2010-03-26

Fermin Etxegoienekin Algortan




Uribe Kosta Irakurzale Txokoak abegikortasun osoz antolatutako bileran (ardoa, gazta eta pernila eskaini ziguten) batu ginen atzo Fermin Etxegoienekin bere azken (eta lehen) nobelaz hitzegiteko.

Idatzita egon eta gero zortzi hilabeteko gainbegiratze eta zuzenketa tartea izan duen Autokarabanak, erakusten duen itxura soilaren azpian (batan batek estilo zabarra ere egotzi dio) dagoen lan eskerga argitu zigun autore oñatiarrak. Lexiko mugatu bat erabilteak ideia gehiago izatera behartzen zaitu errepikapenak ekidi ditzazun (sinonimoak hiru biderreko errepikapena direla azaldu zigun: hitza + hitza bera jantziz aldatuta den sinonimoa + lehenengo hitzak adierazitako kontzeptua)

Esperientzian oinarrituta dagoela azpimarratu nahirik, egitura lineal bat aurkezten du. Nobela honek ez du inolako elipsirik, denpora tarte bat ezabatzen duen teknika literario hau, bere ustez, lar erabiltzen bait da egungo literaturan. Ez ote da izango narrazioek noizean behin nahigabe hartzen dituzten bide antzuei irtenbide erreza aurkeztearren?

Ingurua protagonista posmoderno honen begietatik baino ez dugu ikusten, gauzak zelan nahiko genituzke izatea kontutan izan gabe. Ez ditu errealitatea eta gogoak nahasten. Horregatik, batzutan, nobela gogorra gertatu daiteke eta pertsonaia ia-ia gorrotagarria izatera heldu liteke (bertoratutako irakurle batzuei hala suertatu zitzaien, antza) Demagun adibide bat; kooperatibako lan harremanetan euskara normalizatzeaz arduratzen den pertsona aurkezten diotenean barregura ekiditzen saiatzen da "normalizazioa ezin delako ezarri". Hala ere, erredimitzeko aukera iritsiko zaio, Ferminen ustez pertsonaia guztiek izan behar bait lukete aukera hori.

Ez ezazu zuk zeuk irakurketa kaxkarretatik erredimitzeko aukera hau galdu eta emoiotsezu aukera autokarabana honi, benetan gomendagarria da ta.




Argitaletxearen laburpena:

Fermin Etxegoienen lehen eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.

Aspaldion ugaldu diren autokarabana-aleak unibertsaltasunean helmugarik ez daukaten unitate moduan irudikatuak dira… Autokarabana modernitatearen metafora gisa.

0 comentarios: to “ Fermin Etxegoienekin Algortan