2017-01-18

Gizajoen katalogoa irakurle klubean

Gizajoen katalogoa Leioako irakurle klubean

Berak idatzitako lan batzuk eskuratu ditut eta intentsitate baxuko literatura iruditu zait. Prosa oso txukuna du, txukunegia nire gusturako, belaxka esango nuke, gozoegia batzuetan eta asko irakurriz gero, okagarria izango ote den ere pentsa dezake norbaitek. Erritmoan edo kadentzian oinarritutako esaldi luzeak egiten ditu, baina odolik gabeko testuak direlakoan nago. Bere pertsonaiak neurotiko tipikoak dira eta, alde horretatik halako enpatia bat sortaraz balezakete ere, ez dira barrena inarrostera inoiz iritsiko. Etengabe egiten dituen parodiek, jokoek eta ezustekoek, berriz, hotz uzten naute.


Gizajoen katalogoa, Joxean Agirre
(digitalean ere eskuragarri: eLiburutegian)

Mezua zabaltzen duen kritika literarioa, narratzaileak eleberrian agertzen den pertsonaia idazle bati eskainitakoa da. Pertsonaia Joxean Agirre deitzen da.

Azkenaldian autofikzioa ardatz duten lan ugari irakurri baditugu ere (gogoratzen Juan Luis Zabalaren Txistu eta biok?) nekez aurkituko dugu gaia hain zuzen eta modu parodikoan jorratu duen eleberririk. Agirre autofikzioaz harago joan eta bigarren mailako pertsonaiatzat kokatzen du bere burua nobelan. Gainera, beste pertsonaia bat darabil Braudillarden pribatu eta publikoaren arteko mugen kezkak azaleztatzeko eta, inolako lotsa barik, egileen benetako izenak ere jartzen ditu.

Liburuari izenburua ematen dioten gizajoen pasadizoez tartekatuta, gustura eta arin batean irakurtzen den eleberria suertatu da eskuen artean eta (euskal) literaturari buruz berba egiteko aitzakia emango digu gaurko bileran (badago beste puntu mamitsurik, Bernardo Atxagak Berrian emandako elkarrizketa edo Sautrelak egindako 2016ko literaturaren laburpena, adibidez).

Irakurle klubaren bileran itxaroten zaituztegu, beraz. Gaur, urtarrilak 18, liburutegiko hemerotekan arratsaldeko zazpi t´erdietan.

Liburuaren inguruko kritikak Armiarman.