2012-03-16

Leire Bilbaoren eskanerra

Scanner, Leire Bilbao

Zu hil zinen egunean labadora bat erosi nuen.
Atexka zabaltzean
oinak busti zitzaizkidan,
ezustean harrapatu ninduen urak.
Erreka urdinak ditut bularrean, badakizu,
itsasoak gainezka egiten dit ahotik.
Labadoraren eskotillatik itsasoari begira izan zen,
bat-batean xaboi eta trapu artean
olatuak eraman zintuela jakin nuen,
garbigailu barrura atzamarrak sartu
eta zure bila aritu nintzen alferrik.
Ahotik egin nuen negar
belarrietatik zilborretik
eskuetatik azaletik,
eta orain hildako ibaiak ditut zainetan,
eta labadora berri bat.




Adreiluak, harriak, porlana... egoki pilatuz eraikitzen dira etxeak, baina badira baselizak, etxeak harria hustuz egiten direnak. Leire Bilbaok scanner bere liburua horrelako etxea litzatekela azaldu zigun atzo, denbora asko eraman diola liburua osatzen duten poemak sortzen baina are denbora gehiago eskaini diola soberan igarritzen zuena kentzen.

Mozte-lan honi, etxe honetako habe eta tuberia guztiak agerian uzteko asmoa zuela gehitzen badiogu (aurreko ezkatak liburuari batan batek 'iluntasuna' egotzi izatearen ondorioz) lan biluz-biluzia geratzen zaigu eskuetan. Batzuetan astoramendua ere sortu lezaken biluztasuna.

Leireren ustetan hori baita poesiaren betebeharra, gustatu edo ez baina irakurlea hunkitzea.

Taldean poesia irakurlerik bazen ere, gehienok arlo honen gaineko ezjakintasuna aitortu behar izan genuen. Horregatik egingo zitzaigun agian erakargarriago lehenengo zatiko poemen narratibotasuna (Alice Munro bezalako ipuin idazle iparamerikarren eragina aipatu zuen Leirek) non amarenganako maitasun-menpekotasuna eta aitarenganako ezinkusi-maitasuna gailentzen den (Sharon Oldsen oihartzuna hemen).

Atalak, bai gaian, bai esan beharrekoak islatzeko eran dexente aldatzen zirela batetik bestera iradoki zen. Horrela, nahiko planoak suertatu litezken poesia bildumetatik ihesi, autoreak ondo itxuratutako ibilbidea proposatzen digu.

Umea den lehenengo zatiari heldutasunarena darraio, gorputzaren ezagutza dakarrena eta besteenganako erlazioak garatzen duena. Eskaneatutako irudien finkotasun eta neutraltasun garbiari “maitasun aseptikorik” ezagutzen ez duen unibertsoa kontrajartzen zaio. Eta hortik, mugimendua adieraztera bultzatzen duten garraiobideen poemetara, azkenik belaunaldiari buruzko aipamenarekin amaitzeko.

Partiduko golak ospatzen zituzten bolanderen zaratarekin (beno, pare bat baino etziren izan, egia esan) agurtu genuen Leire Bilbao Bidebarrietako literatur tailerran poesiaz gozatzera batu ginenok. Eskerrik asko Leire ta hurrengorarte!


(Hurrengo saioan Irène Némirovskyren "Suite frantsesa" izango dugu solasgai. Martxoaren 27an)


Literatur tailerraren aurreko saioa

0 comentarios: to “ Leire Bilbaoren eskanerra