2012-05-16

Liburu usikadak -- Mordiscos de libro

Don ibaiko ipuinak, Mikhail Sholokhov

Jakov Alekseievitxek guztiok baino lehenago segatu zuen bere lur-saila. Gauetan idiak uztartu eta Maksimekin irteten zen kanpamentu-mugatik harantzago, auzo-erreserbaren lur libreetara. Izarrak iraungi, zeruak errauts-kolorea hartu eta galeperrak diana jotzen zuen alferrik; Stiopkak, gurdipean esnatauta, sega-makinaren triki-traka entzuten zuen ihintzetan, belar lapurtua ebakitzen.

Bi negutako saralea bildu zuen Jakov Alekseievitxek. Gizon zuhurra izaki, bazekien udaberrian, orga-abereak goseak hiltzen direnean, dirutza polita atera daitekeela belar-zama baten truke edo, dirurik ezean, esneko txahal bat ekarri besteren estalgunetik noberarenera. Horrexegatik handitu zuen Jakov Alekseievitxek lastategia hamar bat metroko garaieraraino. Mihi gaiztoek ziotenez, Jakov Alekseievitxek besteen belarra hartzen zuen gauez, baina harrapatu ezean ez dago lapurrik, eta bost axola gezur beltzak, lagun hurkoari leporatutako salaketa bidegabeak.




Don ibaiko ipuinak, Mikhail Solokhov