2011-09-15

Liburu usikadak - Mordiscos de libro

Denboraren izerdia, Xabier Montoia

Zaldiaranera joan ohi ziren Urteberri egunean, San Bitorrera ekainean. Arabar mendigoizaleen urteroko ibilaldia osatzen zuten hutsik gabe. Mendia maite zuten, aberria maite zuten, elkar maite zuten. Bidea gauez egiten zuten batzuetan, tontorrera beste inor baino lehenago heltzeko. Iluntasuna lagun, aurreko egunetan hamaika bider aztertutakoari ekiten zioten berehala. Zaindari jarri ohi zuten bera, izerdiarekin zuen arazoa zela eta. Seguru asko, ordurako bere koldarkeriari antza eman, eta jakinen zuten edozein hotsi guztiz erne izanen zutela haiek berea burutu bitartean. Gero, handik agudo urrundu eta goiza ondo sartuta itzuliko ziren gauaren babesean egindakoa mirestera. Zelako gozatua ikurrina airean pal-pal ikustea, beste mendizaleen harridura.


Denboraren izerdia, Xabier Montoia