2014-12-15

Hezur gabeko hilak irakurle klubean


Hezur gabeko hilak liburutegiko irakurle klubean



— Bakan batzuk utzi ditiztek hor, menturaz, suziriak jaurtiki eta gu nahasteko. Eta gu tiro ete tiro, dinbi eta danba ari garelarik, haiek bertze norabait joanak dituk oihanean gaindi.
— Balitekek.
— Segi dezagun begiak ondi hedaturik izaten, zer gerta ere. Oroit gaitezen Garneroz. Oroit gaitezen Legrandez, Mersmerez eta gainerakoez. Kasu, horiek hil zituenak bala bana dik gorderik guretzat.
— Gorderik! Belarri ertzean entzuten diat nihauri dagokidanaren txistua.
— Ni aspaldian hasi ninduan nirea aditze, hain aspaldi ezen , gure egueroko bizimoduaren hotsak entzunezinak bihurtzen zaizkigun moduan, gehienetan gaitz bihurtu baitzait hura aditzea. Baina bertze batzuetan aldiz, ezin diat bertze fitsik entzun.


Hezur gabeko hilak, Xabier Montoia


Ba al dago heroi izateko aukerarik pertsonak milioika erailtzen dituen gerra batean? Lainopeko giro heze eta etsituan hasten den Xabier Montoiaren eleberriaren arabera horrelakorik aurkitzeko, gutxienez, lan zaila genezakeen.

Gerra Handia ere deitu izan zen gatazka odoltsuaren mendeurrena ospatzen zela eta, irakurle klubera gaia jorratzen zuen eleberriren bat ekartzea bururatu zitzaigun. Hezur gabeko hilak aukeratu genuen, baina egon badago beste aukerarik: oraintsu argitarataratuko den Mikel Peruarenaren Su zelaiak edo Gerardo Markuletak euskarara ekarri duen Jean Echenozen 14. Ez Fikzio sailean ere Eneko Bidegainen tesiaren egokitzapena dugu: Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria.

Liburua edo gaiari buruz berba egiteko gogorik baldin baduzu, eguaztenean hilak 17 aurkituko gaituzu liburutegiko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30).

Etortzerik ez bazenu, liburuari buruz berba egin zenezake litforoan.