2012-04-24

Bilboko literatura urbanoaz



Alde Zaharreko Barrenkale inguruko alkoholtzulo garagardotsu eta speedtsuak itxita izaten dira goizaldeko hiruretarako eta Erronda alderanzko jende jarioa eten egiten da apur bat lehentxoago.

Isilik dagoz katedrale inguruko kaleak, oraindik ere pub finetan ari den musikak ez bait du kanpora agertzerik izaten. Geroxeago bai, bezeroak irten ahala, musika-bafadak ere barreiatuko dira, motor garesti eta auto ere garestiagoen jabeen inguruan dantzatuz Goizalde Andrearen oinek gaueko mugak ezabatzen dituzten alderantz




Argazkiak zaharkitu eta aspaldikoak bailiran modura aurkeztea errazten diguten aplikazioak badaude ere (Instagram eta halakoak), Edorta Jimenezek, Speed gauak liburuari buruz solasteko aitzakiaz Bidebarrietan batu ginenoi, juxtu alderantzizkoa eskaini zigun: urteak igarotako une baten argazki bizi-bizia.

Idazteko (bere) ofizioaz hitzegin zigun (eguna hastear dagoen momentu horietan idazteko grina narrazioan ahalik eta zarata gutxien sartzearren, joskerak pentsaera moldatzen duenaren eraginez esaldi adbertsatiborik ez erabiltzearen tema, sinonimoak asmakizun bezala...) baina batez ere, euskerazko literaturak urbanora jo nahi zuen denboretara itzuli gintun Edortak. Bilboko edozein izkina-bueltan Ruper Ordorika, Atxaga edo Jon Juaristi topa zenezakeen denboretan eta euskeraz ikasi, irakurri, idatzi eta bizi egiteko gogoak bor-borrean zeudenean.

Pornografia euskeraz ere idatz zitekeela baino zeozer gehiago utzi digu egileak Speed gauak honekin, tremendismotik urrun kokatu daiteken eleberri urbanoa, hain zuzen.

Bilbon idatzi eta bizi izandakoaz interesik baldin baduzu, agian interesgarri gerta litzaizkizuke Unai Iturrriagak idatzitako Berandu da gelditzeko edo Irati Jimenezen Atsekabe zaitut. Bilboko euskerari buruz, Aitor eta Pedro Zuberogoitiaren Bertan Bilbo duzu erreferentziazko obra

0 comentarios: to “ Bilboko literatura urbanoaz