2013-04-22

BookCrossing Leioan

Biharko Liburuaren Eguna ospatzeko, liburuak 'askatzea' bururatu zaigu Gazteguneko jendearekin batera.

Hori dala eta, lehenengo orrian 'matrikula' duen libururen bat ager lekizuke herriko edozein txokotan. Ondo legoke pegatinan adierazten diren jarraibideei kasu eginik BookCrossing.com gunean liburu horren zenbakia jarriko bazenu, batez ere soltean dauden liburu horien ixtorioak eta nondik-norakoak ezagutzearren, baina gehien ardura diguna liburua gustura hartu eta irakur dezazula baino ez da. Zeure esku irakurri eta gero liburuak eskainitako gozamena beste inorekin partekatu nahi duzun liburua berriro askatuz (eta etxean daukazun beste libururen bat askatu nahi bazenu, hemen txantiloia (pdf) inprimatu eta liburuari itsasteko).

Dirudienez, aurten ez gara batere originalak izan, besteak beste, Arte Ederren Museoak, Foru liburutegiak, Artiumeko Liburutegiak eta beste hainbat erakundek egin baitute bat ekimen honekin (leku zehatzak ezagutu nahi bazenitu, jo BookCrossing-eko gune ofizialen zerrendara) beraz, etiketadun libururen bat topatzeko aukera biderkatu egingo zaizu biharkoan. Goza ezazu irakurraldiaz, hala balitz! (eta, berdin-berdina ez bada ere, gogoratu hor duzula liburutegia urte osoan zehar libururen bat irakurtzeko premiaz aurkituko bazenu zeure burua).












Info gehiago liburuxkan

0 comentarios: to “ BookCrossing Leioan