2011-06-07

Irakurle kluben solasaldia Literaturian



Pasadan larunbatean hainbat irakurketa talde elkartu ginen Larrabetzun, 111 Akademiaren deialdia zela medio, asteburu osoan ospatu zen Literaturiaren barne gazteengan irakurzaletasuna transmititzea zilegia ote den hausnartzeko eta horrela balitz zelan eragin daiteken eztabaidatzeko.

Beste irakurle-entzuleekin batera, bertan Basauriko Euskarabila, Meatzaldeko irakurzale kluba, Segurako euskera bulegotik, Iurretako helduen irakurle kluba eta Haur-Gazte klubaren arduradunak eta Leioako Liburutegia batu ginen (LITforoa asmoa apur bat azaltzeko asmoarekin).

Esan bezela, asmoa irakurzaletasuna gazteengan nola trasmititzeari buruz jardutea izan ze baina gaztea kontzeptua bera zalantzan jarriz hasi zen solasaldia, izan ere denok baikara gazte segun eta zein adinetik begiratzen den. Dena dela, edozein murrizketarako asmotik aldenduz, derrigortutako irakurketetatik nahita bilatutako irakurketetara egiten den saltoan zentratu ginen. Orokorrean, edade aldetik, 10-14 urte tarteetan gertatzen dena, baina edozein momentu zein egoeratan (eta edadetan) gerta litekena.

Bildutakoek, bakoitzaren irakurzaletasunaren hastapenen kontuak azaldu zituzten honen harira. Etxean irakurtzea debekaturik zeuden liburuen erakarpenetik, irakasle on baten iradokizunetara, denetarik entzun zen irakurzaletasunaren txinparta biztu zuen arrazoien aitormen antzeko hauetan.

Bestetik, irakurzaletasuna bera transmititu daitekenaren ideia ere kolokan jarri zen. Irakurzaletasuna, norbanako kontu hutsa izanik aukera pertsonala, norbanako kontu bat. Irudirik zehatzena Igorretatik bota zuten irakurtzeko zaletasuna 'Loteria' baten modukoa zela esanez. Dena dela, liburutegiok, liburudendek, irakurketa taldeek... liburu munduan barreiatutako eragileok oro har, aholkularitza eta sustatze paper garrantzitsu bat joka dezakegula zaletasun hori, pizterakoan ez bada ere, jorratzeko garaian.

Eta horra solasaldiaren ondorio muinetako batera heldu ginela: zein litzateke irakurle kluben papera? Irakurzaletasuna bultzatzea ala dagoeneko irakur zaleak direnen artean biltzeko eta gomendioak/iruzkinak egiteko abagune izatea?

Irakurle taldeak eratu eta eragiten eskarmentu handia zuen partehartzaile baten esanetan, klubetara pertsona berri gutxi agertzen dira baina, hori bai, bertan dauden guztiak ez dira zertan irakurle amorratuak izan behar. Hainbat arrazoiekaitik hurbiltzen dira taldeotara (jakinmina, ezagunen gomendioz...) eta agian lagungarri litzateke faktore horiek hobeto ezagutzea gazteengan eragin handiagoa izan dezaketen ekimenak jorratzeko, aukerak euren gune eta esparruetara eroanez eta moldatuz (Hitzak eta pizzak aipatu zen adibide gisa).

Nahiz eta pisu gehiegirik izan ez, komentatu zen baita paperetik pantailara ematen ari den trantsizioaz. Denetariko iritziak egon ziren, baina gure ustez, kontutan izan beharko genuke inoiz baino gehien irakurri (eta idatzi) egiten dela eta horren erantzule zuzenak azken urteotan bizi izan ditugun aldakuntza teknologikoak direla. Honen bidetik, irakurketa teknologi berriekin uztartzeko gogoarekin hain zuzen, lioake apur bat gorago aipatu dizuegun LITforoa, liburutegi(eta)tik bultzatu nahi den irakurketa talde birtualarena.

Solasaldian etzenez aukerarik egon (proiektorea handiegia zen hain aurkezpen xumerako eta gainera, hain erakargarria suertatu zen solaskideen antolaketa biribila trakestuko litzateke) aurkezpenarekin uzten dizuegu:




Argazkia: 2011-ko Literaturia Larrabetzun (copyright Berria.info)