2012-02-02

Hilabetero liburu berri bat

Liburutegien plataformarekin lankidetzan

Harkaitz Canok idatzitako Twist eleberriarekin, herri-liburutegietako blogak batzen dituen plataformarekin batera eginiko lankidetza proiektua hasi dugu.

Horrela, hilabetero liburutegira heltzen diren liburuen artetik bat aukeratu eta "Eskurapenak" gunean argitaratuko dugu hilabete bakoitzeko lehenengo astean.

Baina, egia esan, tranpa apur bat ere egin dugu, liburu hau azkenengo hilabetean baino lehenago heldu zitzaigun eta. Dena dela, azken aldikotzat jo genezake Durangoko Azokarako eman bait zuten argitara eta oraindik ez delako hainbesteko denborarik igaro, ezta?

Gorka Bereziartuak Argia aldizkarirako eginiko elkarrizketa oso gomendagarrian (liburuaren bila berehala joatera bultzatzen dizuenetariko elkarrizketa mota da) Harkaitz Canok zera dio:

Politikariek hitz egiten dutenean, errelato epifaniko bati buruz aritzen dira, kontakizun bakar batek alde guztiak asebete eta nolabaiteko justizia poetikoa egingo balu bezala, eta hori ezinezkoa da. Nire ustez errelato bilduma egin behar da, errelato bat ez da inoiz inpartziala izango. Askotan esaten da: “Ni saiatzen naiz liburu batean alde bateko biktimak aipatzen baditut bestekoak ere aipatzen”. Bada, nik ez dut hain garbi ikusten, beharbada Dostoievski baldin bazara egin dezakezu, baina nik uste gurea askoz gauza apalagoa dela, errelato bilduma osatzea. Eta horretan, hau da bat, oso txikia. Arriskua ikusten dut liburu guztietan halako oreka bilatzekoa, neutraltasuna; hori politikoki zuzenaren esparruan dago, eta nire ustez ez da batere erakargarria.

Eta erakargarriagoa izan dezazuen, martxoan, autorea bera izango da eleberriari buruz solasten Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak hilabetero antolatzen dituen solasaldi literarioetan. Beraz, badakizue, martxoaren 1ean arratsaldeko zazpi t´erdietan Aldai Patronatuan.


Eguneraketa: Arantza Arzamendik ohartarazi digu liburuaren aurkezpena ere badagoela Donostian otsailaren 23an Ion Olanorekin eta liburua eskuragarri dagoela formatu elektronikoan oso prezio onean)

0 comentarios: to “ Hilabetero liburu berri bat