2017-09-29

Euskara irakurle kluba 2017-2018

2017-2018 ikasturterako programa Leioako irakurle klubean
Datak eta liburuen azalak hobeto ikusteko egin klik irudian


Kaixo lagunok, aurten ere euskara irakurle kluba aurrera aterako dugu liburutegitik. Bilerak prestatzeko ingurraztitxoari begira, badira urte batzuk irakurle taldearekin gabiltzala. Bejondeizuela!

Gainera, aurten programa bero-bero dator, gurekin izango baititugu Iñigo Roque Eguskitza itzultzailea (EIZIE elkarteari esker) eta auzokoa dugun Igor Mercado egilea ere.

Irakurle klubaren bilerak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean izango dira (#eguazt3nak) lehenengo solairuko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30). Bertara etortzeko zalantzatan bazenbiltzan orain duzu aukera. Jar zaitez gurekin harremanetan edo eskatu informazioa liburutegiko edozein erakusmahaitan.


Beste barik, ikasturte honetarako proposatutako irakurketak (azaleko laburpenarekin) eta datak zerrendatzen dizkizuegu:


  • URRIAK 18 Bidean ikasia, Arantxa Urretabizkaia. 1993. urtean hondarribiar emakume talde batek alardean parte hartzea eskatu zuen lehen aldiz. Ondorengo historia gogor eta garratza eta, aldi berean, eder eta hunkigarria saiatuko da kontatzen egilea, gertatutakoaz gogoeta eginez. Mina eta poza, biak dira irakasle onak. Horregatik du liburuak «Bidean ikasia» izenburu.
    Gaztelerazko irakurle klubean egon zen Arantxa Urretabizkaia (info gehiago blogean (gazt.): http://kulturleioaliburutegia.blogspot.com.es/2017/05/retratos-en-blanco-y-negro-en-las.html) eta bertan komentatutako liburua asko gustatu zenez, bigarren zatitzat har litekeen hau proposatu zen.

  • AZAROAK 15 Zorion klandestinoa, Clarice Lispector (Iñigo Roque Eguskitza itzultzailea). Clarice Lispectorrek hizkuntza guztiak dakizki, baita isiltasunarena ere. Claricek maitasunaren bidez izendatzen du. Maitasunaren legea diktatzen du, baina axolagabekeria kaotikoan erori gabe. Ez ditu desberdintasunak erreprimitzen; aitzitik, formulatu egiten ditu, taxua ematen die. Izendatzea da besteei egin diezazkiekegun hamaika keinuetako bat. Laztan egitearen, begiratzearen, isilean dei egitearen parean. Claricek hizkuntza bera lantzen du, eta orobat aztertzen du nolako harremana duen gorputzarekin, zeinen erraz izenda daitezkeen gorputzik eta errealitaterik gabeko gauzak, hitzak besterik ez direlako. Gizaki eta animalien aldea jorratzen du. Kexu da animalia ez izateagatik. Areago, bere baitako animaliaren bila dihardu. Haren lan-eremua ez da zientzia, baizik eta bizitza, heriotza, maitasuna.
    Oso egile interesgarria ei Clarice Lispector eta euskaraz gozatzeko dugun aukera bakarra kontakizun laburrez osatutako bilduma hau da. Gozatzeko aukera hau eman digun Iñigo Roque Eguskitza (@idazkola izena darabil Txiolandian) izango dugu gurekin egun honetan.

  • ABENDUAK 20 Kixotenean, Iñigo Astiz eta Maite Mutuberria (irudiak). Berria egunkarirako idatzitako artikulu sorta bat da liburu honen bizkarrezurra, eta, beraz, han irakurri ahal izandako testuak dira irakurleak hemen topatuko dituenak. Maite Mutuberriaren ilustrazio gehienak ere aurrez ikusiak izango ditu jada lan hura jarraitu zuenak, baina topatuko ditu elementu berriak ere. Espresuki libururako zuzendu, moldatu eta aberastuta daude kronikak, eta propio sortutako irudiberri batzuk ere egin ditu Maitek. Horrez gainera, On Kixote liburuaren euskarazko hainbat itzulpenen txatalak, testu labur berri batzuk eta aurrez argitaratu gabeko zaldunaren heriotzari buruzko zazpigarren kronika oso bat ere txertatu ditugu.
    Aurtengo Rikardo Arregi saria irabazi zuen lan honek «sorkuntza paregabea» bezala onarturik. Egileak Twitterren jarraitu nahi badituzue @iastiz eta @MaiteMutuberria izenekin topatuko dituzue sare horretan.

  • URTARRILAK 17 Nola heldu naiz ni honaino, Kattalin Miner. Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea … Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da. Emakume gazte baten nora eza darabil Kattalin Minerrek gure gizarteko hainbat gai giltzarri jorratzeko: familia eta bikote ereduak, heteroaraua, harreman batean bilatzen duguna…
    Sariak gora eta behera Kattalin Minerren (@MKatalin) lehen liburu honek Igartza saria jaso zuen aurten ere.

  • OTSAILAK 21 Isilpean gordea, Toti Martinez de Lezea. Gasteiz, 2008ko otsaila. Amelia Zabaletaren testamentuak agerpen harrigarri eta ezusteko bat atera du azalera: ardura handiz gordetako sekretu bat, hildakoaren iraganari eta haren hurbileneko senideei lotua. Jon Martínez de Albeniz ikertzaile xumea arduratuko da misterioa argitzeaz. Baina zer arrazoik eragin dezake familia batentzat hain garrantzizkoa den zerbait ezkutuan gordetzea, XXI. mende bete-betean? Zerk bultzatuta iruten du jende arruntak mataza trinko bat, isiltasunaren argudioa oinarri harturik? Azken batean, zer gertatu zen agertoki horietan, orain hirurogeita hamar urte?


  • APIRILAK 18 Ordaina, Philip K. Dick (Aritz Gorrotxategi itzultzaile). Esku artean duzun liburua Philip K. Dicken narrazioen bilduma bat da. Gehienbat nobelengatik ezaguna bada ere, Dickek harribitxi ugari idatzi zituen ipuingintzaren generoan. Ipuin horietako batzuk film ezagunen oinarri izan dira; esaterako, Minority Report (Gutxiengoaren txostena). Guztira, hamaika narrazio kronologikoki ordenatuta biltzen ditu ORDAINAk, Dicken estiloa eta bilakaera hurbilagotik eta zehaztasun handiagoz hautemateko.

  • MAIATZAK 16 Gezurren basoa, Alberto Ladron Arana. Haur bat desagertu da bere etxetik, gurasoak kanpoan zirela. Foruzaingoa arduratuko da kasuaz, baina, misterioa argitzearekin batera, beste desagertze zaharrago eta ilunago baten arrastoak aurkituko dituzte. Leire Asiain inspektorearen kasu berri honetan, irakurleak hainbat elementurekin egingo du topo: bahiketetan espezializatutako mafia, ikerlari pribatu eskrupulu gutxikoa, sinesmen esoterikoak, aberats okituentzako orgia ezkutuak… Guztia ere, erritmo biziz eta tramaren menderatze harrigarri batez kontatua.

  • EKAINAK 20 Gela bat norberarena, Virginia Woolf (Maria Colera Intxausti itzultzailea). Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Emakumeen idazkuntza tradizio patriarkalaren baitan hizpide hartzen duen saiakera hori 1929an argitaratu zen eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala. “Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat”.

Tira, ba hauek dira ikasturte honetarako proposatutako irakurketak. Bileretara etortzeko asmorik baduzu, zatoz lasai eta liburuen aleren bat eskuratu nahi bazenu, goian esan bezala, jar zaitez gurekin harremanetan edo eskatu informazioa liburutegiko edozein erakusmahaitan.