2014-01-14

Kristalezko begi bat irakurle klubean


Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

Jakitun naiz egiten ari naizenaz. Minari aztarrika nabil, etekina atera guran.
    Ez dut sekula atzera egin neure zauriak milikatzeak errenta batzuk eman izan dizkidala ametitzerakoan. Eta oraingoan ere kritika nazakezu, esanez damisela pairutsuaren papera jokatzen ari naizela, eta kalamatrika honek terapia-lan bat dirudiela, edo erreality-show baten bertsio idatzia.
    Orobat, ez dut burua zuloan sartuko, aurpegiratzen badidazu eredu zaharkitu baten arabera ari naizela: saminean edertasuna topatzea zen gure aurreko emakumeen bekatua, amorrua onarpen bihurtzea bezainbesteko akatsa. Sentimentalismoari izkin egiteko saioak ezerezean geratzen zaizkit bitik batean. Eta agerikoaz jarduteak ez du merezimendurik (lotsagorritu egiten nau nire gogoeten eskastasunak, hori nik neuk aitortzen dizut).
    Zenbateraino naizen ondradua hainbat zertzelada nahita isilduta, hori neuk dakit: erara ez datorrena aurreztu egin behar da; eta kontrara, izatez txikikeria dena emendatu, sailera etorriz gero, edo jakingogoari eusten laguntzen baldin badu, Horretan konforme egongo zara.

Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe


Bihar, hilabeteko hirugarren eguaztena izanik, irakurle klubaren bilera izango dugu. Oraingoan aukeratutako liburua Miren Agur Meabek bere bizitzari buruz (?) era... derraigun 'estilizatuan' (ez genuke nahi bihar Beñat untzedun taketa eskuan dela agertzerik) idatzitako Kristalezko begi bat eleberria izango dugu.

Uribe Kostako Irakurle Txokoan oraintsu eginiko bileran, patchwork markoa duen ispilua dela esan zuen M. A. Meabek. Hau da, auto erreferentzialak diren lanetan, egileek burusi baten modura darabiltela idatzitakoa euren barrenekoa estaldu nahian. Berak aldiz, zati txikiekin eginiko manta sortu duela (hortik patchwork delako hori) bera biluzik erakusten duen ispiluaren ingurua apaintzeko.

Musturra okertzeraino derrigortu duenik agian ez, baina bai esan genezakeela egilea biluztua agertzen digun obra honek euskaraz eginiko literatura bisaian ximurrak ateratzeko moduko hainbat eztabaida piztu duela (hor, bestela Iban Zalduaren blogean jaurtitakoak). Ea biharkoan ere eztabaida mamitsua joritzeko balio digun.

(bilera, liburutegiko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietan. Beti bezala)