irakurri ez baduzue ere baina interesik izanez gero, han aurkituko gaituzue bihar, urtarrilak 16 dituenean. Gonbidatuta zaudete.
Bileran erabil ditzakegun apunteak (pdf).
Liburuaren inguruko kritikak Armiarma webgunean.
0 comentarios: to “ Gauaren sakonean irakurle klubean ”
Post a Comment