2011-11-07

Iban Zalduarekin Algortan

Iban Zaldua Algortan (cc-by)

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak antolatuta, Iban Zalduak bere Biodiskografiak liburuari buruz hitz egin zigun pasadan eguenean.

Hainbat diskoen kantak eragindako kontakizun laburren bilduma duzu liburua. Gehien jota bi-hiru orrialdetako ipuin laburrak dira, autoreak berea izatea lortu duen estilo zehatz batekin (azkenengo paragrafoan edo, sarritan, azkenengo esaldian bertan ipuinari buelta emateko duen ohitura hori etxeko marka bihurtuta du) eta landuak, oso landuak. Ibanek esan zigunagatik denbora gehiago ematen du idatzitakoa konpontzen, hitzak eta ideiak kontakizunera moldatu daitezen limurtzen, kontaera bera sortzen baino.

Berez asmo esperimental batekin sortuak (Nbȑ aldizkarian musikari buruz hilabetero argitaratuko ziren kontakizunak omen) nahiko emaitza 'ortodoxoa' gelditu zitzaiola aitortu zigun. Zentzuzkoa, azkenengo hau, musika eta literatura uztartzearena aspaldiko kontua izanik (gure ustez, behintzat. Puntu honetan berarekin desadostasuna erakutsi egin behar) Goethek zioenez Musika hitza bukatzen denean hasten bait da.

Demagun, adibidez, Biodiskografietatik darion Pop kutsuari ondo baino hobeto datorkion Radio Futurak E. A. Poeren Anabel Lee poematik ateratako bertsioa:



Musika nerabezaroa hezurtzeko balio zion unibertso bezala agertu zuen eta horregatik disko-ipuinek protagonistaren jaiotze-dataren inguruan kiribiltzen den zirkulua osatzen dute, The Beatles-en "Revolver" diskotik Brian Wilson-en "Smile" horretara doana, hain zuzen (amaierako Paul Weller-ena ostean sortu (eta sartu) omen zuen). Deigarria laurogeiko hamarkadan argitaratutako diskoen nagusitasuna.

Agian, interesa dakizuke Sustatun zabaldu zituzten liburua irakurtzeko gomendioak edo Armiarman Biodiskografiak liburuari buruz batutako kritikak. Azkenik, Uribe Kostako Irakurzaleen blogan, ondo baino hobeto batu dituzte Ibanek bertan esandakoak.


Interesgarriak baita ere:

  • Literatura eta Rock and Rolla, Mikel Hernandez Abaitua. Liburu honetarako idatzi duen hitz-atze oso gomendagarriaz aparte orain arte ere musikak literaturarekin duen harremanari buruz jardutakoa dugu Mikel. 


  • Hor hago Kevin, Kevin Heredia. Hainbat abestik betetzen dute Kevinen abenturak (eta burmuina) Londresen. Liburuan agertzen diren abestien zerrenda ere entzungai duzu.

  • High Fidelity, Nick Hornby. Musikari buruz diharduten eleberriak aipatzekotan, ezinezkoa liburu hau alboratzea (ingelesez edo gazteleraz baino ez) 



Iban Zalduari bere liburuaren gaineko azalpenagatik eskerrak emanez, Hornby-ren beste liburu batean (En picado) pertsonai batek Nick Drake-ri buruz ematen duen eritziaz uzten dizuegu:

Ez al duzue entzun? Txo, mundu honetako zorigaitz eta alboratu behar izan dituzun urratutako amets guztien melankolia osoa esentzia batean biltzea lortu eta pote txiki-txiki batean sartu ostean tapa jarriko balio bezala da. Eta jotzen eta abesten hasten denean pote horri tapa kendu eta haren lurrina usaindu al bazenu bezala da. Jesarlekura itsatsita igarriten duzu zeure burua, zarata-horma baten aurrean bazeunde bezala, baina ez zaude, gelditasuna delako, eta isiltasuna, eta ez duzu ezta arnasik hartu ere nahi lilura ez daiten izutu.

0 comentarios: to “ Iban Zalduarekin Algortan