2012-10-12

Aurtengo irakurle klubak martxan

Ur Apalategirekin solasaldirako kartela Egizu Getxon eskutik
Ikasturtearekin batera, irakurle klubak martxan jarri dira berriro ere aurten.

Inguruan ditugunen artetik, Uribe Kostako irakurzaleen txokotik proposatzen diguten Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak dugu gertuen. Hitzordua, hilabete honetako hogeitahirurako (urriak, 23) dago antolatuta, Aldai patronatuan arratsaldeko zortzietan (20:00) (Deialdiaren lotura. Dirudienez, Iparra galdu gabe jardunaldietan kokatuta omen dago). Eguneraketa, bilera Torrene aretoan izango da, Aldai Patronatuan izan beharrean.

Bestetik, Bilboko Deustutik Berbaizu euskara elkarteak, Harkaitz Canoren Twist eleberria proposatzen digu. Hurrengo asterako (urriak 17) eta arratsaldeko zortzietan (20:00) hau ere (Bidarte euskaltegian).

Hurrengo astean ere, Larrabetzuko Anguleri kultur etxean Itxaso Martinen Ni, Vera obra aztertuko dute. Zortzietan (20:00) baina egun bateko aldeaz (urriak, 18).

Azkenik, eta urrutiago joanik, Gasteizko Irakurle Klubak ere bere aurtengo ibilaldia abiarazi du. Aztertuko duten lehen obra Andrej Longok idatzi eta Josu Zabaletak itzuli duen Hamar kontakizun laburren bilduma da. Larrabetzuko paradaren egun eta ordu berean (urriak 18, 20:00tan).

Bidebarrietako literatur irakurketa tailerren esperoan, eta Gasteizeraino joatea urrun deritzotenentzako, urtean zehar irakurri eta aztertuko dituzten liburuen zerrenda luzatu digu solasaldietan parte hartu eta liburutegiko erabiltzaile den Gorkak eta hemen aurkezten dizkizuegu liburuok urtean zehar irakurtzeko gomendioen modura erabil dezazuen:




Twist / Harkaitz Cano. Eleberri honetaz ere hiru-lau gauza bota genituen bere garaian liburutegiko blogean bertan. Emon begiratua esandakoari.



Lorategiko festa, Katherine MansfieldIpuin hautatuak (Lorategiko festa?) / Katherine Mansfield. Mansfield izan zen XX. mende hasierako Ingalaterrako idazlerik puntakoenetakoa, eta garaiko emakumearen egoera ondoen jaso zuena. Burgesia zuen jatorrizko bizi-giroa, baina ikuspegi kritiko batez erreparatzen dio bere klaseari eta beronen konbentzionalismoari. Sentsibilitate erne bat, hitzen erabilera zehatza, deskribapenetarako begi zorrotza… horra autore ahaztezina bihurtu duten ezaugarrietako batzuk.
Gauzen presentzia, Pablo Sastre

Gauzen presentzia / Pablo Sastre. Ohea, komuna, atea... eguneroko bizitzan inguratzen gaituzten gauzetatik abiatzen da Pablo Sastre, gure gizartearen azterketa itxuraz xume eta izatez zorrotza egiteko. Homo Faber omen gara, etengabe tramankulu berriak asmatzen dabilena, baina gauza berriak asmatze hori ez zaio zor hobeto bizi nahiari.

Zorion handiegia, Alice Munro
Zorion handiegia / Alice Munro. Hamar ipuin berri dakarzkigu gure idazle estimatu eta miretsienetakoak. Man Booker International saria irabazi zuen 2009an. Argi eta aise, Alice Munrok berriz ere gertaera eta emozio konplexu eta zailak jasotzen ditu ipuin hauetan, gizon-emakumeak bizitzan gertatzen zaien horretara nola egokitzen diren eta nola bizipen horiek sarri buruz gain egiten dien erakusten baitu.
Orbanak, Pello Lizarralde

Orbanak / Peio Lizarralde. Hilketa bat gertatu da: herriko fabrikan lan egiten duen ingeniari aleman baten emaztea hilik azaldu da pagadi batean. Ez dakigu iheslearen izenik, soilik orbain bat duela lepoan. Ez dakigu hiltzailea bera den ala ez, baina ihesi eta ezkutuka agertzen zaigu. Liburu honetaz hitz egiteko, Donostian duzue parada urriaren 29an


Hoben-ordaina / Ian McEwan. Tallis familiaren etxalde handian, 1935. urteko udako egunik sargoritsuena dotorezia duin antzeko bat isuriz darrai. Baina adi dagoenentzako, barrutik baino suma ez daiteken disonantziak ageri dira. Askoren ustetan, Ian McEwanek idatzitako nobelarik borobilena, kutxa txinatarren antzera bere misterioak banaka irekiz doana.


Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu, Sergi PàmiesLimoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu / Sergi Pàmies. Izenburutik hasita, ohiz kanpoko liburua duzu kontakizun laburren bilduma hau. Pámiesek egunerokotasuna preso baten pazientziaz xehatu eta gure ekintza bakoitza puska bakan eta, aldi berean, ezaguterraza bihurtu du. Arruntak diren egoeretatik abiatuz, errealitateak daukan ukitu surrealista baztertu gabe, irakurlearentzat ohikoa, erosoa baina izugarria den mundua sortu du.


Bitan esan beharrekoak / Rikardo Arregi. Bizitzaz eta arteaz ari da liburua: bizitza artea ez bada ez baita bizi, eta artea bizirik ez bada ez baita arte. Heriotzaz ari da liburua, hildakoez. Amodio hitz ergelaren azpian kokatu dugun mundu zabalaz ari da liburua. Azkenik, poesiak dituen forma ia infinituetan barna ibilbide bat proposatzen du liburuak.



Irudia: Ur Apalategirekin solasaldia (cc-by-sa Egizu Getxo)