2013-05-06

Irakurketa gomendioak aurtengo Literaturiarako


Eguneraketa (2013/05/10)

Literaturia 2013ko programa





Aurten ere Literaturia jardunaldiak datoz Larrabetzura ekainaren hasierarako (gogoratzen aurrekoak?) eta 111 Akademiatik irakurle kluben irakurle kluba proposatu dute.

Asmoa, hainbat irakurle talde batzea omen da, proposatutako liburu batzuen inguruan jarduteko klub bakoitzean ohi denez. Baina oraingoan, euskal talde guztien mailan. Hau da, edozein liburu aukeratu eta liburu bera aukeratu dutenekin solasatzeko aukera sortzea, nahiz eta beste irakurle talde ezberdinetako kideekin suertatu.

Hitzordua ekainaren 1erako hitzartuta dago, goizeko hamaiketarako (11:00) eta proposatutako liburuak hauek dira:


Intemperies (babes bila), Lourdes Oñederra
Intemperies (babes bila) / Lourdes Oñederra. Denbora desberdin ari da igarotzen. Luziak ez daki noiztik, noiz hasi zen denboraren desberdintasun hori, aldaparik gabeko igarotze hori, iraganetik orainera kolore aldaketarik gabe, bide laua, oharkabean pasatze hori lehenetik orainera, urteak laburtu eta minutuak luzatu, loditu egin balira bezala. Amodiozko nobela bat? Nobela guztiak dira amodiozkoak. Nolanahi ere, hau amodiozko nobela paregabea duzu.

Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

Kristalezko begi bat / Miren Agur Meabe. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago... Liburutegiko irakurleek hilabete honetarako aukeratutako liburua (pdf)


Inurrien hiztegia, Mariasun Landa
Inurrien hiztegia / Mariasun Landa. Inurriz inbaditutako hiztegia da hau. Den-dena jan zuten eta, gero, hementxe finkatu ziren. Dagoeneko, ez du balio hitzak kontsultatzeko edo aplikatzeko. Ezta hostoak eta loreak orrialde hauetan lehortzeko ere. Ezta amodiozko gutunak ezkutatzeko ere. Are gutxiago B dirua gordetzeko. Euli gogaikarri bat edo beste uxatzeko balio dezake, edalontzi-azpikotzat hartzeko, premiazko abaniko gisa erabiltzeko, edo mahaiaren hanka berdintzeko.
Txartel bat (des)herrira, Garazi Goia

Txartel bat (des)herrira / Garazi Goia. Ihesi dabiltzanen istorioa da hau. Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Peru, besteen erabakiz. Deserrian gurutzatzen dira biak, ezustean, aldatu nahi luketen iragan bat eta baldintzazko galderak bizi dituzten bitartean: zer gertatuko zen hegazkin haiek herria suntsitu ez balute? Zer gertatuko zen kotxea hartu ez banu?


Alkasoroko Benta, Mikel Taberna
Alkasoroko benta / Mikel Taberna. Lesaka eta Bera artean dagoen herria da Alkasoro. Hango bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua.






Beraz, hauetako bat aukeratu, eta beste talde batzuetako irakurleakaz solasean aritzeko aukera aprobetxatu!