2016-06-21

Eutsiko diogu? Irakurle klubean



Inoiz baino gehiago lortu den garaian —orain— badirudi, halaber, azkenetan garela.
Nola daramate arestikoa sorkuntzarekin lanean modu autonomoan ari diren profesionalek?
Eutsiko diote ala ez?
Galdera bakarra, euskaldun euskaltzaleari fite —bere burua batere behartu gabe— beste hainbatetan adarkatzen zaiona: eutsiko ote diote —norberaren alor profesionalak ez ezik—bai euskarak bai herriak —edo nazioak— eta baita gizateriak ere?
Eutsiko diogu?
Galdera bakar nahiz adartuari emaniko erantzunek osatu dute liburu hau. Sorkuntzaren profesional autonomoenak dira […] bertan ez baititugu teoriko profesionalen iritziak bilatu eta pilatu, ezta sortzaile amateurrenak ere, kontrakoa baizik: hil bukaeran diru sarrera finkorik, aldez aurretik ziurtaturik, ez duten sorkuntzaren profesional autonomoenak.


Eutsiko diogu? Sorkuntzaren profesional autonomoak sorkuntzaz. Fermin Etxegoien elkarrizketatzaile.


Ikasturte honetako irakurle klubari amaiera emateko Fermin Etxegoienek egindako itauna erabiliko dugu. Sorkuntzarekin zerikusia duten hamabi profesionalei zuzendutako itauna gure taldera ere bideratzeko asmoarekin egina dago. Uste al duzue merezi duela datorren ikasturtean ere irakurle klubarekin jarraitzea? Horrela balitz, ba al duzue irakurri nahiko zenuketen libururik?

Gaur egun, Fermin telebistan dugu elkarrizketa-saio baten gidari, baina ez du liburuan agertzen den profesional bat bera errepikatu saioan (ez Nahieran ETBko gunean agertzen diren bideoetan, behintzat). Hala ere, liburuan zeharka agertzen den Xabier Amurizaren bideoarekin uzten zaituztegu (bere alaba Mirenen hitzetan: "jarri goizeko bederatzietan ordenagailuan eta goizaldeko ordu biak hirurak arte, han, ekin eta ekin eta ekin eta ekin egoten dena" 128. or.) Bideoan, ikasturtea hasi genuen Altonagaren gaiari heltzen dio, ondare komun baten parte diren hamabost-hogei mila horien falta, hain zuzen.

Gaur arratsaldean, liburutegiko hemerotekan zazpi t´erdietan (19:30).

Xabier Amuriza eta Fermin Etxegoien elkarrizketan
(egin klik irudian bideoa dagoen EITBren gunera joateko)