2013-04-24

Bertsolaritzaren historia Uribe Kostan



Gaur arratsaldean (19:30) Fredi Payak eta Labayru Ikastegiak batera prestatu duten Uribe Kostako bertsolaritza (1900-1989) liburua aurkeztuko dute Ondiz dorre berriztatu berrian.

Aurkezpena Fredi Payak berak zuzenduko du baina, ukberri.net albistegian jasotakoagatik, ikastetxeetako bertso-eskolen ikasleak ere egongo ei dira euren trebezia erakusteko. Gerturatzen direnei, liburuaren ale bana ere emongo zaie.

Uribe Kostako bertsolaritza (1900-1989), Labayru Ikastegiko Ondare Atala eta Fredi Paia


info+:


    Eguneraketa (2013-04-26)

    Uribe Kostako bertsolaritzaren historia laburbiltzen duen liburuaren aurkezpena Ondizko dorretxean izateak zirkulu bat ixten zuela adierazi zuen Fredi Paiak pasadan eguaztenean.

    Izan ere, Ondizko idi-frogekin batera antolatutako bertso norgehiagoka baten berri-ematea izan omen da Fredik aurkitu duen Txorierriko itsasaldea den eskualde honetako bertsolariei buruzko lehen aipamen idatzia eta data horretatik aurrera (1900) abiatu du datu bilketa. Antza denez, bertsolariek, probarri banatan igonda ekiten zioten elkarri.

    XX. mendean Uribe Kosta populazioz sano handitu (eta erdaldundu) zenez, euskerarako, eta are gehiago bertsogintzarako, esparrua estu samarra zelakoaren iritzia nahiko zabalduta zegoen. Fredik berak aitortu zuenez, Unai Elorriagarekin batera orain dela hamabost bat urte egin zioten elkarrizketa batean basamortuko loretzat zituzten inguruotan bertsotan jardutearren.

    Baina testigantzak batu ahala, laster konturatu ziren bertsotan oparoa izan den eremua dugula hau. Erakusgarri franko atera dira lan honetan egun koplari modura ezagutzen den bertsolari tipokoa eta ehizan joatea gurago zutenak txapelketetara agertzea baino.

    Laxtima gerra ostean, beldurragatik edo, baserrietako ganbaretan gordetzen ziren hainbat bertso-paper erre izana. Baina eskerrak, baita ere, bizirik dirauten lekuko eta haien oinordekoen memoria izugarriari, liburua osatzeko datuak erreztu dutelako (aurkezpena ere, Pedro Martinez eta Pedro Kastresana omentzeko baliatu zen)

    Eta eskualdeko bertsolaritza, paperean soilik ez, ahoan eta airean ere badarraiela erakusteko, Nahikari Ayok zuzentzen duen Txomin Arestiko bertso eskolako bertsolari gaztetxoen emanaldiarekin amaitu genuen aurkezpena. Vidaldarren sagako nagusienak bota zuenez (bertso bana eskaini ziguten hiru anaiek ere) beste larogei urtez hitzegin dezaten bertoko bertsolarietaz.



    Ekitaldiko argazkiak Kultur Leioako Facebookean