2011-01-17

VI. Liburujatun Lehiaketa

Liburujatun 2011



Aurten ere Liburujatun irakurketa jokoa abiatu dugu Liburutegitik, Euskara Zerbitzua eta Kultur Leioarekin batera. Seigarren urtea dagoeneko.


Liburujatunan parte hartzeko


Jokoan parte hartzeko, proposatzen dizkizuegun bost liburu hauek irakurri eta beraien inguruan eginiko galderei erantzun beharko diezue. Sei galdera izango dira liburu bakoitzeko eta gitxienez lau erantzun beharko dituzue zuzen maiatzaren 6an ospatuko den sari-zozketan parte hartu ahal izateko.

Erantzunak ordenagailuz (edo eskuz baina argi ulertzeko moduan) orri zuri batean zuen datu guztiak bertan jarriz (izena, abizena, helbidea, udalerria, telefonoa, NAN-a, jaiotze data) eman liburutegiko edozein erakusmahaitan edo posta elektronikoz bidali (mezuaren gaian Liburujatuneko lehiaketarako dela adieraziz. Erantzunak heldu direnaren baieztatze-mezua itxaron)

Erantzunak jasotzeko azken eguna apirilak 8a izango da eta 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Liburujatuneko sariak



Euskarazko kategoria honetaz aparte, Gaztelerazkoa ere badago. Kategoriok, beraien artean independenteak dira, beraz, batean zein bestean edo bietan batera parte hartu zenezakete. Kategoria bietan parte hartu eta liburu guztietan lau erantzun gitxienez zuzen erantzunez gero, Irakurle Elebidunaren Sari Berezia (2011 urte osorako Kultur Leioako lagun txartela) zuzenean jasotzeko aukera dago.



Liburujatuneko liburuak
Maite nuen, Anna Gavalda


Maite nuen / Anna Gavalda

“Etxeak erosten ditugu, umeak jartzen ditugu logela arrosetan eta gauera-gauero elkar besarkatuta egiten dugu lo. Liluragarria iruditzen zitzaigun... Nola esaten genion? Konplizitate hori. Bai, horrela esaten genion, zoriontsuak ginenean. Edo akaso hain zoriontsuak ez ginenean”

  1. Une konkretu batean Pierre Dippelek, aitaginarrebak, Chloeri esaten dio bere gurasoentzat uztailaren 14ko desfileak, dantzaldiak eta su artifizailak amaitu zirela. Zein da arrazoia? Zergatik utzi zioten ospatzeari Frantziaren Uztailaren 14a?
  2. Pierre Dippelek, aitaginarrebak, Chloeri opari bat egiten dio, anaia Paulek egindakoa. Zer da?
  3. Non eta nola ezagutu zuten elkar Chloek eta Adrinek?
  4. Nor zen Mathilde?
  5. Norekin zihoan Mathilde Pierre Dippelek ikusi zuen azken aldian?
  6. Zer iruditu zaizu eleberria?

Aurpegirik gabeko hiltzaileak, Henning Mankell

Aurpegirik gabeko hiltzaileak / Henning Mankell

Kurt Wallander ez da ari bere bizitzako unerik gozoena pasatzen: familia harremanak gaiztotu egin zaizkio, gehiegi edaten du, lo gutxi egiten, zabartzen ari da itxuraren aldetik... Hala eta guztiz ere, Lenarp aiton-amona baserritarren hilketaren ikerketa bere gain hartzen du.

  1. Zergatik izartu zen Nyström ohi baino goizetiago urtarrilak zortziaren gau hartan?
  2. Zer esan zuen Maria Lövgrenek hil baino lehenago?
  3. Zer margozten zuen Kurt Wallandar inspektorearen aitak?
  4. Nola deitzen zen Johannes Lövgrenen ezkutuko semea?
  5. Nor izan zen Lövgreneneko sarraskiaren erruduna?
  6. ‘Aurpegirik gabeko hiltzaileak’ Kur Wallander inspektorea protagonistatzat duen saga baten lehenengo liburua da. Zer iruditu zaizu? Jarraituko al zenuko Wallanerren liburu gehiago irakurtzen?

Bilbao-New York-Bilbao, Kirmen Uribe
Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe

Haize berria dakar Kirmen Uriberen azken liburuak. Kontagintza-mota ohikoak alde batera utzita, autofikzioaren bidetik jo du bere lehenengo eleberri hau idaztean, errealitateko datuak material literario moduan erabiliz, fikzioaren baliabideen bitartez historia ere istorio bihurtuz eta egilea bera bere kontakizunaren objektu bihurtuz.


  1. Nork gonbidatu zuen narratzaile-protagonista New Yorkera estraineko aldiz doanean?
  2. Zenbat metro izan zuen neurtutako olaturik handienak Naomi P. Holliday zientzilariaren taldearen arabera?
  3. Zer esaten du liburuak New Yorkeko McAlpin hotelari buruz?
  4. Narratzaileak esaten du “Entre les Murs” pelikulaz ari denean pelikula horretan...
    • a) Hogeita lau gazte dituela protagonista, eta horietako bat ere ez zela aktore profesionala.
    • b) Hogeita lau gazte dituela protagonista, eta horietako gutxi zirela profesionalak.
  5. Bada istorio bat liburuan Osaba Txominek lagun bati entzun ziona: Franco Bilbora doa eta horri buruzko pelikula jarri zieten kartzelan zeuden presoei; Bilbo jendez gainezka zegoen, eta bat-batean irudietan kartzelan dagoen preso bat agertzen da Franco goratzen. Ez da posible, Francoren bisita preso hori kartzelan zegoela izan baitzen. Ze azalpen ematen du liburuak horretaz?
  6. Eleberri hau Espainiako Narratiba Saria izan zen 2009an. Zer iruditu zaizu Kirmen Uriberen lehen eleberri hau?
Autokarabana, Fermin Etxegoien

Autokarabana / Fermin Etxegoien

Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.


  1. Zein da Robertok eta protagonistak duten proiektua kooperatiba barruan?
  2. Leioztar bat agertzen da liburuan, 'Arrebato' tabernan harreman publiko arduradun legez agertzen dena, hain zuzen. Zein goitizenez zen ezaguna?
  3. Nor zen supergizona?
  4. Zer oparitu zion Olatzek bere loba Itsasori Canariasera eginiko bidaiatik?
  5. Agertzen al da liburuko protagonistaren izena?
  6. Liburu honek estilo aldetik ezer gutxi ekarri duela diote batzuek baina autoreak horrela nahita egin duela aldarrikatzen du. Zer iruditu zaizu zuri? Gustatu al zaizu?
Euskaldun guztion aberria, Iban Zaldua


Euskaldun guztion aberria / Iban Zaldua

Zer garen eta zer izan nahi genukeen. Hara hor buruhausteak eragiten dizkigun arazo bat, bai alor pertsonalean bai alor politikoan ere, herri bat (edo bi, edo hiru edo batere ez) garenez gero. Eleberri honetako protagonista, Joseba Anabitarte, eskizofrenia batean bizi da. Unibertsitateko irakaslea da, aspertuta dago gure hemengo giro politikoarekin.


  1. Nora joateko proposatu zion Henrike Knörrek Joseba Anabitarte (gure protagonista) irakasleari?
  2. Zein aitzaki jarri zuen Josebak hara joateko?
  3. Zergatik zegoen Sherman irakaslea klaseak ematetik apartatua?
  4. Nola prestatzen zituen Josebak unibertsitatean eman behar zituen klaseak?
  5. Ba al zekiten ikasleek Josebak esaten zieten guztia asmatua zela?
  6. Euskal topikoen lepotik barre ari da Zaldua eleberri labur honetan, baina baten batek horretaz aritzea topikoa ere bihurtu dela egotzi dio. Zer iruditzen zaizu zuri?




Liburujatunan parte hartzeko gogoratu



  • Erantzunak apirilak 8a baino lehenago bidali.
  • Sei itaunetatik gutxienez lau zuzen erantzun.
  • Oparien zozketa maiatzak 6an izango da.


Info +

Gaztelera kategoriako liburuak.

VI. Liburujatuneko liburuxka (pdf, MB 1)

0 comentarios: to “ VI. Liburujatun Lehiaketa