—Dagoeneko ohartuko zinen aurrekrimenaren metodologiak duen desabantaila juridikoaz —esan zuen Andertonek igogailuak beherantz bizi-bizi eramaten zituen bitartean—. Legea urratu ez duten gizabanakoak harrapatzen ari gara.
—Baina ziur asko urratuko dute —adierazi zuen Witwerrek konbentzimenduz.
—Zorionez, ez dute egin… Guk lehenago harrapatu ditugulako, ezein biolentzia ekintza burutu baino lehen. Hala, krimenaren batzordea guztiz metafisikoa da berez. Errudunak direla diogu. Haiek, berriz, errugabeak direla esa dezakete etengabe. eta, neurri batean, hala dira.
Igoigailuak ateak ireki zituen, eta korridore hori batetik jarraitu zuten.
—Gure gizartean ez dugu krimen handirik —jarraitu zuen Andertonek—, baina atxiloketa esparru zabal bat daukagu, ahalmenez gaizkileak izan daitezkeen pertsonez betea.
Ordaina, Philip K. Dick, itzultzailea Aritz Gorrotxategi
Hilabete honetan zientzia fikzioa jorratuko dugu berriro ere irakurle klubean (orain urte batzuk Xabier Amurizak ekarritako Aldous Huxleyren Bai mundu berria erabili genuen hizpide). Iban Zalduak bere irakurle karreraren gailurretako bat modukotzat aitortutako Philip K. Dick egilearen Ordaina kontakizun laburren bilduma aukeratu dugu horretarako.
Liburua interesgarri suertatzen da alde batetik Philip K. Dicken hiru etapa (kanonikoak) laburbiltzen dituelako ipuinon hautaketarekin, eta beste alde batetik, gurean nahiko eremu soildua agertzen den zientzia fikzioaren ikur nagusi modura aurkezten delako (nahiz eta baden berri pozgarririk). Kezka horren oihartzunak Sautrelan ere entzun ziren (Ba al da zientzia fikziozko literaturarik euskaraz?).
Irakurle klubeko bilerak hilabeteko hirugarren asteazkenean ospatzen dira. Hilabete honetakoa bihar izango da, apirilak 18, liburutegiko hemerotekan arratsaldeko zazpi t´erdietan. Gonbidatuta zaude «etorkizun posible eta ezberdinak ezatabaidatu eta sortzeko behar hori» sortzen duen generoaz (Gorka Julio) berba egitera. Ez duzu liburua zertan irakurri behar izan, ziurrenik, jakitun ez bazara ere Philip K. Dick dagoeneko ezagutzen duzulako (ING).
Xerezadeko inurri nekaezinek, liburuko ipuin guztien artetik zientzia fikziotik gutxien daukan Elfoen erregea irakurri dute belarrien gozagarrirako.
Liburuaren inguruko kritikak Armiarma webgunean.
0 comentarios: to “ Ordaina irakurle klubean ”
Post a Comment