Pasadan astean esan bezala, Ur Apalategi idazlea etorri zen asteartean Uribe Kostako irakurzaleen txokoak deituta.
Autoreak benetan landua ekarri zuen bilera hau Torrene aretoan burutu zen, ArgIHIzkiak erakusketako argazkien artean (bide batez, erakusketara hurbiltzea gomendatzen dizuegu non, leioaztar baten testua ere aurkitu daiteken).
Dosi homeopatikotan baino ez irakurtzea gomendatu zigun E. M. Cioranen aipu batekin hasi zuen Urrek bere hitzaldia. Cioranek zioenez "Jainkoa hirugarren mailako tipo bat baino ez litzateke izango Bachengatik ez balitz".
Erlijioa literaturarekin alderatuko bagenu, literaturak ere bere santuak beharko lituzke hirugarren maila horretatik altxatzeko. Horra nondik abiatu zitzaigun Apalategi berak buruturiko santuen taxonomia antzeko bat eta haren korrelazioa literatur munduan azaltzeko.
Antza denez, hiru bide leudeke santutasun hori garatzeko. Batetik xalotasunarena, bereziki kontziente izan gabe ongia ereiten duenarena ingurukoak ere berdin jokatzen dutenaren pentsamenduaz (idazki erlijiosoetan santutasunera heltzeko agertzen den era 'kanonikoa', esan dezagun). Bestetik, santutasunera ailegatzea helburu dutenena eta lekukoak behar dituen estatus horretara heltzeko ahalegin guztiak egiten dituztenena (profil 'komunikatzaileagoa' dutenena, esatearren). Eta azkenik, egoera horretara heltzeko lekukoei hola aditzera eman beharraren kontraesanaz jabetzen direnena eta auzi horrekin zelan jokatu ez dakitenena.
Bere ustez, idazleak funtsezko iritzi behar lioke norberaren ethos-ari lantzea. Obraren izana irakurleek eta denbora emango badiote ere, autorea obra hori defendatzeko ahaleginean saiatu beharko litzatekeelako. Ez agian, Yourcenarrek hartu zuen muturrerainoko jokabideaz (dirudienez kritikoei esana zien bere obraren interpretazio bakarra berak emanikoa zela eta ez zuela besterik ametitzen) baina bai norberak erditu duen emaitza borobildu eta babestuz. "Nire izena, nire obren izana da" (Arestik esandakoa pixkat eraldatuz. Hortik, adibidez, Gure gauzak SAren balio literarioaren defendatu beharra argitarapenak piztu zuen katramilaren ondorenean).
Fikzioaren izterrak eskeintzen dizkigun kontakizunetan, hedabideek izugarrizko eragina duten denboretan idazlearen nartzisismoari iseka egiten zaie baina, aldi berean, ethos hori lantzeko beharraren islara agertzen zaigu.
Adierazgarria litzateke baita, idazlearen ethos kontu horretan gehien sakontzen duen kontakizunak (Gutun bi posteritateari) «Euskal Herrian literatura egitea ez da gauza erraza» esaldiarekin hastea (dena dela, honen harira ere komentatu zuen euskal literaturak, euskeraz sorturiko ikus-entzunezkoen eskasia dela eta, beste hizkuntz nagusiagoek ez duten hutsune hori betetetzeko erreztasun gehiago duela)
Beste hainbat kontu interesgarri azaleratu ziren bileran: erdiguneko euskeraren erabilera hautatu zuela obrak ez zezan Iparraldeko periferikotasunaren etiketa murriztatzailerik jasan behar, literatura irakasgaian autoreak eta obrak irakastera mugatu beharko litzatekela irakurzaletasuna kutsatuta baino ez delako hedatzen eta beste bide batzuetatik etorria beharko litzatekeelako, unibertsitateetan eta kritika literarioan igarokorrera itsasteko dagoen joera kezkagarriaz, idazlea eta irakurlearen arteko ekuazioaz... hainbat kontu ezen denbora labur geratu zitzaigun, irakurzaletasuna eta literaturarekiko konpromezua hain ongi isladatu zigun Ur Apalategi beste hurrengo batean ikusteko gogoaz geratu ginela.
Bitartean, bere kontakizunik azkenengoa irakurtzeko aukera duzue, Berria egunkariaren Zure ziztada behar dugu kanpainaren barnean argitaratu den Letra haurrideak eliburuan.
Liburuaren aurkezpena Donostiako Udal Liburutegian:
2012-10-26
Ur Apalategi Algortan
Egilea
Kultur Leioa Liburutegia
los
6:46 AM
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
0 comentarios: to “ Ur Apalategi Algortan ”
Post a Comment