2015-11-18

Ez tiro egin anbulantziei irakurle klubean



Liburuz enpo dago liburutegiko lurra. Liburuz eta behinola horiek zut eta ordenatuta mantentzeko erabiliko ziren apalez. Gutxi dira zutik jarraitzen dutenak, are gutxiago beren lekutik mugitu gabe segitzen dutenak. Gehienek apaletatik behera bota dituzte euren buruak. Edo, akaso, norbaitek asasinatuko zituen.

Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon


Igartza saria irabazitako lanen artean, gutxik mantentzen ei dute hasieran aurkeztu zuten izenburua. Eta zailagoa litzateke oraindik, amaieratik hasi eta atzekoz-aurrera jarraitzen duen ez-ohiko egituradun eleberria aurkitzea.

Hala da Mikel Ayllon (@maikoxki) laudiarrak eskaintzen digun eleberria. Idatzi egin beharreko eta  idatzi nahi denaren arteko borrokaren isla baldin bada eleberria, lan hau egin nahi izan duenaren emaitza da, egin behar zuenarena baino.

Irakurleari eskatzen dion arreta eta adorean igartzen da hori batez ere. Lan pisua da, arnasa sakon hartu beharra eskatzen duenetarikoa eta  jarraitzeko nahiko sinplea den istorioa aurkezten badu ere, irakurlea asetzeko momentu ederrak eta lirikotasunez beteak eskainiko dizkio. Poema handi baten modukoa ehuntzen duela esan daiteke.

Hiltzear dagoen mundu zaharraren eta oraindik jaio ez denaren arteko munstro itxaropen-jale ilunak komentatuko ditugu mezuaren hasieran agertzen den liburutegia baino hobetxuago dagoen liburutegiko hemerotekan gaur, azaroak 18, arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30).