"Ez dizut minik egin nahi" esan zenidan bart, alde egin baino lehen.
Lasai, hartuko dut min hori neure kasa.
Barrenean pilaturik eta norbaiti, niri, egiteko gai zaren mina zuk eman gabe niretzat hartuko dut. Izen bat eman, zaindu, elikatu, hezi. Nondik datorren ere ahaztuko du min horrek azkenean. Ez zenuela zuk sortu pentsatuko du. Ez zinela inoiz bere barren ilunenean izan. Min horrek, azaleratzean, ez zaitu ezagutuko. Maite izango zaitu.
Zurekin maiteminduko da.
Zugana itzuliko da bueltan.
Lasai, ez da ezer gertatzen, Ana Malagon
Pasadan mendeko berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, kontrol gehiegirik gabeko hiri-garapena eman zen (gazteleraz 'desarrollismo' modura ezagutzen dena). Lehen hiri turistikoak sortu ziren eta baita zorabiozko altueraraino igotzen ziren etxe-bloke erraldoiak. Hirietara heltzen zen jende andanarentzako egindako eraikin itogarri hauek eskaintzen zuten turismo bakarra norberak bere barnealdera egin zezakeena baino ez zen.
Ordura arte ezagutu zen jende-pilaketarik handienak bistaz baino ezagutzen ez ziren auzokideen bakardadeak ekarri zituen. Batzuetan partekatuak izanagatik ere, inolako arintasunik ezagutzen ez zuten bakardadeak.
Alde guztietatik itxitako gelaxken modura, bakardadearen eztia ageriko alderdi bakarretik dariola, antolatutako erlauntza humano hauek dosi zehatzetan ikertzeko aukera izango dugu entomologo afizionatuok Ana Malagon Zalduak (@samuraitasuna) errezetaturiko mikrokapsuletan.
Pilulok dastatzeko, bihar eguaztenean (otsailak 17) liburutegiko hemerotekan arratsaldeko zazpi t'erdietan (19:30).
Liburua jatorrizko bertsioan.
Liburuari buruzko kritikak Armiarman.
0 comentarios: to “ Lasai, ez da ezer gertatzen irakurle klubean ”
Post a Comment