2014-05-20

Agur, Euzkadi irakurle klubean


— Ertzaintza!—atera zitzaion barren-barrenetik oihua Lauaxetari, bera eserita zegoen bankura gerturatzen ari zen ertzain-autoaren kanpoaldeko errotuluei harriduraz begira.

Inork ez zuen entzun oihua. Ingurura begiratu eta, bere burua kontrolatuz, barrenerako gorde zituen hasierako harridura-kolpearen ondorengo adierazpenak: "Guk asmatutako berba jaukak agerian autoak! Eta matrikula be ertzainena dok, geure ertzainena! Geureak dozak horreek, geureak! Ertzainak nagusi kalean, alajainkoa! Ez gintzuazan alferrik hil! Irabazi egin ete genduan ba azkenean guda? Euzkadi azke ete da?"

Agur, Euzkadi, Juan Luis Zabala

Asteazkenean (maiatzak 20) Lauaxeta berpiztu bat izango dugu berbagai Irakurle Klubaren bileran. Itsua eta itsumutilaren formatuan atondutako eleberri honek (zein ote zein?) Gerra denborako Euzkadi eta gaur egungo Euskal Herriaren artean antzeman daitezkeen aldaketei buruz solasteko aukera emango digu. Gainera, aipatzen diren idazle, olerkari eta musikarien lanak eta bizitzak ezagutzeko aukera ere izango dugu.

Animatuz gero, badakizue, liburutegiko hemerotekan arratsaldeko zazpi t´erdietan (19:30) eta etortzerik ez bazenute, foroan zabalduriko harian parte har dezakezue.

Bitartean, hona liburuari izenburua ematen dion olerkiaren bertsioa Antton Valverderen eskutik: