2012-04-29

Idaztea koartada perfektua da

Edo hori esan zigun, behintzat, Harkaitz Canok. Imajinatzeko bestela non geundekeen pentsatzen dugun guzti-guztia blaust botako bagenu: kartzelan, zoroetxean edo batek daki non.

Harkaitz Cano Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan

Martxoaren 1ean (azken asteotan bota duen guztia bota ez balu ere, nahikoa euria ordutik hona, eh?) batu ginen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak deiturik, Harkaitz Canok, plazaratu duen bere nobelarik berrienaz (eta saritua, horra oraintsu lortutako Beterriko Liburu saria edo Kritikaren saria) hitz-egin zieazagun. Eta nobelan, pentsatzen baina esaten ez diren gauzak baldin badira nagusi, ez zen halakorik gertatu solasaldi honetan, bai Harkaitzek bai irakurleok gustura eta luzaro egin bait genuen berba eta.

Bere ustez, 80. hamarkadan gertatutakoa, denboran ez hain luze igaro izanik ere, nahiko ahaztua geratu da, urte haietakoak kontatuko liezazkiguken ahotsak oso urriak izan direlako. Hainbat gauza geratu ziren kontatu barik, eta mosaiko horri hainbat pieza txiki eransteari lotu zaio Harkaitz.

Baina harri txikiok jartzerakoan, asmo bi (gitxienez) azpimarratu zizkigun: batetik, ezin dakiokeela neutraltasunik erreklamatu ez baitu idazlearen ekidistantzian sinisten eta, bestetik, izenek duten garrantziaz ohartarazi. Azkenengo honen adibide argigarritzat, liburuaren izena bera aipatu zuen, zeinekin arinkeria pixka bat jarri nahi izan zuen eleberrian gertatzen den gordintasunaren kontrapisu modura (ingelesezko 'buelta eman' esanahiari baino, dantza alaiari egiten dio erreferentzia).

Eleberria gogorra delako. Boxeo borroka bere gogorrean filmatu beharrean borrokalariak aldageletan itxaroten baditu ere, liburuak bere une gogorrak ditu. Zer esanik ez bere lehen kapitulua, non irakurleak, Soto eta Zeberio bezain txarto sentitu daitezen bilatu, eta lortzen duen.

Bertan esandakoak ondo baino hobeto batu zituzten Egizuko orrian baina etzaitezela joan behar izanaren penarekin lotu, aukera berria baituzu Harkaitz Cano berriro ikusi eta entzuteko hurrengo astean Bidebarrietako literatur tailerraren eskutik (maiatzak 3, arratsaldeko seiretan).

Irudia: Egizu (cc-by)  


 
Eguneraketa (2012-05-11)


Harkaitz Cano Beterriko Liburua saria jasotzen

Harkaitz Cano Beterriko Liburua saria jasotzen


Irudia: (© 111 Akademia)



0 comentarios: to “ Idaztea koartada perfektua da